Salgado: «Aldundiak 1.400 arabarrekin ez ditu bere obligazioak betetzen, Zerbitzu Sozialen euskal erakundean plaza bat izateko eskubidea duten arren»

EH Bilduk ohartarazi duenez, legeak ezartzen dituen betebeharrak ez dira betetzen Arabako Adinentzako Egoitzetan. Bi kasuetan ematen da egoera hori: itunpeko plazetan eta zerbitzuari lotutako prestazioen bidez finantzatzen diren plazetan. Hitzartutako 500 bat plaza daude, homologatu gabekoak eta, ondorioz, ezi ditu erakunde publiko batek erabili. Zerbitzuari lotutako 900 bat prestazio ekonomikoen kasuan, Arabako Foru Aldundiak aitortu duen bezala, eman diren arren, egoitza horiek ez zuten funtzionamendurako baimenik, hau da, ezin ziren zabalik egon. Guztira, 17 milioi inbertitzen ditu Foru Sailak urtean, egoitza publikoek dituzten baldintzak bermatzen ez dituzten bestelako egoitza pribatuetan.

“Arabako Foru Aldundiak 1.400 arabarrekin ez ditu bere obligazioak betetzen, Zerbitzu Sozialen euskal erakundean plaza bat izateko eskubidea duten arren, egoitza pribatuetara bideratu dituzten baina ez dituzte oinarrizko minimoak betetzen eta, horren ondorioz, diskriminazio argia pairatzen ari dira plaza publikoa dutenekin konparatzen baditugu”, ondorioztatu du Alternatibako kide eta Arabako Batzar Nagusietako batzarkide Luis Salgadok. EH Bilduk eskuratu dituen datuen arabera, hainbat egoitzetan ez dago medikurik, erizainik edo terapeutarik; askotan beharrezkoa den titulaziorik ez duten langileak daude eta, gehienetan, foru sailak ezartzen dituen formakuntza eta aisialdi programak ez dira ematen. Horrez gain, berez, sare publikoan dauden ratioak baino altuagoak dituzte egoitza pribatuetan (ia bikoitzak).

EH Bilduk azpimarratu duenez, aurreko gobernuek ere praktika hau sustatu dute. “Horrelako erabakiek helburu bakar bat dute: erabiltzaileen ongizatea eta langileen lan baldintzak kontuan izan gabe, dirua aurreztea. Iruzur baten aurrean gaude eta egoerarekin amaitu behar da modu planifikatu batean”, nabarmendu du. Izan ere, biharko kontrol osoko bilkurari begira, EH Bilduk bi interpelazio egingo dizkio Zerbitzu Sozialen Foru Diputatuari. Horren helburua argia da: jaso duen egoerari tamalgarri honi amaiera jartzea .

Arabako Foru Aldundiak berak EH Bilduk egindako informazio eskaerei erantzunez ikusi ditu EH Bilduk datu kezkagarri hauek. Izan ere, 2008tik eta 2015era oinarrizko baimenik ez zuten egoitzetara bidali ditu Aldundiak adineko herritarrak. Hau dena, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak erabiliz. Gogoratu behar da horrelako diru laguntzak behin-behinekoak direla baina Arabako kasuan asko luzatzen direla denboran. Gutxi balitz, horrelako egoitzei ezartzen zaizkien betebeharrak askoz baxuagoak direla.

Egoera honen aurrean hauek dira EH Bilduk egiten dituen proposamenak: zerbitzuari lotuta dauden prestazio ekonomikoak murrizteko kronograma zehatz bat, herrialdeko egoitza pribatuak legeztatzeko plan bat eta oinarrizko zerbitzu publikoak kontzertatzeko argi jasoko dituen baldintzak Foru Dekretu bat, beste herrialdetan dagoen bezala.

EH Bildu Araba