Bizkaiko EHBilduk etxegabetzeei aurre egiteko eragile sozialekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu du

Bizkaiko EHBilduko ordezkaritza batek bilera egin du gaur goizean Bizkaiko Stop Desahucios plataformako kideekin, etxegabetzeen arazoaren inguruan hitz egiteko. Eragile sozialaren aldetik Marte Uriarte izan da batzarrean, eta koaliziotik, besteak beste, Ander Busto, Asier Vega, Helena Gartzia eta Maribi Ugarteburu bertaratu dira. Azken honek esan duenez, “etxe desjabetzeak jendearteak gaur egun pairatzen dituen arazo larrienetakoa da”.

Koalizioko legebiltzarkidearen hitzetan, “neurri bidegabe eta inposatuak” datoz Espainiatik eta “Gobernua oraindik ere okerrera jotzeko bidean” dagoela deitoratu du. Horrexegatik, Euskal Herritik “egoera honi aurre egiteko tresnak” exijitu ditu, Etxebizitzaren lege justu bat egiteko besteak beste, “35 urte eta gero, oraindik ere, jendeari etxebizitza duin baterako eskubidea bermatuko dion legerik ez baitaukagu”.

EHBilduk norabide horretan urratsak egiteko prest dagoela ziurtatu arren, legea lortu arte jendeak soluzioak behar dituela nabarmendu du Ugarteburuk. Hala, mugimendu sozialek esan beharrekoa entzun eta “elkarlanerako prest” agertzearekin batera, “ordezkaritza edota gobernua dugun erakunde guztietatik herritarren etxebizitza duinerako eskubidea defendatzen jarraituko dugu”.