Alternatibaren Koordinakunde Nazionala Mariano Rajoyk Kataluniako herriaren eta demokraziaren kontra emandako kolpearen aurrean

1. Irmotasunez salatzen dugu Mariano Rajoyren gobernuak iragarritako kolpe faxista, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarrita demokraziaren, Kataluniako erakundeen eta, batez ere, Kataluniako herritarren aurka egin dutelako.

2. Gure elkartasun osoa Kataluniako herria duin eta antolatuari, hasieratik izan delako prozesu baketsu eta demokratiko baten protagonista, iragan urriaren 1ean erreferendumarekin burutu zutena Kataluniako Errepublika sortzeko azkan urratsa eginda, estatuaren errepresioaren gainetik ere.

3. Iruditzen zaigu 78ko erregimenak eta hari eusten dion bipartidismoak pauso kualitatiboa eman duela bide zapaltzaile, antidemokratiko eta eskubide urratzaileetan Kataluniako autonomia bertan behera utzita, bere karguak kenduta eta bere burujabetza Madrilera eramanda. Funtsean, egungo parlamentuaren bosgarren indar politikoak gobernatuko du Katalunia.

4. PSOEk bere babesa eta bermea eman dio demokraziaren aurkako kolpeari, argi erakutsita harentzat Espainiako Erresumaren lurralde batasunaren ideia frankista eskubide eta askatasun demokratikoen gainetik dagoela. Horregatik, Kataluniako herriaren eta erakundeekin elkartasunean baina, batez ere, oinarrizko printzipio demokratikoak aintzat hartuta, PNVri eskatzen diogu, batetik, Madrilen PPren gobernuari ematen dion babesa bertan behera uzteko eta, bestetik, EAEko erakunde guztietan PSErekin dituen gobernu akordioak hautsi ditzala.

5. Deitoragarria deritzogu estatuko ezkerrak Kataluniako prozesu subiranistaren aurrean eta, bereziki, Rajoyren gobernuaren neurri errepresiboen aurrean erakutsitako jarrerari. Entzungor azaldu dira 78ko erregimenak izan duen erronka nagusiaren aurrean, kolokan jarri duen bakarra eta, era berean, haientzat ere estatu justuago bat eraikitzeko aukera izan dena. Aukera hori baliatzeari uko egin diote, Espainiaren batasun zatiezinarekin bat egiteko, herrien erabakitzeko eskubidearen gainetik.

6. Euskal gizarteari dei egiten diogu Kataluniako herriarekiko elkartasuna ager dezan; ez bakarrik hein handi batean bere borroka partekatzen duelako baizik eta, 155. artikuluarekin estatuak Kataluniara zabaldu nahi dituelako Euskal Herrian aspaldi entsegatu zituen jarduerak: alderdiak legez kanpo uztea, ideia politikoen jazarpena, komunikabideen zentsura edota inongo deliturik gabe jendea atxilotzea. Jokoan daudenak ez dira bakarrik katalanen eskubide eta askatasunak, baizik eta Frankismoa inongo konplexurik gabe berpiztu dutenen gobernupean gauden guztionak.

7. Euskal erakunde guztiei eskatzen diegu beren elkartasun instituzionala ager dezatela Kataluniarekin eta hango herritarrekin, besteak beste, Europari eta nazioarteko instituzioei begirako mozioak onartzeko, Kataluniako herritarren eta bere eskubide zein askatasunen alde parte har dezatela.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala

Euskal Herrian, 2017ko urriaren 21ean

La imagen puede contener: texto