Mapa beldurgarriak

Oskar Matute - Alternatiba

Badira kartografo zaleenak ere ikusi nahi ez dituen mapak. Era guztietakoak dira; pobreziarenak kasu, lekuaren araberako desberdintasun sozialak agerian uzten dituztenak. Badira auzo, herri zein giza baldintzen araberako bizi iraupena markatzen dituztenak. Mapa debekatuak ere marrazten dira, herritarren erdiarentzat, emakumeentzat, askatasunik gabeko eremuak markatzen dituztenak. Eta inorentzat atseginak ez diren hauekin batera, Euskal Herrian baditugu beste mapa batzuk, ehunka euskal presoren zein beren hurbilekoen sufrimendua jasotzen dituztenak. Sakabanaketaren mapak; urtero milaka eta milaka kilometro egiten dituzten senide eta lagunen errepide istripuak irudikatzen dituzten mapak... Mapa lotsagarriak.

Badira, esan bezala, inork ikusi nahi ez lituzkeen mapak eta, hala ere, jende ugari dago horiek behin eta berriro berregitera kondenatua. Baina badira ere mapa miresgarriagoak, hala nola gatazkak gainditu dituzten edota gainditu bidean dauden herrietakoak, Irlandatik Kolonbiaraino, bakean oinarritutako etorkizuna eta normalizazio politikoa lortzeko bidean presoen egoera kudeatzea ezinbestekoa dela egiaztatzen dituztenak. Izan ere, aitortza, egia eta justizia ahalbidetuko dituen edozein prozesuan aurrera egiteko funtsezkoena zera da: biktima berriak sortzeari uztea. Ez baitago beste modurik aurtengo lehen sei hilabeteetan beren preso lagun edo senidea bisitatzera joan direnean istripuak izan dituzten sei pertsonez hitz egiteko, azkenengoa duela aste gutxi gertatu dela. Zigor bikoitzaren biktimak dira sakabanaketa indarrean dagoenetik, ia hiru hamarkada, errepidean hil diren 16 lagunak. Biktimak dira eritasun larriak ziegan pairatzen dituzten presoak, Ibon Iparragirre kasu, beren bahitzaileek lege propioen kontra egiten dutelako. Eta biktimak dira, errugabeenak gainera, guraso biak edo bietako bat etxetik oso urrun preso dituzten 0 eta 18 urte bitarteko 113 adingabeak, ama edo aita ikusteko 500, 800 eta 1.000 kilometroko bidaiak egitera zigortuta daudenak.

Agian, aurretik aipatutako guzti horiek mapa bakarra osatzen dute: mendekuarena. Euskal presoez ari garenean zaila baita giza eskubideen urraketa etengabea justifikatuko duen beste arrazoiren bat aurkitzea. Mendekuaren logikatik bakarrik uler daiteke, ETAk borroka armatua utzi zuenetik ia 6 urtera eta armagabetzea gauzatu zenetik hainbat hilabete igaro ostean, Espainiako Erresuma zerrenda lazgarri eta luze horretara biktima berriak gehitzearekin tematuta jarraitzea. Mina eta gorrotoa areagotuz. Geroz eta agerikoagoa da batzuk ETArekin hobeto bizi zirela, eta ez dira, inondik inora, gatazkaren ondorioak zuzenean sufritzen zituztenak. Horixe adierazten dute haien ekintzek, bidegabekeriazko sententziek eta mendeku zein zigor politikek.

Horregatik, ezinbestekoa da etorkizunean bakea zimendatzea ahalbidetuko duten eskubide zibil eta politiko guztien berresartzearen alde gauden guztiok, gustuko ez ditugun mapa horiei begiratzeko ahalegina egitea. Mapa hauek behatzeak lagunduko baikaituelako, alde batetik ulertu eta, aldi berean, beste batzuei ulertarazteko hamarkadetan emandako sufrimendu indiskrimitatu horri amaiera emateko garaia dela. Azken batean, antolatuta dagoen herri batek gaitasuna duelako gobernuek aldatu nahi ez duten gauzak aldatzera derrigortzeko.

Badira mapa beldurgarriak, arriskuz beteriko bideak eta motxila astunak; baina guztiak dira eramangarriagoak herri oso baten elkartasuna eta adorea bidelagun denean.

Bizirik eta etxean nahi ditugu.