Alternatibak pozik hartu du Berdintasun Saria alarde mistoei eman izana, baina merezi duten aitortza kalean ikus dadila exijitu du

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek pozik hartu du Emakundek Berdintasun Saria Irungo eta Hondarribiko alarde publikoei eman izana, emakumearen institutuak gaur jakinarazi duenez. Etxartek, alabaina, Bidasoaldeko emakumeen lana “erakundeetatik babestu eta kalean aitortu behar” dela gogorarazi du, orain dela lau hilabete gertatutakoaren harira, Herrizaingo Sailak Jaizkibel konpainiaren ibilbidea aldarazi zuenean. Agindu horren aurrean Emakundek, hain zuzen ere, hurrengo urterako berreskura zezatela lan egingo zuela besterik ez zuen esan.

Joan den irailean, Hondarribiko alardean gertatutakoak, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak ohartarazi duenez, “gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak Herrizaingo Sailaren eta erabaki polizialen esku zergatik utzi behar ez diren argi azaltzen du”. Alternatibak eta beste hainbat erakunde zein mugimendu feministak atzo indarkeria matxistaren kontrako lege aurreproiektuaren kontra eginiko salaketaren harira esan du, Rodolfo Aresek zuzendutako sailak eskumenak kendu baitizkio Emakunderi zein berdintasun politikak egun kudeatzen dituzten beste sailei.

Etxartek, azkenik, Irunen eta Hondarribian 15 urtez jai publikoen eta parte-hartzaileen alde egin duten lagun guztiak zoriondu nahi izan ditu, eta bide beretik lanean jarraitzeko dei egin die, inolako bazterketarik gabeko alarde askea lortu arte, “erakundeetatik, udal gobernuetatik hasita, jartzen dizkieten zailtasunen gainetik”.

Alternatibak indarkeria matxista propagandarako erabiltzea leporatu dio Herrizaingo Sailari

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektuaren kontra mugimendu feministek eta Lakuako teknikariek eginiko kritikekin bat egin du gaur, “Aresen sailak kosta ahala kosta  aurrera atera nahi du, Eusko Jaurlaritzaren baitan zein kanpoan gehiengo zabalaren iritziaren aurka”. Etxarteren ustez, “ez da beharrezkoa lege berri bat” egitea, egungoa garatzea baizik, emakumeen elkarteen alegazioetan jasotzen denez: “Herrizaingo Sailak protagonismoa besterik ez du nahi, indarkeria matxistaren biktimen arretan egiten duenarekin nahikoa ez duenez, orain politikoki errentagarriak bilakatu nahi ditu”.

Alternatibak “akats deitoragarria” deritzo emakumeen kontrako indarkeria segurtasun publikoaren arazo gisa jorratzeari, konponbidea bide polizialetan egongo bailitzan. Etxartek gogorarazi duenez, indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen “adierazpenik bortitzena da, baina ez bakarra”, hartara, “indarkeria emakumeen diskriminazioarekin eta zapalkuntzarekin zerikusirik izango ez balu bezala jorratzea atzerapauso larria litzateke, eta berdintasun politiken alde lan egin duten pertsona guztien kontra egitea, Herrizaingo Sailak aferaren erdigunetik kendu nahi baititu” .

Etxartek, azkenik, Aresen sailaren menpe dagoen Genero Indarkeriaren Biktimentzako Zuzendaritzari lege aurreproiektua bertan behera uzteko exijitu dio eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari  indarkeria matxistaren zergatiak eta sintomak identifikatzeko politikei behar beste baliabide emateko eskatu dio, berdintasun politikak garatu eta inplementatzeko, “bide polizialetatik bakarrik nekez lortu daitekeena”.

Erralde ixteko Lakuak erabilitako aitzakiak salatu ditu Alternatibak

Durangoko hiltegia itxieraren inguruan Eusko Jaurlaritzak erakutsitako jarrera salatu du gaur Alternatibak. Alderdiko Nazio Koordinakundeko kide Amaia Agirresarobek Osasun Sailak emandako “aitzakiak” ezeztatu ditu eta egiazkotzat jo du, aldiz, EHNE-Bizkaiak eta hiltegiko arduradunek duten susmoa, alegia, “Erraldek osasun neurri guztiak betetzen dituela jakitun itxiko duela Lakuak”. Agirresarobek gogorarazi duenez, 2008an bost egunez itxi behar izan zuten EBeko ikusketa baten ostean, eta Osasun Saila izan zen, hain zuzen ere, berriz irekitzeko baimena onartu zuena, aurkitutako hutsuneak konpondu zituztela baieztatu ondoren.

Berrizen hiltegi berria martxan jarri arte Erralde zabalik mantentzeko luzamendua eskatzen duten erakundeekin bat egin nahi izan du Alternatibak. Azkenik, Bizkaiko abeltzaintzarako Durangoko hiltegiak duen izaera estrategikoa nabarmendu du Agirresarobek, “sektoreak kalte handiak izango ditu bi egun barru ixteko mehatxua betetzen badute, baina ez dezagun ahaztu kontsumitzaileek ere prezioen gorakada eta kalitatearen jaitsiera sumatuko dituztela Bizkaiko hiltegi bakarra galduz gero”.

Hemen dira murrizketak

Asier Vega eta Amaia Agirresarobe – Alternatibako bozeramaileak

Beldurrezko pelikula batean bageunde bezala, motozerra eskuan heldu da PP Espainiako Erresumako Gobernura, murrizketak nonahi egiteko asmoz: gizarte murrizketak, eskubideen urraketak, okerrerako lan erreformak; eremu guztietan murriztu dute segurtasun indarretan izan ezik, ez dadila poliziarik falta beren haserrea kalean adierazteko prest daudenen elkarretaratzeak desegiteko. B mailako pelikula guztietan bezala, istorioa shock izugarri batekin hasi behar da, etorkizunean helduko diren ezusteko guztien aurrekari.  

Mariano Raxoiren gobernuak lehen murrizketak egin ditu: Sustapen Ministerioan (1.614 milioi), Industrian (1.091), Ekonomian (1.083) eta Kanpo Harremanetan (1.016). Hezkuntzako aurrekontuak 485 milioi euro gutxiago izango ditu; Enpleguak 439; Ogasunak 432; Osasunak 409; Nekazaritzak 401 eta azkenik, murrizketarik txikiena Defentsa Ministerioak izango du, 340 milioi eurokoa, hain zuzen.

Sustapen Ministerioa kontuan hartu gabe, azpimarratzekoa da murrizketa handienak pairatu dituztenak egoera ekonomikoa gainditu eta herritarren ongizatea bermatzeko berebiziko garrantzia dutenak izatea. Gehienei ez zaie harrigarria irudituko PPk Hezkuntzan eta Osasunean murriztea, kanpainan agindutakoaren aurkakoa bada ere. Mendekotasun Legea ere dekretu bidez geldiarazi dute, eta ondorioz mendekotasun moderatuaren maila larriena pairatzen dutenek diru-laguntzak askoz beranduago jasoko dituzte.

Aurrekontuen hurrengo biktima, legeak ezarritako aitatasun baimenaren hilabeterako luzapena ez betetzeko erabakia hain zuzen, gobernu honek aurreko exekutiboari kopiatutako oinarrizko ideia bat antzematen laguntzen gaitu: eskubideak oparoaldi ekonomikoetara mugatuko dira; gainerakoetan, hor konpon. Erantzukidetasunik batere ez; gera daitezela esplotatutako emakumeak etxean eta doazela gizonak lanera esplotatuak izatera; betiko moduan, baina orain emakumeak esplotatzen dituzte haientzat are prekarioagoa den lan merkatuan.
 
Baita pentsiodunek ere, murrizketak pairatzen dituzte gupidarik gabe, gobernuaren lehentasuna haiek zirela behin eta berriz esan arren. Raxoik kanpainan egindako promesa bakarrenetarikoa izan zen 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera pentsioen erosteko ahalmena gaurkotuko zuela. Pentsioen eguneraketa erreala, alabaina, negatiboa izango da, %1eko igoera nominalari inflazioaren igoera kendu behar zaiolako, 3 puntu inguru alegia, baita presio fiskalaren %0’75eko igoera errenta txikienen kasuan.

Jakina, betikoek murrizketak pairatzen dituzten bitartean, kosta ahala kosta   mozkinei eusten dizkieten pribilegiatu gutxi batzuk –krisiarekin edo krisirik gabe, banka beti irabazle- neurri hauei esker etekin handiagoa aterako dute. Adibidez, hor dugu Defentsak izandako murrizketa txikia, heriotzaren industriako enpresari bati eskainitako Ministerioa hain zuzen. Ba al du Raxoik potentzia etsaien berehalako erasoen beldur, edo bere maisu Aznarren pausuak jarraitu nahi ditu, Espainiako Erresuma beste guda prebentibo batean sartuz? Soilik horrela azaldu daiteke ministerio honen gastua handitzen jarraitzea, armak erosi izanagatik dagoeneko 30.000 milioi euroko zorra duenean.

Ez dugu ahaztu behar enpresari klasea garaile ateratzen jarraituko dela sozialdemokraziaren hondamendiaren eta muturreko eskuinaren areagotzea gertatu  ostean ere. Langabezia gora eta langileen lan baldintzak txarrera doazenean, gero eta pertsona gehiago behartuta dago soldata ziztrinen truke lan egitera. Gobernu neoliberal baten logikaren menpe egonda ere, zentzuzkoa zirudien Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatak igoera nabarmena izatea, enpresariek urteotan krisian egon direnen lepotik gehiago ez aberasteko. Ba ez da hala izan, Raxoik gutxieneko soldata bere horretan utzi du, Europako sailkapenean gero eta gehiago hondoratuz.

Gobernuaren buru argietan ez dago langabezia murriztu ahal izateko edo sektore publikoetan zerbitzuak eta lana sustatzeko asmorik. Lan orduak gehiagoren artean banatu ordez, lanaldiak handitzea eta bajak ez ordezkatzea erabaki du, zerbitzu publikoen kalitatea murriztuz. Hala, ordaintzeko ahalmena dutenek, zerbitzu pribatuak kontratatzera bultzatuko dituzte; enpresari handientzat negozio borobila izango da, duda barik.

PPren politikarekin arduratu behar ez direnak krisiaren sorreran ardura gehien izandakoak dira. Gastu soziala murrizten duen bitartean, Raxoiren exekutiboak finantza sisteman ehun mila milioi euro txertatzeko asmoa dauka banku bermeen bitartez. Merezi du kopurua zenbakietan irakurtzea. Adi: 100.000.000.000€! Ezinezkoa da bankuek abal hauek erabiltzea eta EBZaren zakutik etekinak ateratzen jarraitzea, baina Mario Draghi Goldman Sach ohiak iturria itxi bezain laster, hortxe izango da diru kopuru lizun hori, finantzen kasinoan jolasten dutenen eskura. Hori gutxi balitz, eta PFEZaren igoera positiboa baina aldi baterakoa gertatu arren, etxebizitza izateagatik eginiko kenkaria berrezartzeak helburu argi bat dauka: etxebizitza merkatua berpiztea eta burbuila berriz puztea; izan ere, adreilu gehien pilatu dutenek bereziki egindako eskaera da hau.

Eta hau hasiera besterik ez da; gehiegikeria berriak dagoeneko iragarri baitira: soldata murrizketak, pribatizazioak… hemen izango dira, martxoaren 25rako asko jota; Andaluzian hauteskundeak egiten diren egunean, hain zuzen. Beldurrezko filmetatik ikasi dugunez, gaizkileak taldetik aldentzen direnak hiltzen ditu lehenengo eta behin. Horregatik, borroka guztiak, gizarte mugimenduak, sindikalak zein mugimendu politiko ezberdinak artikulatu behar ditugu, murrizketei aurre egiteko eta hauek gure onurarako izatea lortzeko. Zapalkuntzaren logikaren aurka borrokatuko dugu aurrez aurreko logikaren bitartez, erresistentziaren bidez eta alternatibak proposatuz. Ezkerra hegemonikoa izan daiteke Euskal Herrian eta gure langileria defendatzeko oinarriak ezarri behar ditu. Gainera, gure apustu internazionalistatik, Espainiako Estatuko langileekin batera ere borrokak artikulatzeko ahaleginean jarraituko dugu. Borrokak aurrera darrai. Dagoeneko hemen dira, baina gu ere bagaude, eta aurrean izango gaituzte.

Alternatiba saltoki txikien eta sektoreko lan baldintzen defentsan atera da kalera

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek, alderdiko hainbat militanteekin batera, merkataritzan ordezkaritza duten sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, eta UGT) Bilbon antolatutako kontzentrazioan parte hartu du gaur. Salatu duenez, saltokiak jai egunetan irekitzeak, “saldu nahi digutenaren kontra, dagoeneko lan baldintza kaskarrak dituen sektore batean prekarietatea zabaltzea besterik ez dakar”, horregatik babesten ditu Alternatibak sindikatuen eskaerak.

Antolatzaileek bezala, jai egunetan irekitzeak merkataritza eta enplegua sustatzen dutenik ezeztatu du Etxartek, izan ere, “azkenean saltoki txikiei kalte egiten die, lana eta familia uztartzea eragozten die langileei – emakumeei bereziki – eta, batez ere, saltoki handiei mesede egiten die, 365 egunez eta 24 orduz kontsumitzeko kultura noiz ezarriko den zain daudelako”.

Era berean, Opencor etxeak (El Corte Ingles enpresaren filiala) Gasteizen denda bat irekitzeko iragarritako asmoa salatu du Alternatibak, “langileei esklabutzatik gertu dauden lan baldintzak ezartzen dizkietelako ezaguna baita, enpresaburu handiek irabaziak biderkatzeko gero eta  gehiago darabilten bidea”.

Asko dago egiteke

Jonathan Martínez eta Xabi Soto – Alternatibako bakegintza eta Normalizazio Mahaiko kideak

Euskal Herriak nekez ahaztuko du amaitu berri den 2011. urtea. Denbora honetan, egoera berri batera eraman gaituzten urrats erabakigarriak egin dira. Askotan desiratu eta amestu izan dugun egoera bada ere, berria eta ilusioz beterikoa da, hainbat ziurtasunez eta zalantzaz blai. Urtea amaituta, hainbat ziurtasunetatik abiatu gaitezke, lehen amesten ere ausartzen ez ginenak, berriro ere bertan behera geldituko ziren beldurrez.   

2011 urtean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bat egin du Gernikako Akordioarekin, bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustu argi eta garbia zehaztu dutelarik. Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziak, gatazkaren sozializazioaren inguruko aspaldiko oztopoak gainditzea lortu zuen. ETAk bere ekintza armatua behin betiko eteteak, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak inoiz bizi izan ez duen egoera berri bat eragin du. Amaitzeko, Gernikako Akordioak bazterketarik gabe indarkeria guztien biktima oro aitortzeko ekitaldia ospatu zuen.

Guzti honek ilusioa eta itxaropena ekarri dio bere indar guztiekin gatazkaren eraldaketa eskatzen duen herri honi, ezberdinen arteko borroka politikoan soilik oinarrituko den testuinguru baten alde.

Hala ere, Espainiako Gobernuaren mugikortasun ezak dirau, lehen PSOErekin, orain PPrekin. Justiziaren politizazioak ere indarrean jarraitzen du, Bateragune auzia edota Sorturen ilegalizazioa aurrera eraman dituzten epaiekin. Bihozminez ikusten dugu nola biktimak era zikinean erabiltzen diren, eta nola 40 urte luzez pairatutako diktaduran bide bazterretan eta hobi komunetan lurperatutako milaka pertsonen alde ezertxo ere egiten ez duten.

Presoekiko hartzen diren neurri bereziekin ere ikusten dugu, demokraziaren inolako zantzurik gabe. Esaterako, hor ditugu Parot doktrina, sakabanaketa eta gaixotasun larriak pairatzen dituzten pertsonek preso jarraitzea, gazte independentisten jazarpena eta, oro har, estatuaren botere ezberdinek erabiltzen duten indarkeria mota anitzen irautea.  

Eta errealitate mingarri honen aurrean beste alde batera begiratzen dutenek, guztion artean historia idaztea sendagarri miragarria bailitzan aurkezten digute; memoriaren lerro historikoa mantentzen dugunoi, bizitakoa ahazten eta aurrera egiten galarazten digun gezur sinestezina besterik eskaintzen ez digutela.   

Ezin dugu onartu gatazkaren erroak denbora gehiago lurperatuta irautearen aldeko tesia gailentzea, dagoeneko konponduta dagoen kontua izango balitz, eta gatazkaren inguruan ezer egitea komeniko ez balitz bezala.  

Madriletik ezarri nahi diren tesi zentralizatzaileen aurrean ezin gara geldirik egon ezta isildu ere, Euskal Herrian bagarela eta erabakitzeko eskubidea badugula onartu arte, bidea luzea izango bada ere, abiapuntua zenbat eta atzerago egon are gogorragoa izango delako.  

Ondorioz, garaile eta garaiturik gabeko behin betiko bake justua nahi dugunoi dagokigunez, ez da gure burua zoriontzeko momentua. Ezta euskal gizartean ere, amnesia eragiten duen balizko botika horrek gatazkaren oinarri politikoak gainditzea galarazten duelako.

Berebizikoa da egun dirauten korapiloak askatu eta eginiko urratsak indartuko dituen lan agenda sortzeko gai izatea. Alternatibatik, euskal gizartetik euskal gizartearentzat sortu beharreko agenda dela uste dugu, prozesu luze honetan herritarrek lehentasunezko papera joka dezaten.

Hasi berri dugun 2012. urtean kalean egon behar dugu, lehenengo aukera urtarrilaren 7koa dugu, Bilboko kaleetan euskal preso politikoen kolektiboaren eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko.

Eztabaidaren erdian, bestelako indarkeria mota batzuk indarrean jarraitzen dutela eta egoera horrek euskal gizartearen gehiengoaren nahiekin talka egiten duela kokatu beharra dago. Indarkeria hau maila eta era ezberdinetan erabiltzen da, bai sakabanaketaren, bai torturatzaileen erru-gabetzeen, bai poliziaren errepresioaren edota justiziaren politizazioaren bitartez. Guztia, duela denbora asko kalean egon behar liratekeen euskaldun asko preso mantentzeko asmoarekin besterik ez.  

Salaketaren bidez, herri honetako aukera politiko guztiak barneratuko dituen konponketaren aldeko elkarrizketa prozesu baten alde egin behar da, non euskal gizartea zuzenean eta momentu oro protagonista izango den.

Soilik horrela, indarrak metatuz eta gehituz, bestelako alorretan dagoeneko egin den bezala, oraindik dirauten oztopoak gainditzeko gai izango gara. Traba hauek, elkarrizketaz beldur direnek jartzen dituzte, haien planteamenduen sendotasun eskasa eta jarrera demokratiko eza agerian gelditzeaz beldur direlako, hain zuzen ere.

Oztopo guztien gainetik, Alternatiban ziur gaude lehenago edo beranduago, euskal herritarrek pertsona guztion eskubide guztiak errespetatzen diren herrian bizi direla harrotasunez esateko moduan izango direla.

Alternatibak euskal presoen eskubideen aldeko larunbateko martxa historikoan parte hartzeko deia egin du

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Euskal Herriko herritar guztiei dei egin die larunbat honetan euskal presoen eskubideen alde Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio nazionalean parte hartzeko. Esan duenez, “deialdi historikoa” izango da, lehenengo aldiz egingo delako ETAk jarduera armatua lagatzeko iragarkiaren ondoren eta eragile desberdinek iaz eginiko urrats desberdinen ostean, EPPK-k Gernikako Akordioarekin bat egin izana edota honek biktima guztiak inolako bazterketarik gabe aitortu izanaren ondoren, besteak beste.

Guzti honengatik, Matutek martxa “jendetsua” izango dela aurreikusi du: “Dagoeneko inork ezin baitu aitzakiarik jarri salbuespena eta mendekua oinarri dituen espetxe politikaren amaiera ez eskatzeko, indar politiko eta sozial guztiek sakabanaketa politikaren amaiera eskatu behar diete Madril eta Parisko gobernuei, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna galdegin behar diete eta presoen zein hauen ingurukoen kontra hartutako ad hoc neurriak desagerrarazteko”.

Talde ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, justizia alorretik inposatutako irizpideak deitoratu ditu, “agerian utzi dituelako epaileen politizazioa eta demokrazia gabezia, elkarretaratzean preso politikoei buruz hitz egitea ere debekatu dutelako”. Honen aurrean, “pertsona guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzeko berriz ere kalera ateratzeko deia” berretsi du.

Isabel Otxoa, etxeko langileen Bizkaiko elkarteko kideak, langile hauen egoera zailaren berri eman digu

AlternaTB-k Isabel Otxoa elkarrizketatu du, EHUko irakasle eta Bizkaiko Etxeko Langileen elkartekokideak. Etxeko langileen errealiateaen berri ematen du bideoan, eskubide gabeziak eta azken hilabeteetan emandako lege aldaketen inguru hausnarketa egin du.

Gaurkotuta: 2012ko urtarrilean sartu dira indarrean Isabelek aipatzen zizkigun aldaketetako batzuk, merezi du, hala ere, gabezia handiak direla ikusteak.

2012ko Urtarrila

Hemen dira murrizketak

Gehienei ez zaie harrigarria irudituko PPk Hezkuntzan eta Osasunean murriztea, kanpainan agindutakoaren aurkakoa bada ere. Mendekotasun Legea ere dekretu bidez geldiarazi dute, eta ondorioz mendekotasun moderatuaren maila larriena pairatzen dutenek diru-laguntzak askoz beranduago jasoko dituzte.

http://alternatiba.net/idazlanak/1475/hemen-dira-murrizketak

Kutxabank pribatizatzeko bidean dago

Izaera publikoa kalean defendatu beharra dugu, eremu estrategikoa eta oinarrizkoa da. Guk ere badugu estrategia. Haiek geldiarazi behar ditugu, garaiz gaude. Aurre egin behar diegu, erantzuteko ardura dugu, borroka eta konfrontazioa gakoak izan behar dira abagune historiko honetan. Banka publikoa, soziala eta gardenaren alde. Pribatizazioari ez!

http://alternatiba.net/es/idazlanak/1471/kutxabank-camina-hacia-la-privatizaci%C3%B3n

Goian bego sozialdemokrazia

Amaitu berri den urtean nazioarteko egoerari dagokionez, politikoki eragin izan duten gertaeretako bat azpimarratu behar bagenu, mundu mailako krisiarekin, Europako konstituzioaren porrotarekin edota Durbanen klima aldaketari aurre egiteko ezintasunarekin batera, askoz ere oihartzun txikiagoa izan duen gertakaria eman da, ondorio politiko garrantzitsuak dituen arren: Europako sozialdemokraziaren heriotza, hain zuzen ere.

http://alternatiba.net/idazlanak/1495/goian-bego-sozialdemokrazia

Alternatibak indarkeria matxista propagandarako erabiltzea leporatu dio Herrizaingo Sailari

Alternatibak “akats deitoragarria” deritzo emakumeen kontrako indarkeria segurtasun publikoaren arazo gisa jorratzeari, konponbidea bide polizialetan egongo bailitzan. Etxartek gogorarazi duenez, indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen “adierazpenik bortitzena da, baina ez bakarra”, hartara, “indarkeria emakumeen diskriminazioarekin eta zapalkuntzarekin zerikusirik izango ez balu bezala jorratzea atzerapauso larria litzateke, eta berdintasun politiken alde lan egin duten pertsona guztien kontra egitea, Herrizaingo Sailak aferaren erdigunetik kendu nahi baititu” .

http://alternatiba.net/idazlanak/1487/alternatibak-indarkeria-matxista-propagandarako-erabiltzea-leporatu-dio-herrizaingo-s

Eraldaketa sozialaren alde: Erantzuna gure esku – Gure esku erabakia

Herri honetako eragile sozial, sindikal eta politikoek, bakoitza bere esparruan eta ahal balitz denok batera, martxan dagoen erreforma neoliberalari eta zentralizazio prozesuari aurre egin beharko geniokeela uste dugu.

http://alternatiba.net/idazlanak/1503/eraldaketa-sozialaren-alde-erantzuna-gure-esku-%E2%80%93-gure-esku-erabakia

Alternatibak Abortuaren Legerik atzerakoiena berreskuratu nahi izatea leporatu dio Gallardoni

Alternatibak, aurretik PSOEk onartutako erreformak “gabezia handiak” zituela salatu zuena ez zuelako abortua zigor kodetik ateratzen eta sistema publikoan abortatu ahal izateko bermeak jartzen ez zituelako, “iraingarria” iritzi dio ministroak “bizitzaren defentsa” gisa aurkezteari benetan “patriarkatuaren indarkeriaren aldaera bat” dena.

alternatiba.net/idazlanak/1506/alternatibak-abortuaren-legerik-atzerakoiena-berreskuratu-nahi-izatea-leporatu-dio-ga

Alternatibak ohartarazi du Raxoiren lehen murrizketek ahulenei kalte egiten dietela

Matuterentzat “deitoragarria” da urtean 9.000 euro gordin baino gutxiago kobratzen duten langileen erosteko ahalmena, berez hirugarren munduko herrien parekoa, hirugarren urtez jarraian murriztea, Zapaterok ez baitzuen Gutxieneko Soldata KPIaren arabera gaurkotu.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek gaur ohartarazi duenez, Mariano Raxoiren Gobernuak iragarritako aurreneko murrizketek izaera “neoliberal” nabarmena dute eta “ahulenei kalte egingo diete, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata jasotzen dutenei eta alokairurako laguntzen onuradunei kasu”.

Ministroen kontseiluak bihar onartu dituen neurriak salatu ditu Matutek, Gutxieneko Soldata bere horretan uzteko asmoa bereziki, egungo kopurua “ezin eskasagoa baita, hilero 641,4 eurokoa, hain zuzen”. Alternatibatik gogorarazi dutenez, Espainiako Erresuman ezarritako gutxieneko saria, berez, Europako baxuenetarikoa da, 15 kideko batasunean Portugalen gainetik besterik ez dago eta Irlanda, Belgika edo Frantziakoaren erdia da.

Alderdi Popularrak Madrilgo legebiltzarrera urtarrilean eramango dituen aurreneko murrizketa hauek iragartzeko unearen harira, ezkerreko alderdiaren bozeramaileak Raxoiren exekutiboaren jarrera salatu du: “ez dute lotsarik erregearen soldata 293.000 eurokoa dela esateko langileen 641 euroko soldata erreala izozten duten bitartean”. Era berean, alokairurako laguntzen amaiera salatu du, “erret familiak aitortutako aurrekontuarekin Euskal Herriko 7.000 gazteren urte erdiko laguntzak ordaindu” daitezkeela gogorarazita.

Matuterentzat “deitoragarria” da urtean 9.000 euro gordin baino gutxiago kobratzen duten langileen erosteko ahalmena, berez hirugarren munduko herrien parekoa, hirugarren urtez jarraian murriztea, Zapaterok ez baitzuen Gutxieneko Soldata KPIaren arabera gaurkotu. Alternatibatik gutxieneko sariaren “berehalako” igoera eskatu dute berriz, 1.000 euroraino lehenengo eta behin baina igoera berri eta progresiboekin datozen urteei begira. Izan ere, kopuru hori Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Europako Legebiltzarrak proposatzen dutenaren azpitik ere dago.

Azkenik, Alternatibak “ezkerreko indarren elkarlanera” deitu du berriz, “kargua hartu berritan Madriletik iragartzen hasi diren neurri atzerakoiei aurre egin ahal izateko”.

X