Alternatibak baikor hartu du Otegiren askatasuna eta gogora ekarri du bere lana, zigortu zutena, bakerako oinarri izan dela

Alternatibako bozeramaile Alba Fatuartek oso baikor hartu du biharko egunean Arnaldo Otegi eske gelditzea “sei urte luzeren ostean, bakearen alde eta gatazka gainditzeko lan egin izanagatik zigortua izan zela”. Albistea, alabaina, Rafa Diez Usabiaga kartzelan jarraitzearekin “lausotuta dator, berez euskal herritar guztientzat eta mundu osoan Otegi zein Bateragune auziko beste lagunen askatasuna eskatu duten milaka lagunentzat pozgarria den gertakaria ilunduta”.

Fatuartek nabarmendu egin du Arnaldo Otegik iraganean eginiko lana, “zigortu zutena, eta egungo bakerako oinarrizkoa izan dena, euskal gizarteak espero duen elkarbizitza zein normalizazio politikoa eraikitzeko azken batean”. Sorturen idazkari nagusia preso mantendu izanak “Espainiako gobernuaren zapalkuntzan eta mendekuan oinarritutako politikari baino ez dio erantzuten, herritarrek behin eta berriro eskatutakoaren kontra gainera”.

Ezkerreko alderdiarentzat, Otegi kalean egotearekin batera “aukera berria zabaltzen da, pertsona guztien eskubide guztiak berrezarriko diren errealitatea eraikitzeko, inork galdu edo oztopatu beharko ez lukeen aukera”. Horregatik, Fatuartek Otegiri ongietorria emateko datozen egunetarako antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin du, “konponbide demokratikoen garaian, bera bezalako jendea, iraganean bakearen aldeko apustua egin zuena, egun zein etorkizunerako ere beharrezkoak direlako”.

Hala, Alternatibaren ordezkaritza zabalak parte hartuko du datorren larunbatean Donostian, Anoetako belodromoan, egingo den ekitaldi nagusian; Fatuarterekin batera, Oskar Matute, Joxe Iriarte ‘Bikila’. Ayem Oskoz edo Diana Urrea han izango dira, beste askoren artean.

Alternatibako hainbat kide Arnaldo Otegiren preso zenbakiarekin
EranskinaTamaina
8719600510.jpg1.53 MB