EH Bildu irekiagoa, parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa izateko konpromisoa hartu dute alderdiek

EH Bildu osatzen duten alderdiek (Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Sortu) ekitaldia egin dute, gaur eguerdian, Iruñeko Baluarten. EH Bilduren etorkizunari eta irekiko den ziklo berriari eragingo duten konpromisoa sinatu dute bertan alderdietako ordezkariek (Oskar Matute, Rebeka Ubera, Pello Urizar, Arnaldo Otegi).

Manifiesto:

EH Bilduk ordezkatzen duen kultura eta alderdi politiko desberdinen arteko ekintza-batasuna oso gertakari garrantzitsua izan da gure herrian, eta era berean Euskal Herri burujabea, justua eta baketsua lortu nahi duten pertsona guztien eskutan dagoen tresna eraginkorra izan da.

Egindako ibilbidearen balantzea erabat positiboa da. Hutsegite politikoak egin ditugula eta koalizioaren barne-kudeaketan akats nabarmenak izan ditugula inola ere ahaztu gabe, azkenaldian gure herriko gertakari politiko nagusietan lehen mailako eragile izan gara. Gertakari horiek garai politiko berri bat ireki dute, eta erabateko burujabetasunaren, justizia sozialaren eta bakearen bidean aurrerantz jarraitzeko baldintzak sortu dituzte.

Zailtasunak izan arren aberasgarria izan den bidea egin ondoren, honaino iritsi gara. Bide horrek ikasteko, hobetzeko, eboluzionatzeko eta heldutasuna lortzeko aukera eman digu. Orain, bost urteko ibilbidea egin ondoren, EH Bildu berritzeko eta partizipatiboagoa, irekiagoa eta inklusiboagoa izateko akordioa ahalbidetu zuten oinarriak berritzeko garaia iritsi zaigu. Beraz, alderdi subiranista eta aurrerakoien aliantza politiko-instituzionala berriz definitzeko eta, ondorioz, indartzeko garaia da. Aliantza horrek erabakitzeko eskubidea baliatzeko aukeraren alde egiten du, eta behetik eta ezkerretik eraikuntza nazionala eta gizarte-eraldaketa lortzeko formula eta pertsona guztien eskubide sozialak, ekonomikoak, politikoak, kulturalak eta hizkuntzari lotutakoak bermatzeko tresna izango da.

Ziur gaude euskal herritarren gehiengoa datorrela bat helburu horiekin eta herrialde aske, justu eta demokratikoa eraikitzeko asmoarekin. Proiektu horren garapenean alderdi aktibo izan nahi duten milaka pertsona horiei parte hartzeko gune eta era berriak eskaintzeko garaia dugu.

Gaur egun, EH Bildu, koalizioa sortu zuten eta osatzen duten alderdiez bestelako espazio politiko gisa sendotu da, eta alderdi horien batura baino gauza zabalagoa da. Horregatik, jauzia egin nahi dugu eta lau indar politikoren koalizioa izatetik ideia eta proiektu berriak eta alderdi jakin bati lotuta egon behar izango ez dutenak ekarriko dituzten pertsona eta sektore independenteak ere barnean hartzen dituen subjektu politikoa izatera igaro nahi dugu. Ez dugu galdetu nahi gutariko bakoitza nondik gatozen, baizik eta denok elkarrekin nora joan nahi dugun.

Bestalde, hala gatazka konpontzeko prozesuan izandako aurrerapenek, estatu espainiarraren eta frantsesaren jarrera obstrukzionista eta saboteatzailea izan den arren, nola Eskozian eta Katalunian dagoen subiranotasun-boladak, gure herriari beste aukera-leiho bat zabaltzen diote, eta hori erabat aprobetxatu nahi dugu.

Horrek guztiak kontratu berria egin beharra dakar, EH Bilduren egitura eta funtzionamendua nahiz praxis politikoa errealitate berrira egokitzeko aukera emango duena. Horregatik, lau alderdi sortzaileek beste konpromiso batzuk hartuko ditugu euskal herritarren, gure gizarte-oinarriaren eta gure militanteen aurrean, Euskal Herria Bildu berria eratzeko prozesua hasteko apustua eginez.
Zehazki, Euskal Herria Bildu osatzen dugun lau alderdi politikoek honako bi konpromiso hauek hartzen ditugu:

• Alderdi politikoen koalizio bat izatetik bere identitate eta militantzia propioa dituen eta irekia, inklusiboa, parte-hartzailea eta erabat demokratikoa den subjektu politiko bat izatera igarotzeko konpromisoa. Eta hori guztia alderdi politiko sortzaileen autonomia eta identitatea ezertan galarazi gabe, bakoitzak gure alderdien diskurtso, profil eta espazioei eusten diegulako, gure ustez horrek guztiak Euskal Herria Bilduk osatzen duen gune komuna indartzen baitu.

• Euskal Herrirako proposamen subiranista eta ezker eraldatzailekoa egunerako konpromisoa, eta horrek egungo egoeran zera dakar: eraldatzailea izango den eta euskal herritarrentzako estatu propioa eta sozialki aurreratua eraikitzera orientatuko den prozesu subiranista diseinatzea eta, hala nahi duten indar politiko, sozial eta sindikal guztiekin batera, gidatzea.

Funtsezko eguna da gaur euskal ezkerraren subiranismorako. Gaur, gure herriarentzat eta bertako herritarrentzat nahi dugun etorkizun hobe hori, milaka herritarrekin batera, eraikiko duen Euskal Herria Bildu berri hori gauzatzeko prozesuari hasiera ematen diogu. Hemen eta orain, ateak zabaltzen dizkiogu fase berri bati; pertsona, ideia, nahi eta ilusio berriei. Hemen eta orain, ateak irekitzen dizkiogu Euskal Herria Bildu berriari.

EH Bildu

EranskinaTamaina
EUS.pdf127.38 KB