Alternatibak bere elkartasuna adierazi dio Maduro presidenteari eta Venezuelaren aurkako muntai kolpista salatu du

Alternatibaren Mahai Internazionalistako bozeramaile Diana Urreak bere erakundearen elkartasuna adierazi dio Venezuelako presidente Nicolas Madurori eta iraultza bolivartarrari. Herri hartako “elite finantziariek sustatutako kanpaina kolpistaren” harira esan du, “nazioarteko hainbat eragilek lagundutakoa, herri hartako baliabideak ustiatzeko interesen handiagoa dutena bake soziala ezartzean baino”.

Alternatibatik, 2013ko apirilaren 14an Nicolas Maduro Venezuelako Errepublika Bolivartarraren presidente izendatu zutela gogoratu nahi izan dute, Hugo Chavez komandantearen heriotzak eragindako presidentziarako hauteskundeak izandakoak, “azken 15 urteetan eta Amerikako herrien  emantzipaziorako eta integraziorako borrokan pertsonai nabarmengarria” izan zena.

Azken egunetan, Venezuelako hiriburua "beren burua nazioarteko ordenaren zaindaritzat dutenek diseinatutako planaren biktima izaten ari da, hango oligarkiaren bitartez, presidentea kentzeko". Hiriburuan manifestazio desberdinak izaten ari dira, ondorio larriekin; zaurituak, hildakoak eta bestelako kalteak izan dira, "nazioarteko muntaia egiten ari dira Venezuelako Gobernuaren aurka, eta horretarako irudi faltsuak erabiltzeko gai dira ere, Sirian eta Hondurasen ateratakoak, edota Unai Romano euskal herritarrarenak, 2001ean Guardia Zibilaren esku pairatutako torturak jaso ostean. Eta irudi horiek PSUVen gobernuaren ardura direla sinestarazi nahi izan digute".

Zentzu honetan, talde ezkertiarretik agerian utzi nahi izan dute Prisa taldearenak bezalako hedabideak direla Venezuelako Gobernuaren aurkako kanpainan ari direnak, eta horregatik Urreak iradoki die "hobe dutela Bankiak, bere nazionalizazioaren aurretik, azken unean eman zien 423 milioi euroko mailegua zertan nolatan lortu zuten eta zertan erabili dute".

Urreak Maduro beraren hitza bere egin ditu: "Venezuelan altxamendu nazifaxista baten aurrean gaude, eta garaitu egingo dugu. Ez da estatu kolperik emango Venezuelan, ziur egon zaitezte, munduak jakin dezala". Hala, nazioarteko ezkerreko indarrei dei egin die, "Venezuelak duen garrantziaz jabe daitezela,  Amerikan zein munduan".

Horregatik, Alternatibatik PSUV alderdiari eta Maduro presidenteari bere babesa berretsi diete, "Latinoamerikako bihotzaren aurkako estatu kolpea eman nahi dutenen aurrean herri hartako baliabide naturalak bereganatu eta ustiatzeko, munduko petrolio erreserbarik handiena dituena. Venezuelako herriak erakutsi digu nola sakontzen den sozialismoaren eraikuntzan eta  eskumari aurre egiten dio. Eta han egongo gara Euskal Herritik gure babesa ematen".