Arramendi kaskoan Aitzoli galdezka

Joseba Barriola - Alternatiba

Iluna zegoen oraindik, Arramendiko kaskora igo nintzenean. Zeruko ertz batean “Hiru Erregeen” konstelazioa, beste ertzean “Hartza Handia”-rena. Bien artean bost puntakoa. Eta ehunaka izarren tartean, distiratsu, Ilargi txikitxoa eta Artizarra. Aiako Harria ilun, Jaizkibel aldean Papelerak hedatutako ke zuriaz egindako xingola herriko gauargiz argitua. Aitzolekin elkarrizketa enpatiko bat egitea bururatu zitzaidan. Enpatikoa esanez, bere gogoaren muinarekin lotura egiten saiatzea esan nahi dut. Nik egiten nizkion galderak eta bere gogo enpatikoak erantzun. Hauxe da gertatu zena:

Kaixo Aitzol. Nola zaude?

Ni zigortua nago. Preso nago. Eta gaixotasun larri batek harrapatua nago. Nagoen egoeran batzuetan heriotzaren beldur nago. Beldur daude ere kartzeletako agintariak. Izan ere, preso bat jarri dute nirekin zelda berean ni zelatatzeko. Ez dute funtzionario bat jarri, preso bat. Ez dute nire lagun presoren bat jarri, preso bat baizik. Baditut preso lagunak eta baita medizina eta psikologia ikasten ari direnak, bainan ez dute horiek nire ondoan jarri. Zergatik daude beldur? Segur aski konplikatu xamar egingo zitzaielako, hainbeste urtetan kartzelan egondako preso gaixo larri bat hiltzen bazaie. Egon, bada, holaxe nago. Gaixotasunarekin jokoan, bizitza duin baten aldera eraman nahian egoera.

Zergatik zaude horrela?

Erabaki bat hartu nuen gazteago nintzenean, ETAkide izateko erabakia. Espainiako Gobernuak, bere aldetik, erabaki zuen ETArekin ezin zela negoziatu ezer eta ETAko guztiak preso, atzerriratu edo hilak egon behar ginela. Eta harrapatu ninduten. Bainan ez da arrazoi bakarra. Ni baino askoz ere gaixotasun suabeagoak izan duten beste preso batzuk (Tejero edo Galindo adibidez), borroka armatua egiteagatik kondenatuak, aspaldian daude libre. Aldiz, niri presoaldi askoz luzeagoa eginarazi didate, eta gaixotasun askozaz ere larriagoa izanda ez naute askatzen. Bainan bada beste arrazoi bat. Espainiako justizia guztiz faltsua da. Esaten dute bakeagatik hartu gaituztela preso, bainan gerrak antolatu eta ordaindu duten presidenteak (Felipe Gonzalez, Aznar, Zapatero, Rajoy) libre daude eta ohore eta soldata handiekin bizi dira. Esaten dute borroka armatua ezin dela inongo helburu politikogatik ez praktikatu eta ez justifikatu, bainan beraiek gerra armatua (Jugoslavia, Irak, Afganistan…), eta kolpe militarrak (2002ko Chavez-en kontrakoa, Aznarrek eragindakoa eta Zapaterok urte batzuk geroago babestua) eragiten dute helburu politikoak eta ekonomikoak lortzearren. Espainiako justizia faltsua da eta hipokrita. Ez da justizia, baizik eta boteredunen interesen araberako justizia. Horri deitzen diote etika sakro-santua.

Zu, Aitzol, norbait zara. Preso dagoen norbait. Gaixotasunarekin hil ala biziko jokoan dagoen norbait. Arrazoi batzugatik egoera batean dagoen norbait zara. Hauxe da bada galdera: Nor zara zu?

Nire bizialdia bukatutakoan bakarrik esan nezake nor naizen. Bitartean, erantzun probisionala baizik ezin dut eman. Momentu honetan nor naizen, alegia. Eta esango dizut, pentsatzen jarrita, erabaki askoren emaitza naizela.

Lehenik nire aurrekoen erabakien, eta guztiz bereziki nire gurasoen erabakiaren emaitza naiz. Beraiek erabaki zuten ni mundura ekartzea. Ez zekiten zenbat poza eta zenbat sufrimendu etorriko ziren erabaki haren ondoren, bainan erabaki zuten. Mundura ekarri, zaindu, lagundu, nire ondoan egon beti, unerik gogorrenetan ere. Aitaren patxada maitekorra, amaren negar bizigarria. Hori da gurasoei eskertzen diedanaren muina. Ni naiz beraien erabakiaren emaitza bizia.

Gainera, nire bizitzan hartu ditudan erabakien emaitza naiz. Eta nagoen egoerarekin lotura zuzena duten bi erabaki berezien emaitza. Esan dut lehenago gazteago nintzenean ETAkide izateko erabakia hartu nuela. Erabaki zaila, zalantza asko gainditu ondoren hartua, erabaki neurri batean mingotsa ere, bainan adorez eta konbentzimenduz hartua. Gogo batek bultzatu nindun urratsa egitera: gure herriaren eta gure herriko jende bakoitza eta guztiaren askatasunaren alde egitea. Eta gogo hari eransten badiozu ezarrita zegoen sistema konstituzionalarekin askatasunerako ate guztiak itxiak ikusten nituela, ulertzekoa da gogoak hartu zuen borroka modua. Modua eztabaidagarria izan daiteke. Guk beti egon gara eztabaidan: Ondo analizatu ote genuen egoera eta gure ekintzen ondorioak. Hartutako bidea egokia ote zen edo ez, askatasunera iristeko. Egindako gauzen artean ondo eginak edo gaizki eginak egon ote ziren. Bide horretan gehiegi luzatu ote ginen edo ez. Eragindako sufrimendua (gure artean eta gure artekoak ez zirenen artean) merezi ote zuen. Hori dena eztabaidatua izan da, haserreak ere piztu dira, zatiketak, tentsioak. Eztabaidatu daiteke eta ari gara. Hortik ere ikasi dezakegu dugun gogoa (herritarren bizitza duina eta askea) indartu dadin.

Bigarren erabakia, berriz, amankomunean hartu duguna izan da. Borroka modua uztea, askatasun gogoari arnas eta indar gehiago emango diola ustetan. Berriro ere, geroak argituko digu, erabaki egokia izan den ala ez. Bainan, momentu honetan, eta argudio serioekin, horretan gaude eta nago. Hau izan da beste erabaki garrantzitsu bat. Eta aldaketa honen ondoren, hemen nago preso. Egunero erabakitzen dut bizitzari baietz esatea, eta bizitzari zukua ateratzea, zuku gozagarria, adimentsua niretzako eta nire herriko jende guztiarentzat. Aurrerago esanen dizut nolatan mugitzen naizen, zer ari naizen ikasten ahalegin, batzuetan gogor, batzuetan etsipenetik gertu, baina beti, jasotzen dudan maitasun, laguntasun, babes eta animoak eskertuz eta nire alea jarriz, ahalegin saiatu honetan.

Eta esan dezaket nire bizitzan hartutako erabaki guztien emaitza naizela, eta nire nor izatean aipaturiko bi erabaki horiek eragin berezia izan dutela, eta nire egoerarekin guztiz lotuak daudela. Guzti horren emaitza naizela ni. Erretorikoa badirudi ere, esango nuke bizitzeko eta bizitza aske izateko gogoak bultzaturiko erabakien emaitza naizela.

Zer eskatzen diozu herriari?

Hasteko esan nahi dizut ni ere herria naizela, herriaren zatitxo bat. Orduan nik herriari, herrikideei, ez diot ezer eskatzen. Nik eskertzen diet nire kartzelaldia bukatu dadin ahaleginak egiten ari diren herrikideei. Ni pozten naiz nigan dagoen herri biziaren ametsa (herri askea, euskarari atxikitua, feminista, pentsamendu librekoa, bakezalea, lurraren zaintzailea, etorkinei irekia, eta edozein zanpaketaren aurka altxatzen ahalegintzen dena…) aurrerapausoak ematen duenean. Nire bizitzeko gogoa elikatzen da gurasoen bisitekin, lagunen eskutitzekin, ezezagunek gurasoen bidez bidaltzen didaten besarkadekin, herrian egin zen giza-katearekin, hitz batez erakusten nauzuten maitasunarekin eta ematen didazuten babesarekin. Nik ez dut ezer eskatzen. Hori bai, nahi eta nahi ez, nire egoerak esaten du, eta hitz hori esatea zilegi bekit: ni preso nago, bainan ez gaitezen engaina, denok gaude herrien kartzela den sistema batean, denok gaude merkatuaren lege itogarrietan kateaturik. Aska gaitezen denok batera.

Izarrak ezabatzen ari dira. Aiako Harriaren atzekaldetik goiz-albako lehen zuritasunak marraztu dute mendiaren irudia. Elkarrizketa enpatikoa poltsikoan gorde dut. Herrira jaitsi naiz. Amatxin kafetxo bat hartu dut. Etxera abiatu naiz. Ordenagailuaren aurrean jarri naiz.