Juan Puerto: «Idigorasekin-eta ohartu nintzen izan zaitezkeela komunista eta abertzalea»

Juan Puerto Morcillo komunista zen XX. mendean, eta komunista da XXI.ean. «Hil arte komunista», dio. Denborarekin abertzale sentitzera ere heldu da Extremaduran jaiotako adineko militante hau. PCEn eta beste alderdi batzuetan ibili ostean, duela zortzi urtetik Alternatibako kidea da. «Euskal ezker osoa» batzearen alde dago.
 
Alternatiba alderdiak Juan Puerto Morcillo militante komunistari buruzko dokumental bat egin du, eta udalerri batzuetan emanaldiak eskaintzen hasiko da; lehen saioa, Gasteizen, hilaren 13an. Espainian jaio zen Puerto (Calamonte, Extremadura; 78 urte), baina 22 urte zituenetik Bilbon bizi da. Alternatiban dabil egun.

Extremadurakoa zara, eta 36ko Gerra garaian sortu zinen. Txikitako zer oroitzapen daukazu?
Onak eta txarrak ditut. Gure gurasoak errepublikanoak ziren, baina ez ziren politikan aurrean ibili. Gure aitak lana baino ez zuen ezagutu; hori zen egiten zekien bakarra. Gure ama behin jo egin zuten, kartel bat ipini zuen errepublikano bati eskailera eusten lagundu ziolako. Frankismoak Extremaduran ere gogor egin zuen errepublikanoen aurka. Baina bestela ere izan genituen familiako zorigaiztoko uneak guk. Anaia zaharrenak beso bat hautsi zuen 9 urte zituela, medikuak igeltsua jarri zion, baina anaiak azkura zeukan besoan, ez zioten sekula begiratu, eta besoa gangrenatuta hil zen. Ni artean jaiotzeke nintzen. Gero, 4 urte nituela, aita ito egin zen, urtegi batean lanean ari zela. Ama gure arrebaren haurdun zegoen orduan. Amak lana latz egin zuen familia aurrera ateratzeko. Aberats batzuen etxean jarduten zuen beharrean, jostun.

Noiz eta nola hasi zinen kontzientzia politikoa hartzen?
Mutilok 12-13 urterako gizonak ginen. Lan egiten genuen, eta jende heldu batekin egonda joan nintzen komunismoaren aldeko kontzientzia hartzen. Gogoan dut Antonio izeneko adineko gizon batek esan zidana: sekula ez arrimatzeko kapitalistengana, azkenerako jan egingo ninduketelako. Gurean ere jende asko eduki zuten miserian eta morroi. Baina, nolabait, eusten genion. Gero nire andrea izango zenaren etxean beti Pirenaica irratia entzuten zuten [ofizialki, España Independiente irratia zen, PCEk sortutakoa].

Frankistek inor fusilatu al zuten zuen herrian, Calamonten?
Bai, 62 lagun! Gure kalean, lau. Garai hartan 5.000 biztanle zeuzkan Calamontek. Fusilatuen familiak oso gaizki tratatzen zituzten. Adibidez, semea soldadutzara joan ez zedin eta etxean lagundu zezan, senarrak berezko heriotza eduki zuela sinatu behar izan zuten alargun batzuek. Borrokarako gogoa sortu zitzaidan.

Gosea ezagutu al zenuen zuk?
Neuk ez, baina ezagutu nituen umeak goserik. Ogia eta olioa izanda eguna salbatzen zenuen, baina guztiek ez zituzten.

1960an, 22 urterekin, Bilbora etorri zinen. Zergatik?
Alemaniara eta Kataluniara joateko aukera ere izan nuen, baina Bilbok tiratzen ninduen gehien. Gure herrian bazen bizartegi bat, Athleticeko bizartegia deitzen geniona, eta Athleticen jarraitzaile asko biltzen ziren han inguruan; neu, tartean. Bilbora etortzeko gogoa neukan, eta adiskide batzuekin animatu nintzen.

Familia Calamonten utzita?
Bai. Asko kostatu zitzaidan ama han uztea. Bi urtera etorri ziren ama eta arreba, aitona hil zenean.

Bilbora, nora etorri zinen?
Arangoiti auzora. Orduantxe ari ziren egiten. Hamarretik bederatzi Extremadurakoak ginen han.

Nolako Bilbo aurkitu zenuen?
Pobrezia handia ikusten nuen, txabola asko eta. Neu 1960an harrobi batean hasi nintzen, eta irabazitako diruarekin etxe bateko gela baten alokairua ordaintzen nuen. 1962an Etxeberria parkeko fabrika batean hasi nintzen.

Lehen Athletic aipatu duzula, San Mamesera joaten al zinen?
Athleticen abonatu egin nintzen berehala, eta a zer ilusioarekin joaten nintzen San Mamesera. Nik uste Extremaduratik etorri ginen denak Athleticekoak ginela. Behin, Athletic-Real Madril partidaren aurretik, estadio kanpoan zen batek 60 pezeta eskaini zizkidan neure txartelaren truke. Sarrera batek garai hartan 15 pezeta balio zuen, baina ez nizkion 60 pezeta haiek hartu, nola ba!

Euskal Herrira etorri berritan zenbat irabazten zenuen?
Astean, 450 pezeta. Horietatik 250, eta jadanik ama eta arreba neurekin batera zirela, etxeko bi gelen alokairuagatik eta jatorduengatik ordaintzen nituen.

Lan munduan zer giro zegoen?
Etxeberria parkeko lantokira sartu nintzenean, bi hilabeteko greba egin genuen. Errepresio latza zegoen, baina langileek ausardia handia erakusten zuten orduan.

Zer lortu zenuten grebarekin?
Ezer ez. Ni hasiberria nintzen, baina tailerrean bazen urteak zeramatzan jendea, eta, greba bukatzean, hasiberriak bezala sartu ziren; hutsetik hasi ziren. Lanorduetatik kanpo beste lan batzuk egiten hasi nintzen, derrigorrean; adibidez, Bilbon bertan, Otxarkoagan, kamioiak kargatzen. Astean denera mila pezeta irabazten hasi nintzen, eta, amarekin-eta duintasun handiagoz bizitzeko, Arangoitin bertan etxe bat erostera animatu nintzen. Uste dut 1968an erosi nuela; Bilbora etorri eta zortzi urtera. 80.000 pezeta kostatu zitzaidan. Hiru urte lehenago ezkondu nintzen, Calamonten. Emaztea Bilbora etorri zen, eta, gero, haren familia osoa.

Militantziari noiz ekin zenion?
Etxeberria parkeko tailerrean hastean, 1962an. CCOOn afiliatu nintzen, baina PCEn [Espainiako Alderdi Komunista] ere sasoi hartan sartu nintzen. Klandestinitate garaiak ziren, eta batzar mota asko egiten ziren. CCOO zen sindikaturik borrokalariena.

Zuzendaritza karguetan egon al zara inoiz?
PCEP Espainiako Herrietako Alderdi Komunistan behin egon nintzen, baina ez nik gogoa nuelako. Nik beti nahiago izan dut behe mailan lan egin.

Zu Bilbora etorri zinen garaian ETA eratu berria zen (1959), eta Bilbon bizi ziren sortzaile batzuk. Harremanik ba al zenuten?
Harremana, ez. Etxabe delako militante abertzale bat ezagutzen nuen, gure auzora etorri izan zelako, baina ez nekien ETAkoa zenik; gero jakin nuen.

Preso egon al zinen zeu inoiz?
Ez, bi aldiz atxilotu ninduten arren. Fitxatuta geunden. Tortura fisikorik ez nuen jasan neuk; psikologikoa bai, eta tratu txarrak. Jende askok pairatu zituen tortura fisikoak. Poliziak asko torturatzen zuen orduan. Gainera, jendea kontrolpean izateko metodo jakinak erabiltzen zituzten: zortzi lagun atzematen bazituzten, zazpi espetxera sartzen zituzten, eta bestea libre uzten zuten, baina libre geratu zen horren pistari jarraitzen zioten gero. Ni bi atxiloaldietan aske utzi nindutenez, baneukan segitzen ninduten kezka.

Espainian baino mugimendu antifrankista handiagoa al zegoen Euskal Herrian?
Bai, askoz handiagoa, zalantzarik gabe. Extremaduran beldur handia zegoen, eta jende askok horregatik oso menpeko jarrera izan zuen. Hemen gusturago nengoen ni, neure saltsan. Askatasuna izateko borrokatu beharra zegoen, eta Franco paretik kentzea zen helburua. Abertzaletasun berri bat egituratuta zegoen —ETA—, eta horrek mugimendu antifrankistari on egin zion. EAJkoak ere abertzaleak ziren, baina ez ziren bukaerara arte borrokatzen.

Zer iruditu zitzaizun Franco hil ondoren PCEk hartutako bidea?
Klandestinitatean PCE zen Espainian antolatuen zegoen alderdia. Borrokarako kontzientzia handieneko jendea zeukan. Baina gero gaizki deitutako demokrazia heldu zen, eta ni ez nintzen ados agertu trantsizio mota harekin. Militarrengatik gauza batzuk onartu egin behar zirela entzuten nuen PCEn, baina ni beti horren kontra agertzen nintzen. Begira zer konstituzio egin zen, betetzen ez dutena! Etxebizitza eskubidea, lan duina...; non dira? Gainera, Polizia eta armada berak jarraitu zuten, eta frankismoan hil egin zuen jendeari ez zitzaion konturik eskatu. PCE utzi egin nuen, eta EPK Euskadiko Partidu Komunista sortu genuen. SESBek [Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna] lagundu zigun horretan.

Zertaraino lagundu?
Bagenuen kontakturik, eta esaten ziguten interesa zutela euskal alderdi komunistak indarra har zezan. Baina hor utziko dut kontu hau, ez dudalako jende bat konpromisoan jartzerik nahi.

PCEk autodeterminazio eskubidea defenditzen zuen...
Baina paperean baino ez zeukan hori. Oso jarrera eskasa zuen. EPKn ginela ezkerreko abertzale batzuekin harreman handiagoa izan genuen; batik bat, HASIkoekin [Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea]. HASIn zebilen Txomin Ziluaga, eta asko gustatzen zitzaidan politikari modura.

Santi Brouard ere HASIkoa zen.
Hil zutenean [1984], izan nintzen haren aldeko omenaldian, Bilbon. Sekulakoa izan zen, egundokoa. Urte erdi batera Sevillako [Espainia] herri batean izan ginen, Badolatosan, Santiago Brouard medikua auzoa inauguratzeko. Andaluziako iraultzaileek antolatu zuten ekitaldia, Comisiones Obreras del Campokoek. Han izan ziren HBtik Jon Idigoras eta Txomin Ziluaga ere, baita Brouarden alarguna eta alaba bat ere. Ondo gogoan dut alargunak [Teresa Aldamizek] egindako hitzaldia; iraultzailea egin zuen, izugarria. Idigorasen kontrako pintaketak azaldu ziren, baina barre egiten zuen. Ni garai haietan ohartu nintzen aldi berean izan zaitezkeela komunista eta abertzalea. Ordura arte uste nuen kontraesan bat zela. Komunista nintzen —hil arte hala izango naiz—, eta autodeterminazio eskubidea defenditzen nuen, baina ez nintzen sentitzen abertzale. Idigorasekin eta Ziluagarekin ohartu nintzen biak batera izan zaitezkeela.

IUn-eta ibili ostean, duela zortzi urte Alternatiban sartu zinen, haren sorreran. 2011n hura Bildun sartzearen alde al zeuden?
Bai, eta hori defenditu nuen. Ezker abertzalean eduki izan dute jarrera sektario bat; neuk ere ezagutu eta pairatu nuen hori, Arangoitin, Ezker Batuan nengoela, faxista-eta deitzen gintuztelako. Baina nire kideei beti esaten nien euskal ezkerrak batu beharra zuela. Gauza asko gertatu dira, era denetakoak, baina hemengo ezker osoak elkartu beharra du. 2010ean Alternatiba ezker abertzalearekin hizketan hasi zenean, lankidetzaren alde azaldu nintzen. Uste dut oraindik ere euskal ezkerrean batasun handiagoa lortu behar dela; adibidez, Euskal Herriko Ahal Dugu-rekin lortu behar dugu lankidetza bat, edo Ezker Anitzarekin. Hala ere, ikusiko dugu zer bide hartzen duen Podemosek; nik uste PSOEren bidetik doala, sozialdemokraziaren bidean, sozialistek baino jarrera aurrerakoiagoarekin.

Gustura al zaude EH Bildu egiten ari den lanarekin?
Bai, oso. Arnaldo Otegik ezker abertzalea kohesionatu egin du, eta horrek on egin dio EH Bilduri ere. Pertsona osoa da, eta harengan sinisten dut. EH Bilduk oso emaitza onak lortu ditu EAEko azkeneko hauteskundeetan; 18. aulki hori oso garrantzitsua da.

Joaten al zara jaioterrira?
Badira bi urte ez naizela joan.

Herriko lagunei-eta esaten al diezu EH Bildukoa zarela?
Bai, ez dut arazorik esateko. Batzuek esan izan didate EH Bildukoak hiltzaileak direla eta abar. Hedabideek eta politikariek buruan sartzen diete informazio bat... EH Bildu zer den azaltzen diet, nola dagoen Euskadi...

Euskal Herria izango al da estatu independentea?
Asko falta da horretarako, luzerako doa. Baina herritarrek nahi baldin badute, izango da.

Zer diozu bakegintzaz?
Extremaduran Guardia Zibilarekin asko sufritutakoak gara gu. Umiliatu egiten gintuzten. Behin ezkurrak biltzen harrapatu, eta txerriei jaten ematera behartu ninduten. Amorru handia izan diot Guardia Zibilari, eta ez dut erreparorik esateko ETAk guardia zibilak hiltzen zituenean batzuetan pena handirik ez nuela hartzen. Baina ohartu nintzen hortik ez zela gauza onik etorriko. Beraz, autokritika hori egin beharra daukat. Azkeneko urteetan giro berri bat dago, eta ezinbestean baliatu behar dugu bakea eta elkarbizitza bat izateko.
 
BERRIAn argitaratua, Enekoitz Esnaolak eginiko elkarrizketa