Alternatibak kopagoaren bidegabekeria salatu du eta Lakuari eskubide sozialak propagandatik haratago babesteko galdegin dio

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek ordainketa partekatuaren inposizioa salatu du gaur, Auzitegi Konstituzionalak Lopez Gobernuak onartutako “arau elektoralista” bertan behera utzi ondoren. Agirresarobek gogorarazi du “kopagoa pertsonen eskubideen eta duintasunaren kontrako hamaikagarren kolpea dela, izendapenetik hasita ere iruzur handia izateaz gain; izan ere, aurretik ere herritarrek ordaintzen zituztelako botikak, klase popularrak gero eta gehiago zamatzen eta gehien dutenentzat hain mesedegarria den fiskalitatearen bidez”. Horregatik, “ordainketa partekatua baino, berrordainketa” deitu beharraz ohartarazi du.

Alternatibatik bidegabea deritzote herritarren gehiengoari botikak ordainarazi eta gizarteko sektorerik ahulenetako bati osasun estaldura kentzeari. Gainera, ezkerreko bozeramaileak azpimarratu duenez, “ustez, 33 milioi euro aurrezteko besterik ez du balio, Espainiako Aurrekontu Orokorrek aurten AHTeko lanetarako aurreikusitakoaren hamarren bat beraz”. Kopuru horri, halaber, “sistema berria ezarri eta kudeatzeak dakarren gastua kendu beharko zaio”. Gogorarazi du, bestetik, EAE, Nafarroarekin batera, Espainiako Erresuman industria farmazeutikoarekiko zor gutxien duen erkidego autonomoa dela.

Berrordainketarekin Bengoak zein Lopezek egunotan erabilitako aitzakia eta azpijokoen harira, azkenik, Agirresarobek “intsumisio formako propaganda astintzea” leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, “inongo esku-hartzerik gabe murrizketa propioak egin dituztenean, hezkuntzan, laguntza sozialetan eta, baita ere, osasungintzan”. Horrexegatik, lehendakariari galdegin dio “eskubide sozialak bere eskumenetatik eta propagandatik haratago babesteko”. Ildo horretarik, bestelako euskal erakundeek zerga politikaren inguruan erakutsitako jarrera ere kritikatu du, zamarik handiena langileen esku jartzen jarraitu dutelako, gehien irabazten dutenei zergak barkatuta: “Ikaragarria da gogoratzea superabita zegoenean enpresa eta aberestasun handienei zergak jaisteko baliatzen zutela, orain, baliabide publikoak falta diren garairako, askoz egoera okerragoan utzi gaituztela”.