Seaskak manifestazio bat egingo du Baionako suprefetaren gutunari erantzuteko (Hendaia)

Data eta ordua: 
Larunbata, 2013, Otsaila 2 - 17:00

Heldu den larunbatean Hendaian manifestazio bat egingo dutela iragarri du Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak. 17:00etan, tren geltoki ingurutik abiatuko da protesta; Baionako suprefetari erantzun nahi diote, ikastolen aurka ez egitea galdeginez.

Baionako suprefetak oharra bidali zion joan den astean Hendaiako Herriko Etxeari; erakunde publikoek ezin dituzte eskola pribatuak lagundu, ez diruz ez egoitzak emanez. 1850. urteko lege batek debekatzen du hori, Falloux Legeak; lege hori indarrean dela, eta ezin dituela eskola pribatuak lagundu gogorarazi dio suprefetak herriko etxeari, gutun bat igorriz.

Suprefetari erantzun dio Seaskak gaur arratsean, prentsaurreko batean. Suprefetaren jokabideak hizkuntza politika arriskuan jar dezakeela ohartarazi dute. Falloux legeak Seaskako ikasleen %90 eta egoitzen %80 arriskuan jar ditzakeela ohartarazi dute, egoitzak itxiaraziko balitu.

Jean Baptiste Salaberri Hendaiako auzapeza ere prentsaurrekoan izan da. Erran du arazo handi bat sortu dela, eta "ahalik eta arinen" konpontzea espero duela erantsi du. Suprefetari bilerak eskatu dizkiote. Hendaiako Herriko Etxeari otsailaren 6rako eman dio txanda, eta Seaskari otsailaren 5erako.

Falloux legearen kontrako ekina

Mobilizazioak eginen dituztela iragarri dute, hala ere, Seaskako kideek. Larunbatean izanen da lehena. Baina azaldu dute ezinezkoa dela "beti beldurrez" ibiltzea Falloux legearen eraginez. Horregatik, Bretainia, Okzitania, Katalunia, Alsazia... eta besteko ikastoletako ordezkariekin harremanetan sartu direla jakinarazi dute. Zenbait parlamentarirekin ere hitz egiteko asmoa du Seaskak. Falloux legea kentzea izanen da harreman horien bidez hasiko dituzten ekimenen helburua.

EranskinaTamaina
seaska.png162.05 KB