Alternatibak komunikatuaren autokritika inplizitua txalotu eta ziurtatu du gizarteak eragile guztiek jokatutako paperaren gaineko hausnarketa espero duela

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek positibotzat jo du ETAk gaurko prentsaren bitartez zabaldutako komunikatua, “iazko urriaren 20an hartutako erabakia berrestera datorrelako, euskal gizarteak ospatu zuena: jarduera armatuaren behin betiko etetea”. Egun On Euskadi (ETB2) saioan gaur goizean egin dioten elkarrizketan, Matutek adierazi du ETAren mezuak “elkarrizketa eta negoziazioarekiko konpromisoa berretsi duela, Euskal Herriaren normalizazio politikoa eta bakea lortzeko ezinbestekoa dena”.

Alderdi ezkertiarreko ordezkariaren arabera, “euskal gizartearentzat benetan garrantzitsua dena konpromiso horrek aurrera egitea da, eta hori argi eta garbi, inolako zalantzarik gabe, adierazten du komunikatuak”. Honek, esan duenez, “bakerako bidean urratsak egiten jarraitzea” ahalbidetuko du, “Aieteko adierazpenak aipatzen zituen eragileek mugitu beharra dutela senti dezatela”. Hala, iradoki du Espainia eta Frantziako Gobernuek zeregina badutela, “normalizazioaren bidean aurrera egiteko eta era guztietako indarkeria desagerrarazteko baldintza demokratikoak ezarri behar dira herritar guztientzako”.

Alternatibako bozeramaile eta EH Bilduko zerrendakideak, halaber, komunikatuak ageri duen “kutsu autokritikoa” izan du hizpide, eta euskal gizarteak espero eta nahi duenarekin bat datorrela gaineratu du: “Alderdi politiko, sindikatu eta bake prozesuarekin zerikusia izan dezaketen eragile guztiek iraganean jokatu dugun paperaren gaineko hausnarketa egin dezagun, etorkizunera begira akordioetara heltzeko aukera errealak egon daitezela, utopietatik haratago”.