EHBilduk arrantzu ministroaren urgentziazko agerraldia eskatu du Frantziako estatuarekin adostutako akordioen berri eman dezan

Alternatibako kide eta EHBilduren diputatu Oskar Matutek, Isabel Garcia Tejerina ministroaren urgentziazko agerraldia eskatu du hegaluzearen kanpaina bukatutzat emateko Arrantzu Ministerioak hartu duen erabakia dela eta.

Diputatu subiranistaren arabera, Espainiako gobernuak “alde bakarrez” eta “azkarregi” hartu du erabakia. Bere esanetan, “Tejerina andreak ez du aldez aurretik sektorearekin hitz egin”. Matutek gogoratu duenez, arrantzaleek ez dute kanpaina honetan zegokien arrain kopurua harrapatu eta beraz, “1.200 tona hegaluze ehizatu gabe geratu dira Espainiako gobernuaren erabakiz”.

Bere esanetan, “erabaki honek zailtasun handiak eragiten dizkio euskal arrantzu sektoreari”. Are gehiago, Matutek esan duenez, “sektore honek dagozkion kupoak bete ditu, kupo horiekin ados izan ala ez”.

“Ministerioak ez du kontuan hartu euskal arrantzaleen iritzia eta esperientzia, eta are gutxiago itsasoarentzat horren kaltegarri ez diren arrantzu teknikak”, esan du.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroaren urgentziazko agerraldia eskatu du gaur Diputatuen Kongresuan.