Ordenagailua, ezinbesteko lagun

Hector Prieto Alternatibako kide eta Aretxabaletako EH Bilduko zinegotziarekin erreportajea egin du Goiena aldizkariak. Bere borrokaren berri ematen digu, besteak beste, Mirari Altube kazetariaren artikuluak.

Ahots barik geratu zen iaz Hector Prieto (Aretxabaleta, 1983). Baina horrek ez du isildu, ez horixe. Ordenagailu baten laguntzarekin zinegotzi lanean jarraitzen du, sare sozialetan gogotsu dihardu eta historia kontuen gaineko hainbat proiektu ditu buruan.

Muskuluetako gaitz degeneratiboa du Prietok, eta urte asko daramatza gurpildun aulkian. Eskuak mugitu barik ere aise idatzi du ordenagailuan oraintsu arte, ahotsak lagunduta. Gaitzak, baina, aurrera jarraitzen du eta iaz ahots barik geratu zen. "Hilabete gogorrak pasatu nituen, baina lanerako gertu itzuli naiz". Asko du esateko eta besteekin partekatzeko eta horretan lagunduko dion ordenagailua jarri diote: "Ohiko tableta da, baina arratoia begiekin mugi dezaket. Gainera, idatzitakoari ahotsa jartzen dion programa dut".

Teknologi baliabideei oso eskertuta dago: "Elbarritasunak ditugunondako mundura zabaldutako leiho bat dira". Horrez gain etxekoen babes handia du: "Horiek barik ezinezkoa zatekeen egin dudan guztia, euren bultzada ezinbestekoa dut une txarretan", eta batez ere ama nabarmendu du: "Nire bizitzaren zati handi bat da, beti alboan; ama benetan kementsua".

Blog bi eta historia kontuak

Iazko ekainetik da zinegotzi Prieto: "Aitak, gaztetan, sindikatuen inguruan jardun zuen eta horren eraginez edo nik beti izan dut kontzientzia soziala. Zinegotzi izan zen Tomas Fernandezek proposatu zidan 2011n Bilduren zerrendan joateko eta baietza ematearekin batera Alternatiban afiliatu nintzen". Gizarte Zerbitzuak beste aldetik ezagutzen ditu eta esperientzia hori eroan gura izan du udaletxera: "Etxerik etxeko laguntza hobetu gurako nuke batez ere; erabiltzaileen eta laguntzaileen egoera. Ondo ordaindu gabeko lana dela kontura gaitezen gurako nuke, batez ere emakumeek egindakoa", dio eta gaineratu du: "Borondate politikoa behar da etxerik etxeko zerbitzua egoitzen alternatibatzat hartzeko".

Zinegotzi lana bateratzen du idaztearekin: "Oso gustuko dut, eta une gogorretan asko lagundu izan dit". Sare sozialetan ere ibiltzen da, batez ere Facebooken, eta bi blog ditu: "Lehengo Rinconcito de los Sueños orain Atxabalta Redvolution bihurtu dut eta hor nabil. UDAko kontuak jasotzen ditudan Pasion Celeste, ostera, geldi daukat. Datorren denboraldian helduko diot berriro, futbolzale asko ditut horren zain eta". Historia ikasketak ditu eta buruan badu proiektutxoren bat: "Hainbat dokumentu jasotzen bukatu berri dut eta aurrerago helduko diet".

Aurten 33 urte beteko ditu Aretxabaletako gazteak. Etorkizunera begira egon beharrean egunean egunekoa bizi du: "Che Guevarak zioen esaldi bat dut oso gustuko: "Bizitza honetan aire-ahokada bakoitzeko egin behar da borrokan". Asma zuelako asko sufritu zuen hark, baina ez zuen sekula amore eman".

Goiena