Gipuzkoako gizartearen elkartasuna bilatzen duen informazio eta sentsibilizazio kanpaina, Alzheimerraren Munduko Egunean

Gipuzkoako Gizarte politikako diputatu eta Alternatibaren kide Ander Rodriguezek Alzheimerra pairatzen duten pertsonekiko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du gaur Donostian. 

Alzheimerraren inguruan kontzientziatzeko jarduera programa bat aurkeztu dute AFAGI Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, datorren irailaren 21ean Alzheimerraren Munduko Eguna ospatuko baita. Hamaika ekitaldik osatutako egutegia bihar bertan hasiko da, Lazkaoko Txindoki egoitzan emango den hitzaldiarekin, Alzheimerra duten pertsonekiko komunikazioari buruz, eta urriaren 2an itxiko da, Irunen, zaintzaileei zuzendutako hitzaldi batekin. Bihartik hilaren amaierara arte, informazio mahaiak, hitzaldiak, AFAGIko bazkideen arteko topaketak eta jarduera solidarioak egingo dira, gaixotasun honen inguruko sentsibilizazioa bilatzeko eta alzheimerraren errealitatea Gipuzkoako eskualde guztietara helarazteko.

Kanpaina honen ekitaldi nagusia irailaren 20an izango da, Donostiako Kontxako Pasealekuan: bertan, ohikoa den giza katea egingo da, eta globoak askatuko dira, alzheimerra duten pertsonekiko eta horien familiekiko elkartasunaren adierazle.

Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak, Ander Rodriguez, eta AFAGIko presidenteak, Koldo Aulestia, Alzheimerraren Munduko Egunaren inguruko sentsibilizazio kanpainako jardueren programa eta kartelak aurkeztu dituzte gaur. Aurtengoan, Alzheimerraren Munduko Egunaren leloa “elkartasuna” da.

Koldo Aulestiak azaldu du AFAGIk gogor lan egiten duela, "elkartasun” hori beti egon dadin gure bizitzetan: “Elkartasuna, zentzurik zabalenean, gizartearen sektore guztietara iritsiz, eta ez, zuzenean edo zeharka, XXI. mendeko pandemia honekiko erantzukizuna edo lotura duten horietara soilik. Elkartasuna, konplizitatearen eta konpromisoaren isla gisa, eta ez pena edo errukiaren adierazle gisa". Helburua hori izanik, AFAGIk parte hartzen du elkarteen konfederazio estatalak (CEAFA) abian jarri duen proiektu batean: “Solidarioak Alzheimerrarekin”.

Proiektu honen xedea da printzipioz gaixotasunarekiko lotura zuzena ez duten entitate publiko zein pribatuek arazo soziosanitario honekiko duten sentsibilizazioa ikusaraztea.  Une honetan, deklarazioa sinatu duten 328 entitate publikoetatik (gehienak udalak), 35 Gipuzkoakoak dira.

Kalkulatzen da Espainian, gaur egun, 65 urtetik gorako pertsonen % 7k (503.681) eta 85 urtetik gorako % 50ek (623.723) arriskua dute zuzenean dementzia motaren bat sufritzeko (eta Alzheimerra da gehien ematen dena). Beraz, kalkulatu dezakegu kasu kopurua 1,2 milioi pertsonara iristen dela (1.127.403 hain zuzen ere); horrek Estatuko biztanleriaren % 2,4 egiten du (65 urtetik gorakoen % 13,4). Gipuzkoari dagokionez, 23.630 pertsonara iritsiko litzake.

Ander Rodríguezek azaldu duenez, gaixoen %84 atenditzen ditu Gizarte Politikako Departamentuak. Horietatik, %40 adinekoen egoitzetan daude eta %60k etxean jarraitzen dute, familia inguruko zainketetarako laguntza ekonomikoen babesarekin, Etxerako Laguntza Zerbitzuarekin, eguneko zentro edo bestelako zerbitzuekin.

Diputatuaren hitzetan, “mendeko pertsona etxean bere inguruan mantentzea Foru Aldundiaren lehentasunetako bat da, horregatik handitu ditugu Gipuzkoan Mendekotasun Legearen laguntza ekonomikoak, Espainako Gobernutik murrizketa bortitzak jaso arren. Ez hori bakarrik, hobetze bidean, arreta espezializatua eta pertsonengan zentratuta bilatzen ari gara, horregatik unitate psikogeriatrikoen aldeko apustua egin dugu egoitzen barruan. Iaz 15 plaza psikogeriatriko gehiago zabalduko genituen Lasarte-Oriako Atsobakar egoitzan eta hurrengo hilabeteetan, 18 gehiago zabalduko ditugu Bergaran”.

Aulestiak adierazi du, baita ere, ez dela ahaztu behar Alzheimerrak eragina duela, baita ere, “gaixo gazteengan”; hau da, 65 urte baino gutxiagoko pertsonak, gaixotasun honen ondorio suntsitzaileak pairatzen dituztenak. “Gaixo gazte” hauek dira kasu guztien % 10 inguru.

Inpaktu sozialari dagokionez, Alzheimerra ez da gaixoarekin bakarrik grinatzen.  Izan ere, familiak beregain hartzen du gaixoa zaintzearen eta behar duen arreta ematearen pisua eta erantzukizuna. Ondorioz, eta egitura familiarra kontuan hartuta, esan dezakegu gaixotasunak, Estatuan, eragina duela 4.509.612 pertsonengan, hau da, biztanleria osoaren % 9,7rengan. Gipuzkoan, 94.520 pertsonengan du eragina.

Hala ere, AFAGIko presidentearen hitzetan, “datu horiek gaur gaurkoak dira. Ez dute balio datozen urteetarako. Izan ere, aurreikuspenak aintzat hartuta, gure biztanleriaren zaharkitzea areagotzen joango da eta, beraz, kopuru horiek bikoiztu egingo dira epe ertainera”.