Feminismoak eta elikadura burujabetza uztartu emakumeen eta herrien autonomia lortzeko

Mundubat-ek elikaduraren subiranotasunarekin daukan konpromisoa zenbait lan-arlotan islatzen da, baina, batez ere, sentsibilizazioaren eta garapenerako hezkuntzaren arloan eta elikaduraren subiranotasunaren aldeko sareak zein aliantzak sendotzeko prozesuan. Ibilbide horren esparruan, “Elikaduraren subiranotasunari buruzko hausnarketa feministak” nazioarteko jardunaldiak antolatzeko proposamena sortu zen.

Aurreko proiektuetan, bete-betean lan egin genuen, emakume nekazarien errealitatea eta borroka sozialetan zein beste garapen-eredu batzuen eraketan daukaten protagonismoa agerian jartzeko. Gai horiek sakonago aztertzean, konturatu egin ginen kritika feministatik ez genituela berariaz kolokan jartzen nekazarien eta landa-inguruneko erakundeetan bertan gertatutako desberdintasunak. Emakume nekazariekin proiektuak garatu eta jarduerak antolatzen genituen neurrian, ohartu egin ginen elikaduraren subiranotasunaren alde egiten dugun erakundeotan ez direla beti berariaz eta irmotasunez lehenesten emakume nekazarien eskariak.

Antzeman egin genuen erakunde sozialok defendatzen ditugun proposamenek beti edo berez logika patriarkala kolokan jartzen ez dutela.

Elikaduraren subiranotasunaren arloan egindako zenbait proposamen logika patriarkal horren barruan kokatu litezke, ez dutelako eztabaidatzen emakumeei pertsonak, gizarteak zein natura zaintzeko zeregina esleitu dietela, esentzialistak direlako, ekoizpeneko eta ugalketako zereginen banaketan dagoen zapalkuntza-sistema kolokan jartzen ez dutelako eta ez dutelako onartzen gizonen pribilegioak ezinbestean jarri behar direla kolokan. Alde horretatik, ikuspegi kritiko feminista oso-oso garrantzitsua da, elikaduraren subiranotasunaren aldeko tokian tokiko proiektuak eta alternatibak eratzeko eta, aldi berean, landa-ingurunean zein nekazarien erakundeetan bertan gizonen eta emakumeen artean dauden botereharremanak
aldatzeko.

Nazioarteko topaketa honetan, hausnarketa horretan sakondu nahi genuen, elikaduraren subiranotasuna emakumeen jabekuntzarako, euren eskubideen defentsarako eta herrien zein emakumeen autonomiarako
tresna eraginkorra izan dadin.

“Elikaduraren subiranotasunari buruzko hausnarketa feministak” nazioarteko topaketa 2011ko apirilean egin zen Bilbon. Bertan, hain zuzen ere, honako erakunde hauetako emakumeek parte hartu zuten: GGKE, hegoaldean ditugun toki-bazkideak, erakunde feministak, emakume nekazarien erakundeak, erakunde mistoak, emakumeen erakundeak, iparraldeko mugimendu feministako emakume ekintzaileak eta nazioarteko sareetako emakume ekintzaileak; Nekazarien Bidekoak edo Emakumeen Mundu Martxakoak, esaterako.

Guretzat, funtsezkoa zen hausnarketa honetan iparraldeko zein hegoaldeko emakumeek parte hartzea. Patriarkatua errealitate globala da, eta mundu zabaleko edozein herrialdetako emakumeak zapaltzen ditu,  baina, batez ere, emakume nekazariak. Patriarkatuaren aurkako borroka bateratua izan behar da iparraldean zein hegoaldean. Zenbait jatorritako emakumeek sarean egindako lana oso tresna egokia da, eredu neoliberal patriarkalaren zapalkuntzari aurre egiteko moduko eredu berria eratzeko orduan.

Topaketa honetan, emakume parte-hartzaileek euren erresistentziako esperientziak nahiz azterketa eta euren erakundeetan egindako hausnarketak partekatu zituzten, elkarrekiko ikaskuntzarako arrakastak eta porrotak trukatzeko. Beraz, elikaduraren subiranotasunaren aldeko erakundeetako, emakumeen erakundeetako eta erakunde feministetako emakume kideen arteko elkarrizketarako gunea eratzea zen helburua, elikaduraren subiranotasunak emakumeen eskariei erantzun ahal diela aztertzeko.

Dossier honetan, emakume gonbidatuei egindako zenbait elkarrizketa azaltzen dira, baita topaketaren ostean ateratako ondorioak ere. Era berean, hausnarketarako bidea ere ematen digu, elikaduraren subiranotasunaren bidez badagoelako gizonen eta emakumeen botere-harremanak benetan aldatzerik.

www.mundubat.org

EranskinaTamaina
Feminismos y SA EuskeraWeb.pdf1.59 MB