Alternatibak euskaraz bizitzearen alde Donostiako kaleak betetzera deitu du

Alternatibako Kontseilu Nazionaleko kide Mireia Arginzonizek bihar, abenduaren 1a, Euskal Herri osoko euskaltzale eta hizkuntza eskubideekiko errespetua adierazi nahi duten guztiei Donostiako kaleak zeharkatuko dituen elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta, Anoetako estadiotik abiatuko da manifestazioa, 17:00etan, Euskaraz bizi nahi dut lemapean.

“Hizkuntza harremanetarako eta komunikatzeko tresna” dela gogorarazi du Arginzonizek, eta “gure arteko harremanak sortzeko eta egituratzeko lanabesa izateaz aparte, hizkuntza komunitate sendo bat eratzeko ere” badela esan du. Are gehiago, euskal herritarren “nortasuna bermatzeko altxorrik preziatuena ere bada”. Horregatik, herritarren konpromisoa eta bultzada beharrezkoa dela adierazi du, eta gizarte osoari deialdia bidali dio euskara kalean erabiltzera eta bultzatzera animatuz, “euskara herri osora zabaltzearen bizi nahia posible egiteko guztion lanaren bitartez bakarrik lortuko” dugula azpimarratu du.

Alternatibak ordezkaritza zabala izango du Donostiako kaleetan. Arginzonizekin batera, besteak beste, Josu Estarrona Alternatibaren Arabako bozeramailea eta Pablo Fernandez Bilboko Asanbladako koordinatzailea izango dira.