Fatuarte: «Gero eta gehiago gara argi ikusten dugunok bi abiadurako hezkuntza sistema egonkortzen ari dela»

Azken urteotan Indize Sozioekonomiko-Kultural edo ISEC baxua duten ikasleen multzokatzea areagotzen ari da etengabe Bilboko hainbat ikastetxeetan. Aipatutakoa segregazioa areagotzen ari da hainbat eskolatan. Gaia gaurko Osoko Bilkurara eraman dugu eta bertan egoeraren diagnostikoa jasotzeaz gain, arazoari aurre egiteko neurri zehatzak eskatu ditugu. Ez da posible izan, Bilbon gertatzen ari den eskola segregazioaren auziari heltzeari uko egin diote EAJk eta PSOEk.

Alba Fatuarteren hitzak:

Gero eta gehiago gara argi ikusten dugunok bi abiadurako hezkuntza sistema egonkortzen ari dela. Izan ere, krisiak, pobreziak, desberdintasun sozial, ekonomiko eta kulturalen ondorioz gizartean ireki den arrakala, hezkuntza sisteman ere gertatzen ari da; nahiz eta eskolak, berez, funtzio berdintzailea eta orekatzailea bete behar duen.

Zoritxarrez, azkenaldian garatu diren politiken eta garai berriei egokitzeko zailtasunen ondorioz, hezkuntza klasifikatua, mailakatua, segregatua dugu, baita Bilbon ere: alde batetik zuriak eta maila sozial ekonomiko batekoak; bestetik maila ekonomiko – sozial kultural baxuagokoak. Migrazioa ere, maila ekonomikoaren arabera banatzen da.

Beraz, segregazioaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? ez gara ari soilik jatorriaren araberako segregazioaz, gure mozioan aipatu bezala, indize sozioekonomiko-kulturalaz baizik. Eta era berean, ez gara ari soilik publiko eta pribatuaren arteko segregazioaz; sare publikoaren baitan ere ematen baita, eta baita itunpekoan ere.

Eskola segregazioa beraz, erpin anitzetako gaia da eta ezin diogu soilik hezkuntzatik aurre egin; orotariko politika publikoak mahai gaineratzea eskatzen du: politika sozialak, inklusio politikak, hirigintza, enplegu politikak, eta abar luze bat. Edozein kasutan, argi dagoena da oraindik ere erronkari ez zaiola behar bezala heldu, eta ez dela lortu erantzun bateratu eta adostu bat ematea hezkuntza komunitatearekin elkarlanean. Horregatik guztiagatik aurkeztu dugu EHBildu udal taldetik proposamen hau.

EH Bildu Bilbo