Matute: "Gaur eta orain hartuko ditugun erabakien bitartez gure etorkizunaren jabe egiteaz ari gara"

Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile eta Alternatibako kideak, Rebeka Ubera legebiltzarkidearekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Herritarrak Ahalduntzeko Legearen lehen zertzeladak azaldu dituzte, gaur goizean, Donostian. EH Bilduko bozeramaileek azpimarratu dute herritarrek legea berea egitea dela beraien asmoa. Halaber, azaldu dute Herritarrak Ahalduntzeko Legea hurrengo azaroaren 4ean erregistratuko dela Gasteizko Legebiltzarrean. “Tresna berri honek ahalmena emango die EAEko herritarrei beren etorkizun sozial eta politikoa erabakitzeko; gainera, hori guztia 2016. urtetik aurrera gertatzeko aukera eskainiko du”, adierazi dute.

Uberak eta Matutek agertu dutenez, EAE paralisi egoera batean dago. “Nafarroan Aldaketa politiko ilusionagarria egonkortzen den bitartean eta atzera bueltarik gabeko bidea marrazten ari diren bitartean; Ipar Euskal Herrian mugimendu politiko, sozial eta instituzional transbertsal batek egitura instituzional propioa edukitzeko bidean aurrera egiten duen bitartean; EAEn paralisia ezaugarri nagusi daukan aroa bizi dugu”. Paralisi hori “egiturazkoa” dela esan dute, “paralisia ereduarena berarena delako”.

“Porrot” baten aurrean gaudela adierazi dute. “Euskal gizartearenak ez diren esparruetatik etorri beharko liratekeen erabakien zain egotearen porrotaren aurrean gaude”. “Garai berrietarako errezeta zaharrak erabiltzearekin tematuta jarraitzen dugun bitartean, paralisiak jarraituko du, porrotak jarraituko du”, gaineratu dute.

Era horretara, egoera horretatik ateratzeko beharra azpimarratu dute Uberak eta Matutek.“Logika hori irauli behar da, aurrera egiten hasi behar gara. Gaur eta orain hartuko ditugun erabakien bitartez gure etorkizunaren jabe egiteaz ari gara. Eta EH Bilduk lanean tinko jarraituko du, uste baitu hurrengo urtea erabakiak hartzeko urtea dela; herritarren urtea izango da, paralisia gaindituko dugun urtea”.

Erabakiak hartu ahal izateko, baina, tresnak behar ditu euskal gizarteak EH Bilduko bozeramaileen esanetan. “Garai politiko eta sozial berrirako tresnak behar ditugu. Euskal gizartearentzat ilusionagarriak izango diren eszenatoki berriak ahalbidetzeaz ari gara. Era horretara, hurrengo abenduaren 4ean EH Bilduk erregistratuko duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Herritarrak Ahalduntzeko Legeak ahalmena emango die EAEko herritarrei beren etorkizun sozial eta politikoa erabakitzeko; gainera, hori guztia 2016. urtetik aurrera gertatzeko aukera eskainiko du”.

Hobeto bizi ahal izateko herritarrek beren eskuetan daukaten tresna dela erabakitzeko eskubidea azaldu dute. “Gure herriko klase herri-klaseak dituen arazoei konponbidea emateko tresna da; herri gisa daukagun ahalmen osoa baliatzeko tresna da. Beste lurraldeekin ditugun harremanak zeintzuk izango diren erabaki nahi dugu, baina nola bizi nahi dugun ere erabaki nahi dugu: zein den eredu sozial egokiena, zein azpiegitura politika eduki nahi dugun, zeintzuk diren gizarte gisa partekatu nahi ditugun ikurrak...”.

Uberak eta Matutek azaldu dute Herritarrak Ahalduntzeko Legea herritar ororengana iristeko sozializazio aro bati ekingo diola EH Bilduk. “Gure herriaren demokratizazioa helburu izango duen aro berri bati ekiten dio EH Bilduk, eta horretarako, tresna berria jarriko du herritarren eskura. Ahalik eta adostasun zabalenak bilatuko ditugu horretarako: ez dugu nahi EH Bilduren legea izatea, euskal gizarte osoarena izatea nahi dugu”.

Gaineratu dutenez, Herritarrak Ahalduntzeko Legea herri tresna gisa ulertzen du EH Bilduk. “Garrantzitsua da euskal gizarteak bere egitea legea; Legebiltzarreko lau hormetatik ateratzea funtsezkoa da”. Era horretara, hurrengo urriaren 10ean Plaza Publikoan aurkeztuko du EH Bilduk Herritarrak Ahalduntzeko Legea, herri honetako eragile sozial guztiek lehen eskutik ezagutu dezaten. “Lege honek bere baitan daukan mamia eta espiritua praktikan jartzeaz ari gara, eta hori Legearen prestaketara bertara eraman nahi dugu: herri honetako eragile sozialek eta herritar guztiek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute”, amaitu dute.

EH Bildu