Espainiako Gobernuak bultzatzen duen hezkuntza erreformaren aurka kalera ateratzeko deia egin du EH Bilduk

Hego Euskal Herriko hiriburuetan Espainiako Gobernuak bultzatzen duen hezkuntza legearen erreformaren aurka mobilizazioak egingo dira larunbat honetan, martxoaren 2an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ELAk, LABek eta STEE-EILAS sindikatuek deituta. EH Bilduk manifestazio horietan parte hartuko duela aurreratzen du, eta bertan egoteko deia egin die herritar guztiei.

Izan ere, Jose Ignacio Wert ministroak bultzatzen duen legea euskararen normalizazioaren flotazio-lerrora jaurtitako misila dela uste du EH Bilduk, eta horrek erantzun bateratua ematea exijitzen duela; herri gisa erantzutea, hain zuzen.

Hezkuntza-eragileen iritzia kontuan arte gabe eta oraingo sistemaren ebaluazioa egin gabe garatutako proiektu honek erakutsi du orain bere benetako helburua: gaztelaniaz besteko estatuko beste hizkuntzak eta beren kulturak marjinal bihurtzea hezkuntzan sisteman eta sistema nazionalismo espainiarraren balioak transmititzearen mesedetan egituratzea. Proiektuak gainera komunitate autonomoen eskumenak zapaltzen ditu eta eredu zentralista bat ezartzen du.

Aurreratu zituen Wert ministroak bere asmoak, Kataluniako umeak “espainolizatu” nahi zituela adierazi zuenean. Horixe baita Hezkuntza Lege berri honen atzean ezkutatzen den benetako asmoa, Euskal Herriko neska-mutikoak nazionalismo espainiarraren esentziarik zaharkituenean heztea ikastetxeetan, bere balio moral eta hizkuntza-irizpide mugatuenekin.

Horren aurrean, bestelako hezkuntza eredu baten alde egiten du EH Bilduk: euskalduna, herritarra, publikoa, laikoa.

Bizi dugun krisi ekonomiko eta sozial ankerarren aitzakiapean, Madrilgo PPren gobernua ondo baino hobeto ari da etxeko lanak egiten eta urteetako beraien asmoak gauzatzen: Espainia bat eta bakarra desiratzen dute; hizkuntza bakar batekin, sinesmen bakar batekin, balio etiko eta moral jakin batzuekin... Azken baten, Euskal Herrian, zoritxarrez, ondo baino hobeto gogoratzen ditugun eta gaindituak behar luketen ez hain aspaldiko garaietara itzularazi nahi gaituzte berriro.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk larunbat honetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei, gure herria LOMCE lege berriaren aurka dagoela argi uzteko.