Esne sektorearen egoera salatzeko mobilizazioa (Bilbo)
EHNE-Bizkaiak mobilizazioa deitu du ostiral honetarako, abuztuak 31, Bilboko kaleetan. Esne sektorearen egoera ezagutaraztea du helburu mobilizazioak, beronen bideragarritasuna kolokan baitago. Ekoizleek jasotzen duten prezioa eskasa da benetan eta pentsuak etengabe garestitzen ari dira, zerealen merkatuak nozitzen duen espekulazioaren erruz.
Sindikatuak Bilboko Kale Nagusian abiatuko du protesta, Eusko Jaurlaritzaren egoitza parean, goizeko 11.30tan. Handik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregirantz ibilaldia egingo du . EHNE-Bizkaiak bere gogoetak jasotzen dituen dokumentua helaraziko die bi instituzioetako arduradunei eta foro bat sortzeko eskaria egingo du, esne sektorearen inguruko azterketa egin eta proposamenak adosteko.
Ustiategien desagertzea
Sektorean diharduten persona kopurua da beronen egoera zein den jakiteko neurgailurik egokiena. Horrela, 2007an Hego Euskal Herrian 906 ustiategi baldin baziren 4 behi baino gehiagorekin, 2011 bukaerarako kopuru hori 648ra jeitsia zen. %25eko jeitsiera suposatzen du horrek, bost urteren buruan. EAEn industriari saltzen dioten ustiategi kopuruaren kasuan, normalean 10 behi baino gehiagokoak, 526tik 401erako jeitsiera zenbatu zen denbora tarte berean.

Espekulazioa
Ustiategiak desagertzen ari diren bitartean, lehengaien prezioak garestitzen ari dira etengabe. Azpimarratzekoa da ganaduarentzako pentsuak azken hilabeteetan jasandako gorakada. Soja, artoa, garia… lehengai hauek nazioarteko merkatu espekulatzaileen baitan geratu dira. Horrenbestez, sojaren kasua aipatzearren, azken urtean %80 garestitu da beronen prezioa. Artoa, garia eta garagarraren kasuan, azken bi hilabeteetan soilik %20 eta 30an bitartean igo da prezioa.
Nahikoa ez diren prezioak eta gehiegikeria
Egoera larria da. Ganaduzale batek, gaur egun, gehiago ordaintzen du pentsu kiloagatik esne litroagatik jasotzen duena baino. Pentsuak garestitu eta garestitu ari diren bitartean, esnearen prezioak ekoizpen kostuak bete gabe jarraitzen du. Udaberrian esne industriak beste prezio jeitsiera bat inposatu zuen eta, ondorioz, esneagatik 0,27 eta 0,32 bitartean kobratzen dute baserritarrek. Prezio hau benetan adierazgarria da, kontsumitzaileek espainiar Estatu mailan esneagatik bataz beste 0,81 euro ordaintzen baitituzte. Horrela jasotzen du uztaileko IPODak. Esnearen prezioa, beraz, 2,7 aldiz biderkatzen da baserritik saltokira. Kontsumitzaileek ordaindutakoa baserritarrek kobratutakoaren bikoitza baino dezente gehiago izateak argi lagatzen du esne industriak eta distribuzioak darabilten gehiegikeria.
Kostuen gorakada prezioan isladatu
Prezio diferentzia horrek erakusten du industriak eta distribuzioak aukera aski dutela baserritarrei prezioa igotzeko. Baserritarrek ekoizpen kostuetan sufritzen duten gorakadak esneagatik jasotako prezioan islada zuzena izan behar du. Industriak zein distribuzioak bete behar dute eginkizun hori. Horrela egin ezean, esne sektorearen egoera jasanezina bilakatuko da eta ustiategien desagertzeak sektorea galzorian utziko du.
EHNE Bizkaia: http://www.ehnebizkaia.org/
Agenda
-
Ostirala, 2013, Maiatza 24 - 19:00 - - 20:30
-
Osteguna, 2013, Maiatza 23 (Egun osoan) - Larunbata, 2013, Maiatza 25 (Egun osoan)
-
Larunbata, 2013, Maiatza 25 (Egun osoan)
-
Asteartea, 2013, Maiatza 14 (Egun osoan) - Asteartea, 2013, Maiatza 28 (Egun osoan)
-
Osteguna, 2013, Maiatza 30 (Egun osoan)


















