Emakumeen Mundu Martxaren Hirugarren Nazioarteko Ekimena

Alternatibako feminismo mahaia

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna, beste behin ere kalera aterako gara sistema honek zapaltzen eta baztertzen gaituela esatera. Pobreziak, prekarietateak eta indarkeria jasateak emakume aurpegia dutela esatera. Geure gorputzaren gaineko eskubide osoa izateko, geure sexualitatea nahi eran baliatzeko, mendekotasun ekonomikorik gabe bizitzeko, eta egunero, etengabe, ezkuta ez gaitzaten eskubidea aldarrikatzera aterako gara; hots, eskubide osoko hiritarrak izateko nahia aldarrikatzera.

Baina honako martxoaren 8an, geure aldarrikapenek hor dirautela eta borrokak bizirik darraiela esateko Euskal Herriko kaleetara ateratzeaz gain, patriarkaturik, mendekotasunik eta bidegabekeriarik gabeko gizartean bizi nahi dugula ere adierazi nahi dugu. Hori dela eta, bat egin dugu aipatu egunetik urriaren 17ra arte iraungo duen Emakumeen Mundu Martxaren Hirugarren Nazioarteko Ekimenarekin.

Emakumeen Mundu Martxa nazioarteko mugimendu feminista da, emakumeek jasaten duten pobrezia eta indarkeriari aurre egiteko diharduten herri mugimenduek osatua. Ildo honetan, emakumeen nazioarteko sarea osatzearen ideia Montrealen jaio zen, 1998ko urrian, 65 herrialde eta lurraldetako emakumeak bildu zirenean Emakumeen Mundu Martxako lehen bilkura egiteko. Lehen Martxa hau 2000ko martxoaren 8an burutu zen. Urte horretan bertan ekintzak eta manifestaldiak antolatu ziren mundu osoan zehar. Hauetan 161 herri edo lurraldetako 6.000 taldek hartu zuten parte. Halaber, lehen bilkura honetan Emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko eta munduko pobrezia amaitzeko Martxaren mundu mailako 17 aldarriak izeneko agiria osatu zen.

Aipatu agiri honetan Martxaren aldarri garrantzitsuenetako bat agertzen zaigu: emakumeen aurkako berdintasun-eza eta bazterketa molde guztien aurkako borroka. Honek, emakumeak zapaltzen dituzten mendekotasun arrazoi ezberdinen (sexu, klase, arraza, sexu aukera,…) ikuspegi orokor eta zabala eskatzen du batetik. Bestetik, patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko uztarria izan behar da kontuan, zapalkuntza eta menpekotasuna, bi ideiek elkar indartu eta elikatzen baitute. Zentzu honetan, nahitaezkoa da mundua eraldatzea emakumeen bizimodua aldatzeko, eta alderantzizkoa. Borrokaren helburua ez da emakumeak egungo gizarte eta ekonomia ereduan kokatzea, baizik eta eredua aldatzea, emakume guztiak izan gaitezen aske, gutxi batzuk izan beharrean.

Esandakoagatik, Martxak estrategikotzat jotzen ditu aliantzak beste mugimenduekin, modu honetan. indarreko politika neoliberalei mundu mailako alternatibak osatzen joateko. Bide honetan, agenda komun baten inguruan borrokak egituratzeaz gain, EMMak tokian tokikoa eta nazioartekoa uztartzen ditu. Martxak emakumeen autoantolaketa sustatu nahi du tokian tokikotik hasita, eskualde, nazio eta nazioarte mailan osatzen joateko. Tokian tokiko lan hori helburu orokorrekin elkartu nahi da, ezin baita bakoitza bere aldetik joan.

Ikuspegi orokor eta integratzaile honek bihurtzen du EMMa erakunde eta kolektibo anitz ugari biltzen dituen mugimendu. Landa zein hiriko emakumeak biltzen ditu, etnia eta sinismen anitzekoak, sentsibilitate eta esperientzia ezberdinak bizi izan dituztenak, enfoke ezberdinak dituztenak,… baina oro har helburu komun batek biltzen ditu: emakumeak indarkeria eta pobrezia jasatera eramaten dituen egungo sistemaren aurka borrokatu nahiak.

Zoritxarrez, helburu honen aldeko borrokak ez du gaurkotasunik galdu. Hori dela eta, 2010ean Emakumeen Mundu Martxaren Hirugarren Nazioarteko Ekimenari ekingo zaio. Ekintza ezberdinak egingo dira Afrika, Amerika, Asia/Ozeania eta Europan zehar, Martxaren 4 esparruen inguruan: Ongizatea eta zerbitzu publikoak; Bakea eta desmilitarizazioa; Emakumeen lana; Emakumeen aurkako bortxa. Prozesua martxoaren 8an abiatuko da, eta urriaren 17an bukatuko, Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Sud Kivun (Kongoko Errepublika Demokratikoa) burutuko den elkarretaratze baten bitartez, gerra egoera bizi duten emakumeekiko elkartasuna adierazi eta gatazken konponbidean merezi duten garrantzia aldarrikatzeko.

Aldarrikapen hauen alde kaleetara aterako gara denok elkarrekin, politika, ekonomia eta kultura aldaketa bat eman dadin: Emakumeak martxan, harik eta denak aske izan arte.