Gure kide Ayem Oskozek EH Bilduko udal taldean Axi Jakaren lekukoa hartuko du

Axi Jakak zinegotzi kargua utziko du etapa berri bat ekinez eta, hemendik aurrera, EH Bilduri ekarpena beste era batean, militante bezala, egiten jarraituko du: "6 urteko ibilbide luzea egin ondoren, udal-gobernuan eta oposizioan, zinegotzi-lana egitetik oinarrizko militante bezala Donostiako EH Bildun lanean jarraitzera pasako naiz. Espero det nere karguari zegozkion eginbeharrak ahal bezain ondo bete izana. Eta, batez ere, eskerrak nigan konfiantza jarri edo bidelagun izan zareten guztioi, bereziki EH Bilduren udal talderari. Laster arte"

Donostiako EH Bildu osatzen dugun komunitate osoaren partetik: Axi, mila esker bihotz-bihotzetik. Eta Ayem Oskozi, berriz, ongietorri esan nahi diogu. Ongietorri udaletxeari eta zinegotzi ardurari, izan ere Donostiako EH Bilduren militantea hasieratik izan da eta, beraz, ez dugu aurkezpen gehiegirik egin behar. Denok ezagutzen duzue, udal hauteskundetarako zerrendan bederatzigarrena joan zen eta berari egokitu zaio Axi Jakaren lekukoa hartzea.

Hementxe Ayemen kurrikuluma:

1985ko otsailaren 18an jaioa, Donostian, Amara Berri eskola publikoan ikasitakoa eta Gizarte Langintzan diplomatua EHUn. Arlo profesionalean, besteak beste, lanpostu hauek bete ditu: Elkartu (Gipuzkoan gutxitasun fisikoa duten pertsonen federazio koordinatzailea), Hika Ateneo Kultur elkartea (Gasteiz), eta Mundubat. Ibilbide politikoari dagokionez, EH Bildun hasieratik parte hartzeaz gain, Zutik eta Gorripidearen militantea izan da eta egun Alternatiba-koa. ESK sindikatuko afiliatua ere bada.

Twitter: @AyemOskoz