Alternatibak zazpi gazteren kontrako kondena salatu eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera gaitzetsi du

Alternatibako  Bake eta Bizikidetza Mahaiko bozeramaile Xabier Sotok  Auzitegi Nazionalak gaur jakinarazitako zazpi gazteren kontrako zigorra salatu du. Gogorarazi duenez, gazteen kontrako akusazioa “inkomunikaziopean egindako aitorpenetan besterik ez da oinarritzen”. Hala, Espainiako justiziaren “izaera politikoa berriz ere agerian” gelditu da, iazko ekainean egoera berean zeuden 40 gazte aske utzi izanaren jurisprudentzian atzera egin baitute.

Sotok, halaber, kondenatuei alderdiaren elkartasuna adierazi nahi izan die, herri honek bere “etorkizuna bakean eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzen eraiki” behar duenean, “Madrilek gazteen militantzia politikoa zigortzeari eusten dio”. Honi erantzuteko, “epai bidegabeen aurrean kalera atera eta desobedientzia baketsuaren bidetik kondenatuak babesteko” deia egin dio euskal gizarteari.

Alderdi ezkertiarretik, azkenik, Eusko Jaurlaritzaren “jokabide lotsagarria” gaitzetsi  dute, Auzitegi Nazionaletik epaia jakinarazi aurretik ere atxiloketak egiteko eskatu duelako: “Elkartasun harresi gehiagorik ez du nahi Eusko Jaurlaritzak, jakin badakielako herritarrak Madriletik datorren bidegabekeriaren aurka behin eta berriro altxatuko direla”. Jarrera honen aurrean, EAJri “bakerako bidean aurrerapausoak emateko” eskatu dio.

Azkenik, gaur zigortutako zazpi gazteekin elkartasunean Euskal Herriko leku desberdinetan antolatutako elkarretaratzeekin bat egitera deitu du Sotok: Santutxun manifestazioa deitu dute 20:00etan Seri Izar plazatik abiatuko dena. Arrotxapean elkarretaratzea deitu dute 19:30etan eta Gasteizen kontzentrazioa deitu dute Andra Mari plazan 19:30etan.