Alternatibak U-1aren aurkako zapalkuntzaren aurrean desobeditzera deitu du

Alternatibako bozeramaile nazional Maria del Riok “Espainiako erresumaren makineria zapaltzailearen enegarren erasoa” salatu du “urriaren 1eko galdeketaren aurka” gaurkoan, gainera, “Euskal Herriko kaleetara iritsi dena”, Gasteizko Aldabe gizarte etxean epaile baten esku CUPeko diputatu Anna Gabrielen hitzaldiaren debekua gertatu dela aipatuta, aretoa beteta eta solasaldia martxan zegoela. Del Riok bereziki “larritzat” jo du debekua Gasteizko udaltzaingoak egin izana, “Gorka Urtaran EAJko alkatearen gidaritzapeko poliziak parte hartu baitu Kataluniako herritarren eta beren legezko ordezkari politikoen adierazpen askatasuna eta erabakitzeko eskubidea urratzeko operazioan”.

Horregatik, alderdi ezkertiarretik Iñigo Urkullu lehendakariari eta euskal erakundeei eskatu diete "estatu espainiarrak Kataluniako herriaren aurkako zentsuraren eta totalitarismoaren berme ez izateko”, Gasteizen gaur bertan egin duten bezalaxe; "lege bidegabeak desobeditu ditzatela, bestela, Kataluniakoa ez ezik, euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenen kolaborazionistak bihurtuko direlako".

Egoera honen aurrean, Alternatibatik kaleak Kataluniarekiko elkartasunarekin betetzeko deia egin dio euskal gizarteari, prozesu demokratiko baten alde herritarrei hitz eman nahi diotelako, “eta aukera izango dutelako nazioartean lotsagarritzat ageri den erregimenari agur esateko; hautetsontziak eta bozka paperen jazarpena, edota bozkatzeko aukera izango den eskoletan argindarra eteteko aginduek erakusten dute frankismoaren ildotik jarraitzen duela estatua”. Hala, gogorarazi du euskal gizarteak “bihar Bilboko kaleak leporaino beteta erantzuteko aukera” izango duela Gure Esku Dago plataformak egindako deiari erantzunez Kataluniarentzat demokrazia aldarrikatzeko. Bertan Alternatibako Koordinakunde Nazionaleko ordezkaritza zabala izango da.