Giza eskubideen eguna

Joseba Barriola - Alternatiba

Bihotzez estimatzen dudan lagun batek 2015ean argiraturiko liburu batean honakoak esaten zituen: «Bila dezagun giza eskubideen ideian oinarritutako bide bat»; «Memoria berreskuratzeko lan orok guztiona izango den oinarri sendo eta legitimatu bat behar du: Giza Eskubideak»; «Giza eskubideek hizkuntza unibertsal bat eskaintzen dute. Bidezkoa dena eta ez dena erabakitzen duen epaile gisa onartuta daude oro har, eta errespetuaren mugak ezartzen dituzte giza harremanetan».

Giza eskubideen hizkuntza unibertsala, Babel Dorrearen ataka berberean dago. Egoera kaotikoan. Hitz bera erabiliz, gauza bat eta kontrakoa aldarrikatzen eta ulertzen da. Horregatik, inork ez du ezagutzen giza-eskubide izeneko epailerik. Ezinezkoa da, bada, existitzen ez den epailea, oro har, onartua izatea. Nork interpretatzen ditu giza eskubideak?

Konfusioz beteriko eta epailerik gabeko eskubidea nekez izango da oinarri sendo eta legitimatua.

Inoiz ez dira hain aldarrikatuak izan giza eskubideak, baina aldi berean inoiz ez dira hain hankaperatuak izan. Gertatzen da gure egunotan, XVII-XVIII. mendeetan gertatu zena. Orduan, Ilustrazioko pentsalariek formulaturiko eta garaiko iraultzetan (Ameriketako Estatu Batuen independentzia, Frantziako Iraultza) oihukaturiko liberté, egalité, fraternité nahiak astindu zuen garaia, eta Giza Eskubideen Aldarrikapenak aireratu ziren munduan zehar.

Justu mende horietan, eta hain zuzen iraultza horiek egin ziren estatuetan, beltzen, indiarren eta txiroen trata eta esklabotza eskandalagarriro hedatu ziren. Frantziako Iraultzaren ondoren nagusitu zen Napoleonek, gerra deklaratu zion esklabotza abolitu zuen Haitiko Iraultzari.

AEBetako buruek (George Washingtonek eta besteek) Independentziaren Aldarrikapenean esaten zuten: «Berez ebidenteak diren egiak sostengatzen ditugu: gizaki guztiak berdinak sortuak direla; Sortzaileak alienaezinezko eskubideak ematen dizkiola; horien artean, bizitza, askatasuna eta zorionaren bilaketa». Baina mende bat geroago, Sezesio Gerran, esklabotzaren amaiera legala onartu zen eta oraindik orain, horrela dabiltza.

1948an Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideak «onartu» zituen. Ala, II. Mundu Gerraren irabazleen (eta batez ere AEBen) komenentziazko giza eskubideak aldarrikatu zituen? Aldarrikatu eta eskubideen manipulazioa praktikatu? Izan ere –eta askoren oroimenean oraindik egongo den moduan–, azken hamarkadetako gerrak ez al dira kapitalaren akumulazioa bermatzeko egin eta giza eskubideen izenean justifikatu? Zeren izenean justifikatu zen Irakeko gerra? Demokraziaren izenean. Zeren izenean Afganistaneko gerra? Emakumeen eskubideen izenean. Zeren izenean babesten da Israelgo Estatu arrazista eta terrorista? Libertatearen izenean. Nor da giza eskubideen epailea? Abu Graib eta Guantanomo praktikatzen duena, munduko estatu atomiko hiltzaile bakarrak.

Giza eskubideen eguna ospatzea ez dago gaizki. Baina hiru azpimarra gabe, ospakizuna antzua litzateke eta zurikeria.

1.- Giza eskubide unibertsalak omen dira, baina estatu bakoitzak du ardura lege bihurtzeko. Eta estatu bakoitzak definitzen ditu, eta lege bihurtu, bere interesen arabera. Horrela, Espainiako Atzerritarrei buruzko Legeak erabakitzen du “nazionalak” ez direnak eskubiderik gabe uztea. Horrela, Europar Batasunak erabakitzen du harresi fisikoa jartzea munduan ibiltzeko eskubidea ezinezkoa bihur dadin milioika pertsonarentzat. Horrela, gure herrikide batzuek (askok) uste dute erlijio askatasuna amaitzen dela auzoan meskita bat eraiki nahi dutenean. Torturatua ez izateko eskubidea dugu, baina milaka torturatu badira, eta justifikatzen da segurtasun (terrorifiko) baten izenean. Eta abar….

2.- Giza eskubideak onartuak izatea (etxea, osasuna, eskola, lana….), baldin eta dirurik gabe egonik eskubide horiek praktikaezinak bihurtzen badira, faltsukeria da. Adibidez: Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua (beharrak asetzea baino lehentasun handiagokoa da zorra ordaintzea) giza eskubideen ukazioa da eta justifikatzen da «garapen ekonomikoaren» izenean. Alta, kapitalaren akumulazioa, produkzio-esplotazio bitartekoen «jabetza pribatua», eskubidea al da? Hau da, langilea miseriara kondenatzea eskubidea al da? Informazioaren monopolio mediatikoa izatea, zer pentsatu eta zer balioztatu behar dugun jabeen esku egotea eskubide al da edo tirania mediatikoa? Eta, erne, tiraniaren aurka matxinatzea eskubidea al da?

3.- Eskubidea, beharra eta pribilegioa bereizi behar dira. Autoa edukitzea, beharra izan daiteke, baina ez da eskubidea, pribilegioa baizik. Turismo egitea ez da eskubidea, agian desioa edo beharra, baina pribilegioa da. Mundu guztira hedatu ezin daitekeen beharra edo desioa pribilegioa da, eta ez eskubidea. Mundu guztia autoarekin edo mundu guztia turismo egiten, hondamen ekologiko itzela litzateke.

Giza eskubide unibertsalak desio gisa existitzen dira, ez praktika gisa. Eta desio hori legez kateatua dago, logika ekonomikoaz tiranizatua eta kultura ofizial eta mediatikoaz manipulatua. Harresiz itotako desioa eta gure pribilegioez desitxuratua.

Naiz-en argitaratua