Bilboko Udalak azpikontratatutako zerbitzuetan batez ere emakumea prekarietatearen biktima dela salatu dugu

EH Bilduko Aitziber Ibaibarriaga, Alba Fatuarte eta Izaskun Guarrotxena zinegotziek Udalak azpikontratatutako enpresetan dagoen prekarietatea salatu dute. Batez ere emakumeei eragiten dien prekarietate bat dela zehaztu dute.

Martxoak 8a hurbil dagoela gogoratu du Ibaibarriagak eta, Gobernuak inolako adierazpenik egin baino lehen, benetako egoera zein den deskribatu du.

Administrazioak egin dituen murrizketa eta azpikontratazioek eragin latza daukate emakumeengan. Emakumeak dira, normalean, lanpostu prekario horietan aritzen direnak eta, nahiz eta instituzioek berdintasunaren alde egin behar, hori ez da gertatzen. Bilboko Udalean egoera, zoritxarrez, ez da desberdina. Udal gobernuaren planaren oinarrietariko bi berdintasuna eta enplegua dira. Hala ere, administrazio honek azpikontratatutako zerbitzuetan generoan oinarritutako desberdintasunak ematen dira. Ez da kasualitatea administrazio honetako azpikontrata prekarioenetako lanpostu gehienetan emakumeak egotea”, azpimarratu du Ibaibarriagak.

Egoera horren zenbait adibide jarri dituzte. Fatuartek gogoratu du egoera prekarioena etxeko-arreta zerbitzuan, garbitzaileen enpresetan eta 010 zerbitzuan ematen direla. Etxeko-arreta zerbitzuan langileen %100a emakumezkoak dira eta desegonkortasuna nagusi da eta ez diete soldata igo 2014tik, nahiz eta enpresek haien prezioak %7a igo. 010 zerbitzuan ere denak emakumeak dira eta desengonkortasuna ere nagusi da hitzarmenak errespetatu gabe. Garbitzaileen %90a ere emakumezkoa da, lan zama itzela daukate eta urtarriletik hitzarmenik gabe daude”, zehaztu du Fatuartek.

Egoera zuzentzeko proposamena

Euskal Herria Bildu udal taldeak uste du konpromiso zehatzekin lan egiteko unea dela, instituzioak berdintasunaren alde daudela esateaz gain.

Guk proposamen bat egin eta aurkeztuko dugu martxoko Udalbatzan. Arloen arteko batzordeak egin dezala urtero sektore feminizatuenen diagnostikoa. Horrela jakin ahal izango da zein den egoera erreala eta kontratazioetan baldintzak ezarri ahal izango dira egoera zuzentzeko.

Uste dugu beharrezkoa dela marko hori sortzea azpikontratekin lan egin eta haien jarraipena egiteko. Berdintasun arloaren gidaritzapean egin beharko litzateke lan gizon eta emakumeen soldatetan dauden desberdintasunekin bukatzeko. Marko horretan sindikatuen lana ezinbestekoa izango litzateke jarraipen egoki bat egiteko”, esan du Guarrotxenak.

Azkenik, EH Bilduko zinegotziek adierazi dute mugimendu feministak Bilbon antolaturiko ekimenekin bat egingo dutela.

EH Bildu Bilbo