1977ko maiatz odoltsua Errenterian

Joxe Iriarte, “Bikila” - Alternatiba

Nik jada, idatzi behar nuen ia guztia idatzia dut eta oroimenaren aldetik, urteak aurrera geroz eta lausoagoak ditudalako bizipenak, garai haietan idatzitakoak berrirakurtzen ditut noizean behin (Orereta, herri borrokalari baten historia Luis Elberdinekin batera; Borrokaren gorrian liburu autobiografikoaren atal oso bat; eta 1977ko Amnistiaren bi asteak gaitzat harturik argitaratutako zenbait iritzi artikulu egunkarietan eta aldizkarietan). Orri hauek idazteko ere bai. 

Paper horiztatuek miatzen hauxe aurkitu dut eskuz idatzita: “Maiatzaren hamahiruan Errenterian, zauri eta herio/guardia zibilaren fusiletatik odola dario!”. Hitz solte horiek hurrengo goizean (1977ko hamalauan) idatzi nituen segur aski poesia izate intentzioarekin. Ustea ustel.

Nola eta zergatik gertatu zen maiatz odoltsua? Gogoratzen dut Amnistiaren Aldeko Batzordeek Greba Orokorra prestatu behar zela eta herriko asanblada egiteko deia lau haizetara zabaldu zela. Maiatzaren 7an mila eta bostehun herritar inguru bildu ginen. Bigarrena 11n egin zen: sei mila herritar, errenteriarrak gehienak, baina baita ondoko herrietatik etorritakoak ere. Lezo, Pasaia eta Oiartzundik batez ere. Espero zen bezala, lantegietako iritzia eta herri asanbladarena bat eginik azaldu dira greba orokorraren alde.

Maiatzaren hamabia, osteguna. Oiartzualde osoan greba erabatekoa da, Lezoko Orbegozo izan ezik. Herri-asanblada inoiz baino handiagoa da. Zenbat gara? zazpi mila? Begiz jotzen dugu kopurua.

Eztabaida sutsua bezain sakona da. Amnistia nahi dugu, baina ez nolanahikoa. Preso politikoak kartzeletatik ateratzeaz gain, euskal gizartea osatzen duten gizon eta emakumeentzat askatasun osoa nahi dugu. Amnistia bere zentzu zabalean hartzen dugu: kartzelaratutako politikoen askatasuna, lan munduko errepresaliatuen lanera itzultzea, emakumeen aurkako legislazio errepresiboaren abolizioa, eta baita homosexualitateari buruzkoa ere.

Eztabaidak eztabaida, borroka da garrantzitsuena. Orbegozo lantegia, eskualdeko eskirol bakarra, geraraztera abiatu gara.

Biteri kaleko Cobreros botika eta Aurrezki Kutxa Probintzialaren arteko bidegurutzean, guardia zibilen Land-Roverrak eraso gaitu. Aurretik eraman dute pankarta eta ikurrina. Hain ustekabean harrapatu gaituzte… txiripa da ezer gertatu ez izana. Oraindik ez dakit nola saihestu dugun erasoa! Ohi genuen bezala, aurreko lerroari eutsi izan bagenion hilak eta zaurituak izango genituen.

-Akatu ez gaituztenean! –esan du lagun batek ozenki.

-Uste dut norbait atxilotu dutela -oihukatu du beste batek.

Erasoaren eraginez sakabanaturikoak elkartu garen heinean, haserreak harriduraren tokia hartu du. Kuartelillora! Kuartelillora! oihuak gero eta ozenago, gero eta maizago entzuten dira.

Eta kuartelillorantz abiatu gara. Ehunka gara. Denok bero-bero. Beroegi agian. Izan ere, ez baitugu ondo neurtu kuartelilloaren aurka joaterakoan zer gerta dakigukeen! Gure zain daude eta ez digute hurbiltzen uzten. Pilotakadaka eta kezko pote kirasgarriekin hasi dira. Guk, berriz, harrika erantzun diegu. Gerra hasi dela ematen du.

Halako batean su errealaz eginiko tiro hotsak entzun ditugu eta balak gure ondoko hormak zulatzen dituzte. Berunezko balak harrien aurka, beso hutsak fusilen aurka, metraileten hotsa oihuen aurka. Laster hasi dira balaz zaurituriko manifestariak odol putzuetan erortzen, eta kuartelilloaren inguruko etxebizitzetan balek hormetan egindako zuloak agertzen. Kuartelilloaren inguruetako gatazka amaitzen joan den heinean, jendeak nork bere etxera jo du. Indarraren erabilera hain izan da desberdina, ezen guardia zibilek azkenik herria bere egin duten.

Arratsalderako zeharo aldatu zaigu egoera. Erdialde osoa inguratu dute. Halabeharrez, goiko auzoetara jo dugu asanblada egin ahal izateko. Beraun auzora hain zuzen ere. Bostehun pertsona elkartu ahal izan gara eta egoera aztertu ondoren, auzoak, enpresak eta batzordea bateratuko dituen ezkutuko taldea osatzea erabaki dugu.

Erdialdera jaisterakoan, Rafael Gomez Jauregi, 78 urteko aitona guardia zibilen balaz erori dela eman digute aditzera. Une horretan hilerriko bakearen giroa nagusi genuen herri-erdialdean. Lau katu besterik ez zebiltzan kalean eta gu goiko aldean geunden bilduta. Zer gertatu da beraz?. Rafael eta beste bi jubilatu patxara ederrean zihoazen Zumardian barrena. Bat-batean, ordea, tximistak jo izan balu bezala, zerraldo erori omen da Rafael, Batzokiaren parean. Lagunek, zeharo asaldaturik, alde batera eta bestera begiratu dute eta, tiroa, berrehun metro aurrerago, Panier Fleuriko zubian zegoen guardia zibilen taldetik atera dela antzematen dute.

Ezkutuko koordinadorakook Agustinetako komentuaren ezkaratzean bildu gara, hurrengo egunerako zereginak prestatzera.

Maiatzaren 13an, greba orokorrak aurrera dirau. Herri osoa guardia zibilek hartu dute. Hala ere, auzoz auzo, kalez kale, piketeak ibili dira informazioa zabaltzen. Kontsigna bat zen nagusi: “hamabietan, denok herri asanbladara!” 

Euri-jasak gupidarik gabe busti ditu gure hezur-mamiak. Euriak eta zakurren gertutasunak elizara bultzatu gaituzte babes bila. Beste askotan bezala, ateak ireki ditzala eskatzen diogu erretore jaunari, baina oraingoan, sor eta gor egiten dio gure eskaerari.

Eskura dugun informazioa ezagutarazi ondoren, eztabaida saioaren hasieran, tiro danbada entzun da eta megafonoa eusten duen laguna bete-betean jo dute gomazko pilota batez. Berriro ere, traizioz, atzealdetik harrapatu gaituzte. Hala ere, antzeko zerbait espero genuen, ez baita erraza hain asanblada jendetsua errepresiotik babestea. Taldeka zein multzoka, bilduz joan da jendea eta bazter guztietan altxa dira barrikadak.

Berriro ere, ohiko sinfonia. Harrikadak alde batetik, pilotakadak eta ke poteak bestetik. Hala ere, berrikuntza gisa, zenbait tokitan suzko barrikadak piztu direla eta, pontxe bero batzuk ere jaurtiki direla txapelokerren aurka.

Handik ordu erdira agertu dira antidisturbios direlako grisen talde bereziak eta lana banatu dute. Guardia zibilak errepideetan eta inguruko auzoetan, grisak erdigunean. Metraileten hotsak arima sendoenak izutzen edo kikilarazten baditu ere, jendeak ez du amore eman. Eguratsa gero eta irentsi gaitzago bihurtu da. Suzko barrikadei, ke poteei eta baita pontxeei darien keak, negar eginarazteko gasaz nahasturik, gure eztarriak urratzen dituenez, askok eta askok uretan bustitako mukizapiaz babestu ditugu sudur eta aho zuloak. Bi ordu luze iraun du manifestarien eta poliziaren arteko borrokak, gerra zibilaren irudi lazgarria gure burura erakarriz. Azkenean manifestariek etxeko bidea hartu dute eta kaleak poliziaren esku geratu dira.

Arratsaldeko asanblean, gauza zeharo garrantzitsua galdegin da lehen aldiz: greba orokorrak aurrera egiten duen bitartean, herriaren hornikuntza nola antolatu. Egun bateko greba egun askotako bihurtzen ari baitzaigu poliziaren erantzunaren ondorioz. Greba orokorrak kalteak dakartzala ez dago zalantzarik. Kontua da, kalte hauek ahalik eta arinenak izan daitezen gure kargu hartu behar ditugula sortzen diren arazoak. Poliziari bost axola zaio herriari zer gertatzen zaion. Guri, ordea, ez. Haurrentzat eta ahulduentzat nahitaezkoak diren elikagaiak banatzeko orduak jarriko ditugu: esnea saltzeko tokiek, okindegiek, botikek eta antzekoek bide izango dute goizeko bederatzietatik hamaikak arte irekitzeko. Jakina, elikagai hauek garraiatzen dituztenek ere bideak irekiak izango dituzte.

Batzuk, ordea, ez daude honekin oso ados, greba orokorra dena geraraztea delakoan baitaude. Eztabaida iritzi honen inguruan gertatu da. Kontua da, herriak zeini egiten dion kasu. Merkatu-legeari eta agintariei, ala borroka aurrera eraman ahal izateko sortutako herri asanbladari? Asanbladaren hitza legea bada, horrek berebiziko garrantzia du, ez zenbat toki dauden itxiak edo irekiak. Eta asanbladaren helburuak, izan behar luke, eraginkortasunari eutsiz, ahalik eta kalte gutxien sortzea.

Umeak eta zaharrak, behartuak oro, gutarrak dira, haien babesa gure esku baldin badago, hori dena kontuan izan behar dugu. Beraz, greba arautu egin behar dugu, edo beste modu batera esanda, aktiboki eratu. Azken iritzia atera da garaile.

Ondoren manifestazioa egitea erabaki da eta herri erdira hurbiltzen ari ginela, berriro, eraso egin digutenekin gatazka gogorra sortu da. Hamar bat lagun zaurituta eraman dituzte Donostiako erresidentziara. Hezur kraskatuak, ubeldurak, zauriak... denetarik izan dugu.

Ilunabarrean, beste berri txar bat zabaldu da: Bazen Garaia tabernako nagusia izandakoa, Gregorio Maritxalar, balaz larriki zauritu dute bere etxeko balkoian. Iruñaldean ere, Errenterikoa omen den beste lagun bat hil dute.

Larunbata, 14. Haize txarrak ekaitza dakar. Goizgoizetik jakin dugu, Maritxalar hil dela eta Iruñean hildakoa, berriz, Jose Luis Cano izeneko gaztea dela. Garai batean Errenterian bizi izana, eta orain Donostian bizi zena. Senideak, Beraun auzoan bizi omen dira. Herriko erdialdea polizien kontrolpean dago. Beraungo bidea, ordea, barrikadaz josita dagoenez, guk kontrolatzen dugu.

Mila bat lagun inguru gara asanbladari hasiera eman diogunak. Badirudi jendea hasi dela jabetzen goiko aldera igo behar duela. Asanblada honetan aukeratzen da nortzuk eta zein agindurekin joango diren Bilbo aldean egingo den Euskadi osoko lantegi-ordezkarien bilerara. Gure iritzia, eta hara igorri dugun mezua zera da: greba asteleheneraino luzatzea.

Asanblada bukatu ondoren, Jose Luis Cano zenaren sendiaren etxebizitzaraino abiatu gara. Ordezkaritza batek sendiarekin hitz egin duen bitartean, kalean daudenek “Cano hermano, nosotros no olvidamos” oihukatu dute.

Arratsaldean, Eliza nagusia leporaino beteta dagoela, Rafael Gomez Jauregi zenari azken omenaldia egin zaio. Kaleak barrikadaz beteta daude. Ematen du urte osoko gatazkan sartuta gaudela eta jendearen aurpegietan, urduritasuna, nekea eta lo gutxi egin izanaren eragina nabaritzen da. Hala ere, ez gara, antza denez, gu bakarrik neke-neke eginda daudenak. Biteri kaleko gatazka-eremuan gaudela, Espainiako Poliziaren kapitain bat hurbildu zaigu arduradun batekin hitz egin nahi duela oihukatuz. Gure artean, kontsulta egin ondoren, ni hurbildu natzaio:

-¿Qué desea? -galdetu diot.

-Miren ustedes. Vengo a proponerles una tregua. Llevamos toda la semana de jaleo, estamos muy cansados, y pensamos que ustedes estarán igual. ¿Qué les parece, si damos por terminado lo de hoy? Y mañana Dios dirá.

-Eso no depende de nosotros. Estamos en nuestro pueblo, y tenemos todo el derecho del mundo a expresarnos pacíficamente. Aquí no hay follón hasta que llegan ustedes. Así que, si se marchan, esto vuelve a la calma –erantzun diot.

Bat-batean, gure solasaldia eten egiten da, ondorengo kaleetatik datorren istilu hotsari pilotakaden danbadaz erantzun dietenean. Kapitainak ere ezin ditu bere agindupean dauden guztiak kontrolatu.

Igandea 15. Herriaren okupazioak jarraitu egin du, baina kaleak bare daude. Askok Donostia aldera jo dugu auzoetan egiten diren asanbleetan gure egoeraren berri emateko.

Astelehena, 16. Kalean ezin da ibili, edonori eskatzen baitiote karneta. Hala ere, Beraunen elkartu gara. Ortuellan beste hildako bat izan da poliziaren balaz. Eztabaidak baino areago egoerak bultzatu du greba orokorra egitera Euskadi osoan. Baina egun horretan bukatuko da. Gurean ere bai.

•••

Balantzea egin genuenean garbi geratu zen Errenteriak larrutik ordaindu zuela egun horietako borroka: Rafael Gomez Jauregi, 78 urtekoa, tiroz hila. Gregorio Maritxalar Ayestaran, 62 urtekoa, tiroz hila. Julio Markez Sein, Alberto Bidaurre, J.M. Tolosa, J.M. Askasibar, Candido Peña eta Pakita Villar, denak balaz zaurituak. Eta beste hamabost bat lagun hausturak zituztela ospitalera eramanak. Gainera, Cano Iruñean eraila, eta Ortuellan beste lagun bat ere bai.

“Bost eguneko Greba Orokorra”, erraz esaten da hori. Izan ere, kontua ez zen soilik nola eta zenbateraino borrokatu; hiritarren beharrei ere erantzuna eman behar zitzaien. Barrikadan non jarri eta zeinek eta nola defendatu. Zein komertziori irekitzeko baimena eman; premiazko elikadura ekartzen zuten garraiolarien joan-etorriak arautu; eri eta gaixoen zaintza bermatu. Herri boterea deitzen genion horri guztiari. Horregatik, ez gaitezen geratu errepresioaren oroimen gordinarekin, edo borroka molde eredugarriarekin soil-soilik, nabarmendu dezagun une hartan zein garrantzia izan zuen halako asanbladak, Euskal Herri osoan parekorik ez zuenak. Garai hartan idatzitako txostenean idatzi genuen bezala, “ezin da bere sakontasunean ulertu, ez bada kontuan hartzen Errenteriako herriak urte luzeetan eraman duen amaierarik gabeko borrokak eragin duela kontzientzia nazionala eta soziala”