Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horrelaxe da!

Azken egunetan markesina ezberdinetan ohiko publizitate sexista ikusi ordez, Euskal Herriko Chrysallis elkarteak egindako kanpaina beharrezko bat ikusi ahal izan dugu. “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horrelaxe da! Horietako gehienek sufritu egiten dute, gizarteak errealitate honen berri ez duelako. Hitz egin beharra daukagu. Beraien zoriona zure esku ere badago” dio kanpaina honek.

Hain zuzen, hitz egiteko asko eman du kanpainak, baina tamalez ez espero zen norabidean. Hasteko, kanpaina publiko egin bezain laster Facebook orrialdeak irudia zentsuratu egin zuen. Jendartearen mobilizazioari esker berrezartzea lortu zuten ordea. Hala ere markesinetako kartelek ere jaso dituzte erasoak. Mezu transfoboz esnatu zen Iruñea kanpaina martxan jarri ondorengo egunean, Gasteizen ere kristalak apurtuta eta kartelak kenduta ikusi ditugu, eta errepikatu dira Bilbon ere.

Gogor salatu nahi ditugu eraso guzti hauek. Hain zuzen, kanpainak dioenaren kontrako jarrera oldarkor eta bortitz hauek pertsona transexual guztien kontrako sufrimendu biderkatzaile baitira. Norberaren dogma eta ideologia atzerakoiak, pertsonen ongizate eta zoriontasunaren gainetik jartzeak mespretxu handiena merezi du eta jadanik bizi-istorio gogor eta zailak dituzten pertsonen sufrimenduan sakondu nahi dutenen aurrean, aniztasunaren aldarrikapen irmoena egiten dugu. Pertsona heldu transexualak galdutako haurtzaroaz mintzo dira euren testigantzetan. Eta ikaragarria da jakitea haurtzaroan identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen suizidioen saiakera tasa %41ekoa dela (populazio osoaren %1,6a izanik).

Aitzitik, itxaropenez bete gaitu gazte transexualekin berriki egindako ikerketa beten emaitzak; kasu honetan, haien identitatea errespetatu zuten familiek, haien ondoan egon eta babestu egin zituzten, eta nerabezaroan blokeorako tratamendua eskaini zitzaien. Ikerketa honetan egiaztatu da, bai bizi eta zoriontasun kalitate indizeak, bai antsietate indizeak eta bakoitzaren gorputzaren itxuragatik dituzten kezkak, bere adin bereko populazio ez transexualaren antzekoak edo hobeak direla.

Horregatik, transexualitate egoeran dauden haurren, helduen, zein ingurune hurbilaren ongizateagatik Chrysallis elkarteak egiten duen lana berebizikoa da. Haiekin asko ikasi dugu azken urteetan eta garapen handia suposatu duten urrats asko ematen lagundu digute. Horrexegatik, haien jakintza eta bizipenetatik ikasten jarraitu nahi dugula eta bidelagun izango gaituztela esan nahi dugu gaurkoan.

EH Bilduk, dituen baliabide eta espazio ezberdinetan Chrysallisen lana bultzatu eta babesteko ekimenak egiten hasi edo jarraituko duela adierazi nahi du, eta publikoa izan beharko lukeen kanpainari bere babes osoa adierazi. Trasexualitatearen legearen garapenean, eskoletako programen sakontzean, herrietako trebatze eskoletan... haiekin batera lanean egongo gara.

Oztopo guztien gainetik, elkarteak egiten duen lana goraipatu eta txalotzea besterik ez zaigu geratzen. Eskerrik asko Chrysallis!

EH Bildu