ETAren komunikatuaren aurrean

Alternatiba osatzen dugun pertsonek berri ontzat dugu ETAk bere ekintza armatuak eteteko erabakia; izan ere, urte gehigiren buruan luzatu den gatazka konpontzeko abagune historikoa delakoan gaude.

Nahiz eta jakin badakigun indarkeria oro amaitzeko behin betiko pausuak emateko lan handia dagoela aurretik, herri honek nahi duen bake eta eskubide demokratikoen testuinguruak herritarren mugimenduari eta eragile sozial, politiko eta sindikalen aldeko lanari esker iritsiko beharko duela ziur gaude. Ezin dugu ulertu itxaropenerako zantzuak ikusteko gai ez direnen eta herri honen borondate nagusiarekib bat ez datozen ukatze estrategia antzuekin tematzen diren horien jarrera.

Esandako guztien harira, bakeak eta elkarrizketak giza eskubideen zein eskubide zibil eta politikoen urraketa atzean utziko duten garai berrirako elkarkidetzara deitu nahi dugu. Bide baketsu, politiko eta demokratikoekin atxikitzeko konpromisoa dugu eta geure egiten ditugu Mitchell printzipioak edozein eskubideren urraketa gainditzeko oinarrian. Honexegatik, ETAri argi eta garbi printzipio hautara lot dadin eskatzen diogu, eta Espainiako Erresumako Gobernuari dei egiten diogu arduraz eta interes berekoiei men egin gabe erantzun diezaion herri honetan irekitzen den aukera testuinguru honi.

Euskal Herria, 2010eko irailaren 5ean

Abangoardia eta esklusiorik gabeko ezker berria helburu> Mikel Asurmendi (Argia)

Ander Rodriguez  (Donostia, 1982) eta Ander Santiago (Gasteiz, 1969) Alternatiba eta Zutik alderdietako kideei Argian argitaratutako elkarrizketa.

Ander Rodriguez: ” Ezkerrak ez du jakin sistemaren alternatiba sendo bat sortzen, areago, kasu askotan boterearen oposizio formala izaten konformatu da, eta oposizio formalak ere boterea sendotzen du”.

Ander Santiago: ” Azken urteotan Aralar, Alternatiba, Alderdi antikapitalistak proiektu berriak agertu dira. Ezkerraren desantolaketa garaia dela dirudi, baian ez da gustiz horrela,  ezkerra bere bidea argitu beharrean ari da. Euskal Herrian bereziki, indarrak berrantolatzen ari dira zerbait berria eskaintzeko”.

Jon Sarasua: “Deserosoa da, adibidez, progresismotik desinstalatzea”

Diario Vasco– Jon Sarasua: “Deserosoa da, adibidez, progresismotik desinstalatzea”> Felix Ibargutxi

Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) Lanki ikerketa zentroan ari da lanean. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean du bere kokapena ikertegi horrek, eta bere egitekoa errrealitate kooperatiboa eta autoeraketa disziplina anitzetatik ikertzea da. Bagara izeneko egitasmoa da gaur egun Lankiren egiteko garrantzitsuenetako bat.
 
– Zer da Bagara?
– Herrigintza prozesu bat, Debagoiena bailarako gizarte eragile desberdinek sortua eta eskualdeari begira egina. Autoeraketa du ipar, bailarako gizarte aktiboa gehiago saretzea, eta jardun berriak sortzea. Lehengo martxoan egin genuen aurkezpena, Arrasaten, bailarako era askotako talde batzuk partaide zirela. Bedera-tziehun lagun inguratu ziren ekitaldira. Hala ere, poliki-poliki doan prozesu bat da.
 
– Zein dira helburuak?
– Helburuak baino gehiago, norabideak. «Oinarriparrak» deitu diegu. Batetik, euskaltasunetik biziko den bailara nahi dugu, horretan esperimentalak izan. Bestetik, autoeraketaren eskualdea izan nahi dugu, bai kooperatibagintzan eta bai beste alorretan. Iraunkortasuna dugu hirugarren iparra, desarrollismoaren garaia buka-tzera deitua dago, eta zentzu batean «pobreagoa» izango den gizarte bateranzko trantsizioa prestatzen hasi behar da. Elkartasuna da laugarren iparra, balore izpiritual eta politiko oinarrizko hori, herrigintzan oso gauza zehatzetan konkretatzen dena.
 
– Martxoan egin zen Bagara-ren aurkezpena, eta lantalde batzuk jada martxan daude.
– Hezkuntza eta kooperatibagintza arloa aparte utzita, sustapen arloan bederatzi esparrutan ari dira taldeak lanean. Euskalgintza; inmigrazioa; gazteen konpromisorako heziketa; kulturgintza; jubilazio aktiboa; nekazaritza; etxebizitza; kontsumoaren humanizazioa; eta iraunkortasuna. Esparru hauetako bakoitzetik proiektuak sortuko dira urte bukaerarako, gizarte antolatutik abiatutako proiektuak: enpresa txikiak, programak edota sareak. Dena dela, hau norabide bat da, lasaia. Dena ez da aterako, edo agian bikoitza. Eta ikusiko dugu alor bakoitzak zer ematen duen. Interesgarriena, hala ere, nire iritzian, guztien arteko konexioa da.
 
– Eta proiektu zehatzak jarri dira jadanik mahai gainean. Horietako bat inmigranteekin kooperatibaren bat sortzea, ala?
– Hori adibide posible bat da, beste hainbaten artean dagoena. Nolahai ere, inmigrazioaren gaia lantzen ari den herritar taldearen esku dago azkenean hori proiektu moduan planteatzea. Esparru bakoitzak ze gaitasun izango duen proiektuak planteatzeko, jendea biltzeko eta gero gauzatzeko, ikusiko da. Une honetan ez dugu inongo proiekturekin fijazio berezirik, pila bat daude ernetze bidean.
 
– Zer erakutsi dizute Brasilgo lurrik gabekoen mugimendukoek?
– Ikasketa handi xamarra sentitzen dut hor. Nekazari mugimendu bat da, eta aldi berean munduko mugimendu sozialik antolatuena, askoren ustez. Bizitza osoa berrantolatzera behartuta daude, eta arlo askotan dituzte ekarpenak. Adibidez, ospatzeari buruz zer ikasi handia izan dut handik.
 
– Gizarte honetako kontraesan handi bat: bere burua ezkertiartzat eta «jatortzat» duen jende askok kontsumo ohitura desegokiak ditu edota, areago, moden menpe bizi da.
– Ezker kultura mota batek jendea ohitu du ardura besteei, goikoei, kapitalismoari eta abar egoztera. Euskaldun progresistak, ordea, bere barnean dauka arazo nagusia, kontraesan intimoa. Norbere bizitza moldearen koherentziatik proposamen politiko globaletara badago hari bat. Hari hori da interesgarria gaur egun, gainerako gehiena diskurtsoa da. Kontsumo mailarena, adibidez, une honetan gako unibertsal bat da, eta ez dago tranparik: norberetik hasten da.
 
– Azpimarratu izan duzu gazteekin lan egin beharra dagoela, formazio soziopolitiko bat eman behar zaiela.
– Eman, edo beraiekin eraiki. Garai batean izan ziren hazitegi batzuk (Herri Gaztedi edo Joc bezalakoak) gaztaroko emankortasuna eta gauzak aldatzeko gogoa bideratzen lagundu zutenak, eta hortik hainbat gauza sortu zen. Gaur egungo belaunaldi gazteenak hezkuntza soziopolitiko eta ekintzaile bat eman dezaketen zirkuituetatik kanpo daude. Gauzak ilun ikusten dituzte, baina arrazoibideak eta ekintzak uztartzeko tresna ba-tzuk falta zaizkie. Hezi nahi dutenentzat espazio horiek antolatu nahiko genituzke.
 
– Kafe Antzokiaren ereduari buruz ere egin duzue gogoeta.
– Gai hori, egia esan, nahiko hasieran dago. Sorkuntza eta ospakuntzaren gune bat sortzea hor dago ideia moduan lantzeko, baina ez du zertan kafe antzoki bat izan, berpentsatu beharra dago. Galderak sortzen dituen gai bat da, momentuz.
 
– «Euskaraz eta kitto» bezalako esloganak gaitzesten dituzu.
– Tira, esan nahi nuen ez dela ideia ona helburuaren formulazioa potoloa izatea, eta benetan lortu dezakegunetik urrun egotea. Hori gertatu da aurreko belaunaldian ‘iraultza’ bezalako kontzeptuekin, eta bai Euskal Herri euskalduna lortzeko ideiarekin ere. Ametsak beharrezkoak dira, baina errealitetik hara egin daitekeen zubiak egingarria izan behar du. Euskaldunok hizkuntza komunitate minorizatu bat gara, gure lurraldean bertan minoritarioa, irekia eta komunitate moduan ahalmen-guneak eraikitzen asmatu behar dugu. Askotan gertatu da amets potoloetatik pasatzea amets ororen dimisiora, penduluan bezala. Amets bizigarriak behar ditugu.
 
– «Ikasmena» hitza entzun izan dizut. Zer da hori?
– Ikasteko ahalmena. Belaunaldi ba-tzuei ideologiak eman die ziurtasuna, beste batzuei erlijioak, eta gaur egun ideia progresistetan sentitzen gara eroso, aurrekoak ukatuz eta arazo berriak saihestuz. Eta behar ditugu erlijioa, ideologiak eta ideiak, baina askotan ikasteko prozesua blokeatzen du horrek. Gaur egun galderak aldatzen ari dira. Baina ez da erraza ikastera irekita egotea, desinstalatu egiten zaitu. Deserosoa da, adibidez, progresismotik desinstalatzea.
 
– Zure esaldi erradikal horietako bat: «Askatasuna eta berdintasuna totem batzuk dira».
– Ni ere totem horien kume naiz, horiek dira azken mendeetako narratiben ardatzak. Gaur egungo edozein argumentazio edo debate ideologiko azkenean honetara mugatzen da: bi hitz handi horiekiko atxekimendu handiagoa frogatzera. Garai bakoitzak ditu bere obsesioak. Ibili gaitezke ezabaidatzen gizon batek gabonetan amabirjinaren papera egiteko duen eskubideaz. Bitartean jendea gosez hiltzen ari da. Eta askatasuna bera ere, funtsezkoa da, baina ez al da hasten norbere lotura psikologikoak ezagutzetik? Berdinak zertan garen ere ikusi egin behar da. Uste dut etorkizunean ez ditugula obsesio berak izango.

Udalgintzaren premia> Xabier Isasi (Gaindegia)

Gaindegia- “Euskal Herriko udalerriak eraldaketa sozial eta politikorako eragileak dira eta izan dira; esaterako, hor dugu Lizarran 1931n egin zen udalerrien batzarra, Bergaran 1976an osatu zen alkateen taldea edo Udalbiltza bera, 1999an eratua, Euskal Herria egituratzeko aukera parte-hartzaile berriak proposatu izan dituztenak. Udalbiltzaren aurkako prozesua, hain justu, euskal udalgintzaren aurkako prozesua da”

 

 

 

 

Transition mugimendua: Euskal herrirako ikasbideak

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Lanki Institutuak eta Bagara elkarteak hitzaldi bat antolatu zuten uztailaren 6rako Goi Eskola Politeknikoan: “Iraunkortasunerako trantsizioa: Euskal Herrirako ikasbideak”, eta bertan Ben Brangwyn eta Peter Lipman hizlariek azaldu zuten zer den Transition mugimendua.

Zer da Transition mugimendua? Transition mugimendua Totnes hirian sortu zen, Devon herrialdean, Ingalaterran, eta poliki-poliki beste lurraldetara hedatu da. Petrolio ugari eta merkearen amaierak eta aldaketa klimatikoak eman diote izateko arrazoia mugimenduari. Hori dela-eta, gizarte aldaketak bultzatzen ditu petrolioarekiko menpekotasuna murrizteko eta karbono isurketak gutxitzeko, herria edo komunitatea oinarri hartuta.

Argibide gehiago, Bagara elkartearen blogean aurki daiteke.

Alternatibaren rola 2011ko udal eta foru aldundi hauteskundeetan

Alternatiba izeneko proiektu ilusiogarri honi ekin genionean herri honetan ezkerra egiteko modu berri bat behar zelakoan geunden, eta oraindik ere berdin gaude. Bazterketa eta abangoardia gabeko ezkerra; esparruanitza den ezkerra, herri mugimenduen eskaerak bere egingo dituena -ezker tradizionalenak beraietaz baliatu nahian egin duenaren aurkako bidetik-; beste borroka askatzaileak baztertu gabe, herria sortuko duen ezkerra; erroko demokrazia eta feminismoa barne mailako egituraketa ikur izango dituen ezkerra;… Herri honek behar eta nahi duen erroko ezkerraren bilgunean laguntzeko asmoz jaio ginen eta horretan dihardugu oraindik.   

Bidebarrietako abenduaren 13 hartatik hona ia bi urte igaro dira, lanaren lanaz nortasun bereziko proiektua gauzatu ahal izan dugu. Taldekako sortze mahaien bitartez, erakundeari betikotasunik ez duen gorputz teoriko bat eman diogu, Alternatiba osatzen dugunok erronka berrien aurrean geure iritzia definiarazten diguna. Egindako bidean, harro gaude erakunde garden, zabal, demokratiko, atsegin eta bere kide guztien kalitatezko parte hartzea funtsezkotzat jotzen duena osatu izanaz.  

Ezin da, noski, dena hain positiboki aztertu. Baditugu, bistan da, gauza asko hobetzeke, gabezia eta muga ugari. Baina, ezin ditugu ahaztu lortu ditugunak; eta lortzeke ditugunak erronkatzat hartu behar ditugu, gure etengabeko sorreran den proiektua garatzen jarraitzeko. Egiteko bide honetan datorkigu Alternatiba osatzen dugunoi erronka berria: 2011ko udal eta foru aldundi hauteskundeak, eta hauen inguruan Alternatibak hartuko duen jarrera.  

Esku artean dugun erabakia, beraz, deialdi honetan parte hartuko dugun edo hauteskunde lehiatik at geratuko gareneko erabakia da. Kontua ez da soilik baiezkoa ala ezezkoa ematea; lehena aukeratzen badugu nola, zergatik eta zertarako parte hartu zehaztu beharko genuke. Bestela gure nortasunari uko egingo diogu, hauteskundeak tresnatzat baititugu, ez helburu. 

Beraz, erabakiak badu garrantzia. Jarrera honen seme-alaba izango da hurrengo hilabeteetako egitaraua zehaztuko duen bidea, eta horregatik da Biltzar honen gai nagusienetakoa, eta horrexegatik izan da Alternatibako beste egituren mintzagai.  

Hauteskundeek ezin dute besterik gabe estrategia izan, baizik eta gizarteari geure proiektua helarazteko eta Euskal Herriko gizartean duen onarpena neurtzeko tresna izan behar dute. Honaxe da eztabaidaren muina den galdera: Ba al dugu Alternatiban gizarteari aurkezteko moduko proiektua, ala aurkezteak jadanik konplexua den ezkerreko hautes-mapari sigla berriak gehitu besterik ez luke egingo?  

Hau izan da eztabaidaren mamia azken hilabeteotan, eta gizarte zein antolaketa politikorako eredu alternatiboa badugula eta hurrengo hauteskundeetan parte hartu behar dugula ondorioztatu dugu. Beti ere geure izaera indartzeko bada, hots, EHko ezker erradikalari paradigma berriaren osaketan parte hartzea, euskal ezkerren bilgunean parte harturik.   

Honako arrazoiak dakuskigu Alternatibak hauteskundeetan esku har dezan: 

  1. Tokian tokiko esparrua arlo estrategikoa da Alternatibak nahitaezko ikusten duen herri osaketarako, erroko demokrazia eta ikuspegi alternatiboetatik herria eraikitzeko. Geure ustez botere kontzeptua aldatzeko garaia iritsia da, gizarteari erabakiak hartzeko gaitasuna emateko eta benetako eta kalitatezko parte hartzea bermatzeko unea da. Hiritarren ezkutuan egiten den ordezkaritza bidezko kudeaketa baten aurrean, demokrazia zuzena -erreferendumak- eta parte hartze demokrazia – kontseiluak- aurrera eramateko gune eta politikak garatu behar dira. Beraz, tokian tokiko esparrua Alternatibarentzat eremu funtsezkoa da, eta aukera hori probestu behar da eskubide guztiak eztabaida politikoan jartzeko.  

 

  1. Hauteskundeetan egindako parte hartze taktiko honek geure proiektua eta izaera indar litzake. Hauteskundeek geure proiektuari funtsa galaraztea saihestu behar dugu -horretarako baldintza batzuk jarri beharko ditugu-, baina parte hartze ezak ekar lezakeen garrantzia eza ere saihestu behar dugu, beste proposamenekiko lehia publikoari uko ez egitearren. Hauteskundeak taktiko ulertuta, beraz, proiektuaren izaera zeinuei eutsi behar diegu, hauteskundeak herri babesa eta militante kopurua zabaltzeko erabilita. 

 

  1. Sistema krisiaren aurreko erantzun murritz garai honetan erroko ezker erantzunak mahai gaineratu behar dira. Alternatibak hauteskundeetan parte hartzeak ilusio , berritasun, erradikalitate eta ikuspegianiztasun airea ekar ditzake euskal eskenatokira, indar eta ikuspegi ezberdinak biltzeko bultzada gutxiko garai honetan.

 

Laburbilduz, gizarteari aurkezteko proiektua badugulakoan gaudenez, eta hauteskunde zein batzar nagusietako esparruekin bat egiten dugula uste dugunez, hurrengo hauteskundeetan parte hartzeari beharrezko deritzogu.  

Hau guztia esanda ere, ezin ahaztu esan moduan hauteskundeek ezin dutela berez helburu bakarra izan. Hots, zerrendak osatzea eta balizko kargu publikoak lortzea ezin da lehentasuna bihurtu. Ez luke ezertarako balioko zenbakiei erreparatuzko balizko arrakasta batek geure proiektua interes horri begira soilik saldu behar badugu. Izaera propioa dugu eta horri eusten datza geure balioa, hauteskundekeria hutsean murgilduz gero, zer geratuko litzateke proiektutik?  

Aurrebaldintza batzuk ezarri behar ditugu, beraz, hauteskunde parte hartze hau bideratzeko:   

  1. Lehentasuna proiektuaren izaera da, zalantzarik gabe. Ekimen guztiek hau indartzera jo behar dute, ez indarra galarazi edo bere izaera bihurritzera.

 

  1. EHko beste politika eta gizarte mugimenduekin aliantzak egitearen alde egongo gara, geure helmuga den indar metatze horri begira. Geure azken erabakiak beste indarrekiko akordioak lehenetsiko ditu sigla atomizazioari aurre egin nahian.

 

  1. Balizko hautes aliantzak zein erakundeetan hartuko dugun jarrera beti ere programa akordioen arabera hitzartuko dira, proiektuaren nortasun ikurrei eutsita: demokrazia zuzenaren aldeko apustua; feminismoa; ekonomia eredu alternatiboa; subiranismoa. Hau da, eskubide guztiak pertsona eta herri guztientzat, hiritartasun osoa programaren ardatzean.

 

  1. Alternatibaren tokian tokiko egoera ezberdinekin koordinaturik eta proiektuaren izaerari eutsita, ez zaio babesik emango egungo indarreko sistemaren irizpideen arabera diharduen eta kritika sakonik egiten ez dien inolako udal edo aldundi gobernuri. Ezker alternatiboko politiken osatzean aurrerapausoa izango diren aliantzak lehenetsiko dira.

 

  1. Bozka igoera bera ez de helburua izango bere horretan, eta ez da zerrendarik aurkeztuko Alternatibaren presentzia errealik ez den tokian.

 

  1. Alternatibaren tokian tokiko estrategia indartzean jarriko dira indarrak hurrengo hilabeteetan.

Brian Currin> Bakea Euskal Herrian> Lander Arbelaitz (Argia)

Argia” Euskal Herrira bakea ekartzen laguntzen badut, nazioarteari diogun zorraren zati bat kitatuko dut”

“Arrazoi onak daude baikor izateko. Uste dut ezker abertzaleak heldutasunera pausoa eman duela. Badakite euren estrategia politiko berriak emaitzak eman ditzakeela. Sinesten dut bide horri eutsiko diotela eta ez dutela atzera egingo. Aurrera bultzatuko dute, ETAren buruzagitzak jarrera hori babestu arte”

 

Argazkia: Lander Arbelaitz

Gaindegiak 2009. txostena kaleratu du

Gaindegiak, Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak 2009. urteko txostena kaleratu du. Lan horretan biltzen dira iazkoak gurean eman zituen adierazle nagusiak: lan mundua, enpresak, I+G… Garrantzi berezia eman diote Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoerari –joan den astean aldizkari honek berak bazekarren horren berri–, baita EBko erregioei ere. Eta zifretatik harago, hainbat adituren analisiak ere bildu dituzte txosten honetan. Ez da urte erraza izan 2009a, Xabier Isasi Gaindegiako lehendakariak sarreran aitatu duenez: krisiaren astindua, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako ekimen judiziala edo Rafa Diez sindikalistaren atxilotzea medio.

 

Behategiak kaleratutako txostena hurrengo webgunean ikusi daiteke: http://www.gaindegia.org/eu/gtxostena09

 

 

X