Juan Puerto, oinarrian eta ezkerrean beti

Deustualdeko Prest aldizkarian eta Bilboko Uriola webgunean argitaratutako erreportajea gure kide Juan Puertoren ibilbide militantea jorratzen duen dokumentalaren inguruan. Filma artikuluaren ostean eskaintzen dugu berriz ere.

Alternatiba alderdiko militante “nagusi eta berezienetako” da Juan Puerto Morcillo arangoitiarra. Ez da inoiz buruzagi politikoa izan, eta hala ere “saltsa guztietako partaide” izan da Juan. Bere bizitza eta militantzia jasotzen duen dokumentala ikusgai dago sarean.

Militante moduan ibilbide oparoa du Juan Puerto Morcillok, eta hori dela eta erabaki zuten Alternatibako ordezkariek egin zitzaiokeen omenaldi onena “bere ibildearen emaitza jasotzen duen zerbait ekoiztea” zela. 49 minutuko iraupena duen dokumentala da emaitza, Juan Puerto De Calamonte a Arangoiti izenekoa (AlternaFilms, 2016). Hainbat lekutan aurkeztu eta proiektatu ostean, Interneten sareratu berri dute nahi duenak ikus dezan. 

Mikel Carramiñana kazetari eta Alternatibako kidearengana hurbildu zen Juan Puerto bere bizipen asko idatzita zituela esanez. Meridan jaio (Badajoz), Calamonte herrian hazi eta 60ko hamarkadan Euskal Herrira lanera etorri eta bertan langileen mugimenduan eta ezkerreko politikan bizitako hainbat une jasota zituela, alegia. 90eko hamarkadara arteko oroitzapenak. Bere memoriak, baina “ez zentzu hertsian”. Testu horiek erabilita, elkarrizketaren bat atera zitekeela pentsatzen zuen Juanek. Mikeli, aldiz, beste zerbait egitea bururatu zitzaion, eta beste zerbait hori “dokumentala izan da”. Mikelek berak, “etxekoen artean” –Alternatibako kideak– osatutakoa. Eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, “uste baino lan potoloagoa izan da”. Hasteko, hiru orduko grabaketa egiteko lana eta, gero, 50 minutura heltzen ez den azken bertsioa muntatzeko. 

Juanen bizipena 60ko hamarkadan beste herri batera lanera joan den pertsonarena da. Alemania eta Bartzelona aukera moduan izan bazituen ere, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. Arangoitira, hain zuzen ere, bertan herrikide ezagunak zituelako. Iritsi zenean, Arangoitik oso bestelako itxura zuen. “Txabola eta etxe gutxi batzuk” baino ez zeuden. Taxista batek ez zuen bertara eramaterik nahi izan bidea “txarra eta arriskutsua” zelako. Arangoitin herrikideekin bizi izan zen. Txandaka egiten zuen lo “cama caliente” deritzanetan. Nahikoa diru izan zuenean etxebizitza propioa alokatu zuen, eta bere ama eta arreba ekarri zituen. 

CCOO sindikatuan eta alderdi komunistan, legez kanpoko alderdia zen garaian, hasi zen militante gisa. “Heldu eta gutxira ikusi zuen hemen bazegoela beste langile mugimendu bat Euskal Herria nazio bezala irudikatzen zuena eta bazegoela Euskal Herria subjektu politikotzat zuten beste komunismo bat”. Txomin Zuluaga eta Santi Brouardek bezala pentsatzen zuen “abertzalea ez ezik komunista edota sozialista izan zitekeela”, eta batik bat “ezkerrean uste baino eremu askoz zabalagoa bazegoela”. 

“Hein handi batean”, dokumentalak badu “ikutu berekoia” ere, zuzendariak ezkutatzen ez duena. Juanen bizitza eta bizipenak baliatu ditu Alternatibak zortzi urte eskasean alderdiak egin duen bidea irudikatzeko. Nolabait, Juanen eta Alternatibaren “ibilbideak paraleloak” dira Mikelen esanetan. Eta, besteak beste, ikus-entzunezko lanak erakusten du Alternatibak EH Bildu koalizioari egin dion ekarpena: “Burujabetza ulertzeko eta burujabetzaren alde egiteko dauden beste modu batzuk”. 

Iazko Errepublikaren Egunean dokumentalaren trailerra ikusteko aukera izan zuten Arangoitin. Estreinaldia azaroaren 5ean egin zuten Alternatibaren egoitzan Batzar Nazionalaren ostean, Juan ondo ezagutzen duten pertsona asko bildu zirela aprobetxatuta. Arangoitin eta Deustun ere eskaini dituzte proiekzioak. 

Juan eta bere familiak ondo hartu dute lana. Senide askok negar egin zuten ikustean, eta “zoriondu egin gintuzten”, gogoan du Mikelek. Senide gazteenek, “aitonari buruz asko ikasi eta ikuspegi ezezagunak deskubritu zituzten”. Esperientzia “polita” izan zen denentzat. 

Beste toki batzutan egindako aurkezpenetan ere ikusleak “nolabait hunkitu” dira. Mikelen ustez, Juanen historia gertuko sentitzen dutelako. “Eurak ere lanera etorriak zirelako eta langile mugimenduarekin identifikatu zirelako”. Hasierako asmoa “barrura begirako zerbait” egitea izan bazuten ere, Alternatibako lagunak konturatu dira dokumentaleko edukiak baduela lotura zuzena “jende askoren bizipenarekin”, Juanen ibilbidearekin. 

Juanen “azken abentura” Alternatiba alderdira “pasatzea” izan da. “Euskal Herriko ezkerraren batasuna egitea”. Oinarrian dagoen militantea izatea gustuko du, eta “behetik sustatzea borroka guztiak, bigarren maila batetik”. Juanen iritziz, “ezkerrak elkarlana bilatu behar du fronte zabala osatzeko. Hori da EH Bildu batek adierazten duena. Ezkerrak harik eta gehiago zabaldu behar du eskumako arerioa garaitzeko. Hori da egungo militantziarentzat Juanen irakaspenik handiena”.

Uriola