Munduko alkaterik onenaren hirian

Joana Regueiro, Ana Etxarte, Asier Gomez eta Unai Delgado - EHBildu Bilbo

Martxoaren 6an Bilbon gertaturiko Jose Antonio Dieguezen hilketak agerian jarri du gaur-gaurkoz instituzioek gaitasunik ez dutela bermatzeko pertsona orok etxebizitza duin eta egokia izateko duen eskubidea. Nahiz Euskal Herrian indarrean dagoen legeriak lehen mailako eskubide gisa seinalatu, etxebizitza luxuzko ondare bihurtu da, eta gero eta gehiago dira muturreko egoerak bizi dituzten pertsonak. 2012an, 454 etxe kaleratze izan ziren Bilbon. 454 familia miseria gorrira kondenatuak. Non eta 15.567 etxebizitza huts dauden hirian, Bilboko Udalak berak emandako datuen arabera.

Jose Antonio Dieguezen hilketak ez du soilik agerian utzi herritarrengandik gertuen dauden instituzioek beren eskubiderik oinarrizkoenak ziurtatzeko duten gaitasunik eza. Ibarrekolandako herritar horren heriotzak begi bistan utzi du Bilboko Udalak inolako borondaterik ez duela gobernatzen duen hiriko biztanleen eskubideen bermatzaile nagusia izateko.

Etxe kaleratzeak gizarte arazo dira, eta azken garaian kezka handia sortu dute bilbotarren artean. Horren isla izan dira iragan azaroko eta urtarrileko udalbatzarretan izandako eztabaida biziak. PPren funtsik gabeko proposamen baten harira, etxe kaleratxeen arazoari errotiko konponbidea emateko konpromisoa galdegin zion ezkertiar eta abertzaleon koaliziak udalari. Aurkezturiko zuzenketa ezin argiagoa zen, eta etxe kaleratzeen arazoaren aurrean Udalak zenbait konpromiso har zitzan proposatu zuen. Besteak beste, erakunde finantziarioei eskatzeko etxe kaleratze prozedura oro bertan behera uzteko eta Espainiako Gobernuari Hipoteken Legea aldatzeko. Izan ere, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak lege horrek EBko legeria urratzen duela, eta herritarrak babesgabe uzten dituela ebatzi aurretik, hainbat instantzia juridikok ere esana zuten gehiegikeriaz jokatzen duela.

Hori hala, gure koalizioak aurkezturiko zuzenketak etxegabetzeen auzian gehiegikeriaz jokatzen duten entitate finantziarioekiko harremana berrikusteko eskatzen zion udalari. Halaber, etxe kaleratzeen arazoari gaina hartzeko lanean ari diren gizarte eragileekin elkarlanerako prestasuna adierazteko eskatu zion, eta bide horretan sakonduz, arazoa bertatik bertara landu ahal izateko batzorde bat eratzea proposatu zuen gure koalizioak. Batzorde horretan, udal taldeek nahiz gizarte eragileek hartuko lukete parte, eta etxetik kaleratuak izateko arriskuan izan daitezkeen kasu guztien azterlan zehatza egingo lukete, ondoren halako egoerak ekiditeko beharrezkoak diren bitarteko eta protokoloak indarrean jartzeko. Muturreko egoerarik berriro ez emateko. Horiek errotik ekiditeko.  Eta, bidenabar, etxe kaleratzeen arazoari erabateko konponbidea emateko. Ordea, gure koalizioaren zuzenketari bidea itxi zion EAJk, kontra bozkatuz. Era berean bota zuen atzera PSE-EEk urtarrilean aurkezturiko zuzenketa. Kasu batean zein bestean, Iñaki Azkunak gidatzen zuen gobernu taldeak argiro erakutsi zuen etxe kaleratzeen auzia konponbidean jartzeko inongo borondaterik ez duela. Ustez munduko alkaterik onena denak finantza erakundeen eta herritarren artean den amildegia desagerrarazteko udal taldeek abiaturiko ekinaldiak geldiarazi ditu. Ez behin, birritan baizik.

Testuinguru horretan erabaki zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ekimena hartzea, eta doako aholkularitza juridiko zerbitzua abiaraztea. Beste behin ere, herri mugimenduak hartu behar izan zuen bere gain, hasiera batean behintzat, administrazioari dagokion zeregin bat. Zerbitzua eskaintzen hasi zenetik, etxetik kaleratua izateko arriskuan den hainbat jenderi eman dio babesa. Asterik aste, jende andana bildu da laguntza premia larrian; kaltetuetako asko Udal Etxebizitzen zerbitzuak berak haien aurka hasitako kaleratzeko prozedura batean murgilduta daude. Eta adierazgarriena dena: muturreko egoera horietan diren pertsonetako asko Gizarte Ekintza saileko gizarte langileek eurek bideratu dituzte federazioaren zerbitzura. Horrek agerian utzi du zeinen handia eta larria den udalak arlo horretan duen gabezia. Orobat, nabarnen geratu da udalak ez dituela gizarte politikak egokitu, egungo krisi egoerari behar bezala heltzeko, eta laguntzarik handiena behar duten herritarrei irtenbide zentzudun, bidezko eta duinak emateko.

Ibarrekolandako gertaerak, eta berau salatzeko arratsalde horretan bertan buruturiko manifestazio jendetsuak erakutsi zuten etxe kaleratzeek ondorio tragikoak dituztela, eta herritarren artean gero eta kezka handiagoa eragiten dutela. Hala, EH Bilduk azpimarratu nahi du gizarte arazo honi amaiera emateko borondate politikoa baino ez dela behar. Alferrik da adierazpen instituzional bat egitea, harekin batera kaleratzeak ekidingo dituzten neurri zehatzak hartzen ez badira. Pertsona orok du eskubidea etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko, eta administrazioak ezin du tamaina horretako erantzukizuna gizarte mugimenduen zoriaren mende utzi. Horrenbestez, beste behin exijitzen dugu udaleko talde politikoez gain, gizarte eragileak ere bilduko dituen batzorde bat sortzeko, kaltetuen sufrimendua apalduko duten neurriak definitzeko eta gizarte gaitz bihurturiko arazo honi aterabide bat emateko, behingoz.