Fatuarte "Zezenketei lekua egingo zaie berriro diru publikoz ordaindutako komunikabide batean, egunkariko langileek salatuta ere"

Alternatibako kide eta EHBilduren Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek, UdalBerri-Bilbao en Común eta Goazen Bilbao udal taldeekin batera beste urte batez Periodico Bilbao egunkarian Aste Nagusian egiten diren zezenketen inguruko artikuluak argitaratzea salatu dute. Hiru taldeek salatu dute nola, diru publikoz finantzatzen den komunikabide batean, animalien kontrako tratu txarren apologia egiten den nahiz eta langile askok hori salatu ere.

EAJk eta PSEk osatutako gobernuak behin eta berriz aipatzen du zezenketek Bilboko jaietan daukaten garrantzia. Hala ere, beraiek otsailean argitaratutako txosten ekonomikoan argi geratu zen ekitaldi horrek daukan garrantzi eta oihartzun eza hirian. Txosten horrek argi utzi zuen herritarrei zezenketek ez zaizkiela interesatzen eta asko minduta sentitzen direla. Hori nahiko izan beharko litzateke horrelako artiukulurik eta kronikarik ez argitaratzeko.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziaren ustez, “azken urteetan argi geratu da herritarrek lepoa eman dietela zezenketei, zezen plazako zifrek erakutsi duten bezala. Artikuluen inguruko erabakiak egunkariaren erredakzio kontseiluan hartu beharko lirateke eta ez da izan behar aldebakarreko erabaki bat. EAJk eta PSEk horrela egin dute, erredakzio kontseiluko beste kideen iritzia kontuan izan gabe”.

Carmen Muñoz, UdalBerriko bozeramaileak, ere salatu du diru publikoz finantzatutako medio batek horrelako mezuak zabaltzea. “Alderdi batzuek zezenketak sustatzen ari diren arren, gero eta jende gutxiagok onartzen ditu gure hirian. Argi geratu da egindako inkestetan. Estatuan, esaterako, %30etik %19ra jaitsi da babesa azken hiru urteetan eta 16 eta 24 urteko gazteen %84k ez ditu onartzen zezenketak”.

Azkenik, Francisco Samir Lahdou Goazen Bilbaoko bozeramaileak ere kontra agertu da horrelako artikuluak argitaratzearekin eta EAJ eta PSEren jarrera salatu du. “Bilbon animalien kontrako tratu txarren alde egiten jarraitzen dute”.

Irakurri bilbo.ehbildu.eus-en