Alternatibak bihar, larunbata, Donostian egingo den elkarretaratzean parte hartu eta presoen eskubideak aldarrikatzera deitu du. Boulevardetik 17:00etan aterako den martxa Ibon Fernandez Iradi, Gari Arruarte eta Aitzol Gogorza Gipuzkoako preso larri gaixotuen askatasuna eskatzeko antolatu dute.
Ezkerreko alderditik gogorarazi dutenez, inoiz ez da arrazoirik egon euskal presoen aurkako salbuespeneko neurriak hartzeko, izan ere, espetxe politika horiek presoen oinarrizko giza eskubideak urratu dituzte. Baina zigorrak, haientzat ez ezik, beren senide eta lagunei ere kalte egin diete, sakabanaketak izan dituen ondorio lazgarriekin edota Badajoz berriki ikusi dugun gertaera larriarekin, kolpe handia hartu zuen preso baten amari anbulantzia ukatu baitzioten presondegiko funtzionarioek.
Eta legearen aurka jokatzeko arrazoirik inoiz egon ez bada, are gutxiago dira gaur egun, ETAk jarduera armatua laga zuenetik urteak pasa direnean, presoen kolektiboak berraskidetzearen urrats irmoak egin dituenean, eragindako minarengatik barkamenak ere eskatu dituela, eta guztiaren gainetik, euskal gizartearen gehiengoak normalizazioaren alde eta urte luze iraun duen gatazka atzean uzteko konpromisoak eskatzen dituenean, pertsona guztien eskubide guztiak berrezarrita.
Alternatibako ordezkariak izango dira biharko martxan, besteak beste, Amaia Agirresarobe bozeramaile nazionala, Gipuzkoako koordinatzaile Ayem Oskoz eta Koordinakunde Nazionaleko kide Alba Fatuarte.