'Colapso' liburuaren aurkezpenak jakinmina sortu du

Testua eta argazkiak: mondraberri.eus /2017ko azaroak 23, osteguna

40 lagun inguru batu ziren atzo arratsaldean Jaizaleko Elkartean, Alternatibak antolatutako hitzaldiaren baitan. Gonbidatua Carlos Taibo idazle galiziar libertarioa izan zen. Oraingo honetan 'Colapso: Capitalismo Terminal, Transición Ecológica, Ecofascismo' bere lanaren 3. edizioa aurkeztera gerturatu zen idazlea Arrasatera. Ez da lehenengo aldia ordea Carlos Taibo gurean dagoena, duela 18 urte Txetxeniaren inguruko hitzaldi batean parte hartzera etorri zen eta.

Joan etorri marduleko autorea dugu galiziarra, ideia libertarioen defendatzaile amorratua. 50 liburu argitaratu ditu jadanik Unibertsitateko irakaslea den pentsalari honek. 'Colapso'ren kasuan, lehen bi edizioetan liburu guztiak saldu zituen, eta hirugarren edizioa du beraz honakoak, Cataratas editorialaren eskutik.

Jakinmin handia piztu zuen aurkeztera etorri zen liburuaren gaiak. Obrak egun jasaten dugun sistemaren kolapsoa, erorketa edo deuseztapena gerta daitekeen aukera gisa planteatzen du. Diskurtso politiko eta mediatiko hegemonikoek ez dute gai honen inguruan inolako eztabaidarik plazaratzen, baina horrek ez du esan nahi aukera hori existitzen ez denik.

Tesi honetatik abiatzen da Carlos Taibo idazle libertarioaren azken lana. Kolapsoaren kontzeptua ikuspegi pedagogiko batetik aztertuz, berau sorrarazi duten kausak eta ekar ditzakeen ondorioetan jartzen da arreta. Horretaz gain, sistemaren erorketari aurre egiteko bi erantzun guztiz kontrajarri planteatzen dira: trantsizioaren aldeko mugimenduak eta ekofaxismoa. Fenomeno hau herritarren ikuspuntutik ere lantzen da.