Alternatibak Boliviako herria eta MAS-IPSP zoriondu ditu hauteskundeetako garaipenarengatik

Alternatibako Mahaia Internazionalistatik, Boliviako herria eta MAS-IPSP zoriondu nahi ditugu.

Joan den igandean, urriak 18, lortutako garaipenagatik zoriontzen ditugu, dagoeneko lehen itzulian garaipena bermatuta dagoela dirudienean, bi ganberetan gehiengoa izanik gainera.

Boliviako herri ezberdinen ahotsa eta itxaropenak dira, Boliviako Estatu Plurinazionalarenak oro har, buen vivir delakoarena, subiranotasuna eta duintasuna metatzen ari diren borroka historikoenak. Esan eta aurreratu egiten zuten: “Milioika garela itzuli gara”. Eta, hain justu, urriaren 12 Erresistentzia Indigenaren egunetik astebetera.

Urtebete igaro da Estatu kolpetik, potentzia handien babespean, enpresa transnazional batzuen eta Boliviako armadaren zati baten babesarekin. Boliviako herriaren gehiengoaren interesa eta asmoetatik kanpo zeuden. Baina ezin izan dute, hauteskundeetan behintzat.

Orain askatasun ezberdinak sendotzeko garaia da, errealitatea gehiengoen alde eraldatzeko, Abya Yalako eta herri ezberdinen arteko borrokak lotzeko garaia izango da, eta horretan, gure herria, zuen alde egongo da. Jallalla Bolivia!

Del Rio «Gizarte-eredua bera dago jokoan, oraingoa zein hurrengo belaunaldiei utziko dieguna»

Alternatibaren Koordinadora Nazionala bildu da gaur, pandemia hasi zenetik lehen aldiz aurrez aurre, eta ia osorik.

Gure jarduera politikoa gidatuko dituzten ardatz nagusiak berretsi eta ezagutzera emateko asmoa dugu, erakundeei begira EHBilduren bitartez, eta batez ere, kaleetan gauzatuko ditugunak. Ez baitugu zalantzarik, kaleak aldarrikapenez beteko direla dagoeneko pairatzen hasiak garen murrizketen aurrean.

Egoera honetan, argi dugu txertoa iristeko behar den denbora baino askoz gehiago dugula jokoan; gizarte-eredua bera dago jokoan, ez soilik oraingoa, baita datozen belaunaldiei utziko dieguna ere. Horregatik, bizitza eta zaintzak ekintza politikoaren erdigunean jartzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Baina ez, noski, Urkullu lehendakariak egunotan egin bezala. Bizitza erdigunean jartzeaz hitz egin du, baina bitartean azpiegitura handiak defendatzen dituela, eta Europako funtsak makro-enpresei eman nahi dizkiela.

Tamalez, gobernuak baliabide gehiago erabiltzen ditu sindikatuak eta ezinbesteko sektoreetarako langileak kritikatzen, haiekin bildu eta konponbideak bilatzen baino. Osasungintzaz, hezkuntzaz eta zaintzaz ari gara. EAJri gogorarazi nahi diogu manifestazioak eta grebak ez direla soilik tresna legalak eta legitimoak, baizik eta ezinbestekoak ere badirela, administrazioak arduragabekeriaz jokatzen duenean.

Izan ere, bizitza erdigunean jartzea ez da lelo huts bat: feminismoak erakutsi digun bezala, proposamen erabat eraldatzailea da. Gure egiturak eta antolatzeko moduak birpentsatzea da, bizitzari duintasunez eusteko eta zaintzeko balio dezaten. Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, elikadura eta kultura bermatzea da, guztion artean eta benetan pertsona guztientzat erabakitzen dugun moduan, bigarren edo hirugarren mailako herritarrik gabe, gaur egun bezala. Eta generoa, klasea, arraza eta jatorria kontuan hartuta egitea da, berdintasun faltsuaren mantra neoliberalen aurrean, aldagai horiek erabakigarriak direlako.

Pertsonen bizitza duina bermatzea inoiz baino beharrezkoagoa den egoera bati aurre egin behar diogu, eta ez soilik osasun arloan; hor dugu Madril, politika neoliberal larrienen laborategi gisa, nahiz eta, hemen ere, diru publikoa gutxi batzuen aberastasuna babestera joan den, eta ez gehiengoaren egoera zaila arintzera.

Alternatibatik argi diogu pairatzen ari garen errealitate honek bi aterabide dituela: bata, gauza berdinak egiten jarraitzea da, prekarietatea eta bazterkeria zabaldu beraz. Jendearen beharrei erantzuteko gero eta desagertuago ageri den estatu batekin, zein eliteen interesak defendatzeko presente dagoena. Bigarren bidea, eredu bidegabe eta insolidarioa eraldatzean datza, erdigunean bizitza jarri eta politika publikoak egingo dituen beste eredu baterantz. Ekonomia politikaren zerbitzura dagoen tresna bilakatu dadin, eta ez aldrebes, orain arte bezala. Guztion porrota izango delako datozen belaunaldiek beren gurasoak baino okerrago bizitzera kondenatzea, norabide berean jarraituz gero hala izango dela jakin arren.

Krisi-garaiek arriskuak dakartzate, beldurrak autoritarismoa eta erregresioa babestea ekar dezakeelako. Eskuin muturrak argi dauka, baina guri ezkerraren erantzunaren parte izatea dagokigu. Faxismoaren gezur bakoitza desmuntatu behar dugu, eta haien diskurtso atzerakoiak kontra-programatu behar ditugu, pertsona guztien eskubideak zabaltzen dituzten proposamenekin. Ezin dugu onartu beren helburua lortzea, pobreen arteko gerra ematea alegia, aberatsa gero eta aberatsagoa den bitartean.

Horregatik, eskuinak okupazioaren alarma asmatzen duenean, datuak eskuan erantzutea tokatzen da; baina batez ere, Santurtzin 88 urteko emakume bat putre-funts batek bere etxetik bota nahi duenean, etxegabetzeen aurkako mugimenduarekin batera bere ondoan egotea tokatzen zaigu. Kasu gehiago daude, Bilbon eta Hernanin esaterako. Izan ere, etxebizitzako dramarik handiena, oraindik ere, etxegabetzeak dira. Banka handia, okupazioaren inguruko kanpaina faltsuaren atzean dagoena, iragartzen hasi da berankortasuna hazi dela eta “Berreskuratze” departamentuek, desjabetzeak eskatzen dituztenak alegia, lana izango dutela.

“Diktadura feministaz” eta indarkeria matxistaren aurkako “salaketa faltsuez” hitz egiten dutenen aurrean, desberdintasunarekin hausteko apustua egin behar dugu, lan guztia banatuz, bai ordaindutakoa, bai ordaindu gabekoa, gehienetan emakumeen esku dagoena. Eta gainditu behar ditugu emakumeek zaurgarritasun handiagoa izatea eragiten duten arrakalak.

Migrazioari lotutako alarmen aurrean, eskuinaren tranpak saihestu behar ditugu, elkarbizitzarako eta elkartasunerako espazioak sortuz. Negazionismo desarrollistaren aurrean, kontuan izan behar ditugu ingurumenaren muga fisikoak; izan ere, naturari bizkarra ematen jarraitzen badugu trantsizio ekologikoari benetan aurre egin gabe, etorkizuneko krisia behin betikoa izan daiteke.

Lan-eskubideetan atzera egiteko borondateari, lan-erreforma indargabetzearekin erantzun behar diogu. Eta desmemoria partzial eta interesatuari aurre egiteko, indarkeria guztien biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu behar dugu.

Hori da Alternatibatik egiten dugun irakurketa politikoa; jendearen benetako beharrak duintasunez konpontzeko helburuarekin, arlo publikoari zein komunitarioari dei eginda, zaintza eta bizitza lehenetsiko dituen sistema batera igarotzeko bidean. Datozen hilabeteetan gure urratsak gidatuko dituen irakurketa da, bai Euskal Herria Bilduren baitan, bai gure ahalegin militantean, kaleetan, borroken sozialen aldamenean.

 

Alternatibak salatu du Torraren inhabilitazioa Kataluniako herriaren subiranotasunaren aurka doala

Quim Torra Generalitateko presidentearen inhabilitazioaren aurrean, Alternatibako Koordinadora Nazionaletik gure elkartasuna adierazi nahi diegu, berarekin zein Kataluniako herri osoarekin, eta besarkada handi bat bidaltzen diegu.

Preso politikoen askatasuna eskatzeko pankarta bat eskegitzeagatik eta erbestera behartuak izan direnak itzultzea askatzeagatik demokratikoki aukeratutako ordezkari bat kargugabetzea, Kataluniaren adierazpen askatasunaren eta herri subiranotasunaren aurkako erasoa da.

Kataluniako independentismoaren eta subiranismoaren kontrako auzi guztiak salatzen ditugu, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurkako jazarpen politikoa dakartelako. Horregatik, autodeterminazioaren erabilera legitimoa defendatzeagatik errepresaliatutako pertsona guztien askatasuna eskatzen dugu.

Estatuko aparatuen enegarren azpijokoaren aurrean gaude, inposizioaren bideetara jotzen duena, auzitegien esku-sartzearen bidez, herri katalanaren herriaren borondateari gailentzeko.

Azkenik, Euskal Herritik gure babesa erakusten dugu eta gure indar internazionalista guztia bidaltzen diogu kalera ateratzen ari den Kataluniako herriari, estatuaren zapalkuntza antidemokratiko horri aurre egiteko, beste behin ere, auzitegien bidez inposatzen baitu hautestontzietan irabazi ezin duena.

X