Alternatibak bat egiten du STEILAS eta ELA sindikatuek LOMCEren aurka deitutako mobilizaio egunarekin

Alternatibak bat egiten du biharko, urriak 26, STEILAS eta ELA sindikatuek, hezkuntza alorreko hainbat eragileren babesarekin, Hegoaldean deitutako mobilizazio egunarekin, Euskal Herriarentzat hezkuntza sistema propioa aldarrikatu eta LOMCE zein honen izenean aplikatutako Heziberri eta errebalidak ezartzearen aurka.

LOMCEren kontrako hitzak ez ezik, urratsak ere egin behar direla gogorarazi behar zaie Gasteizko zein Iruñeko gobernuei, izan ere, erreformaren ondorio larrienetako batzuen aurrean, kontrol neurriak kasu, Hegoaldeko administrazioek jaso egin dituzte errebalidak Heziberriren bidez EAEn eta Hezkuntza legearen bidez Nafarroari dagokionez. DBH eta Batxilergoa gainditzeko ebaluazio horiek zer nolakoak izango diren ere inork ez daki, baina aski ezaguna da, aldiz, Espainiako lege atzerakoi bat onartzearen ondorio direla.

Horregatik, pertsona aske eta burujabeak sortu behar dituen hezkuntza sistema propioaren alde, eta eredu kapitalista elikatzea asmo duen eredu baten kontra, bihar ikastetxeetan deitutako lanuztearekin zein arratsaldez lau hiriburuetan antolatutako elkarretaratzeekin bat egitera deitzen dugu.