Alternatibak Kataluniako herriaren duintasun eta demokrazia irakaspena txalotu du

Alternatibaren ordezkaritza zabal batek aukera paregabea izan zuen Katalunian, bertatik bertara, urriaren 1eko galdeketa bizitzeko. Herritarrak zoriondu nahi ditugu, hautetsontzietan garaipen garrantzitsua lortuta, prozesua arrakastaz burutu dutelako. Baina beste edozeren gainetik, garaipen hori lortzeko guztia eman duten milaka eta milaka lagunen balioa azpimarratu nahi dugu, oztopoei, mehatxuei, debekuei eta okupazio polizialari aurre eginda lortu dutelako. Kataluniako emakumeek eta gizonek, antolakuntza, ausardia, erresistentzia eta, azken batean, duintasun eta demokrazia irakaspen handia eman digute.

Galdeketaren bezperan bidea abiatu zuten eragile sozialetako batzuekin bildu ginen, eta ikaragarria zen nolako lasaitasunez hitz egiten zuten ikustea. Irailaren 20an emandako eskubide zibilen urraketa larrien ostean ere, eman beharreko pausuen gainean zalantzarik ez zuten. Eta azkenean, garaipen bila indarra bakarrik baliatu duen Espainiako gobernuaren aurrean, Kataluniako subiranistek gehiengoa konbentzitzea lortu eta irabazi dute.

Egoera honen aurrean, estatuko ezkerrak hitz egin behar du. Rajoy, Sanchez eta Riverak osatutako bloke eskuindarraren aurrean, Espainiako ezkerrak PSOEren ispiluan begiratu beharko luke, bere diskurtsoa zertan desberdintzen den ikusteko. Bere konponbide bakarra Katalunia, Euskal Herria eta beste herrien burujabetza eskakizunen aurrean, erregimenaren zutoin bat beste batekin aldatzean datza. Eta hori ez bazen nahikoa urriaren 1a baino lehen, are gutxiago egun historiko horren ostean.

Euskal Herritik, elkartasun elkarretaratzeetan protestan aritu diren milaka lagunen papera azpimarratu beharra dugu, baita Kataluniara galdeketa normaltasunez eman zedin lanera joandakoen lana ere, suhiltzaileena barne. Kataluniak behar eta espero zuen elkartasunaren mailan ibili da Euskal Herria, Urkulluren jarrera lotsagabea konpentsatzeko nahikoa izan ote den zalantza dugun arren. Erronka, beraz, herritarrak mugitzea eta euskal prozesu baten motore bilakatzea da.

Datozen egunak berebiziko garrantzia izango dute Kataluniarentzat, horregatik dei egiten diogu euskal gizarteari kalean jarraitzeko, elkartasun keinuak oraindik ere beharrezkoak izango direlako, gaurkoan kasu, katalanek deitutako greba orokorraren harira.