Homosexualen eskubideen aldeko protesta (Baiona)

Data eta ordua: 
Larunbata, 2013, Urtarrila 26 (Egun osoan)

Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko kolektiboak urtarrilaren 26an Baionan egingo den berdintasunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu zuen atzo. Gayen eta lesbianen ezkontza eta adopzio eskubidea aldarrikatzeaz gain, emakume ororendako medikuntza bidez lagundutako haur sortzea eskatuko dute protestan. Joan den azaroan sortu zen kolektiboa, Marc Aillet Baionako apezpikuak antolatu zuen Biziaren Aldeko Foroaren aurka. 

Orain berriro elkartu dira, «emendatzen» ari diren homosexualen aurkako adierazpen «okaztagarri eta diskriminatzaileak» salatzeko. Halaber, Eliza katolikoaren jarrera ere salatu dute. Kolektiboaren arabera, «bidegabeki» sartu da eztabaidan, 1905. urteko Estatuaren eta Elizaren Arteko Bereizketa Legea «zapalduz». Gogor salatu dute joan den igandean Parisen sexu bereko bikoteei ezkontza eskubidea aitortzen dien lege proiektuaren aurka izan zen manifestazioa ere. «Erreakzionarioa» izan zela uste dute.Testuinguru hori ikusiz, mobilizatuak geratuko direla azaldu dute, lege proiektua onartuko dela uste badute ere. Urtarrilaren 29tik goiti hasiko dira gobernuaren lege proiektua eztabaidatzen Frantziako Parlamentuan.

EranskinaTamaina
p014_f01.jpg46.43 KB