«Errekaleor ahalduntzeko eta emantzipatzeko espazioa da maila guztietan, baina bereziki emakumeontzako»

Errekaleor Bizirik 2013an sortu zen eta mehatxuak mehatxu, proiektuarekin aurrera egiteko prest daude bere sustatzaileak. Auzoko nondik norakoak ikuspuntu feminista batetik kontatzeko bertoko bililagun Karla Berrojalbiz eta Irune Tobajasekin elkartu gara.

Errekaleor proiektu iraultzaile bat den heinean, feminismoak zer nolako papera bete du? Zer nolako ekintzak egiten dira lantzeko? 
 
Irune Tobajas Lozano: Hemen bizi garenak badugu kontzientzia minimo bat feminismoarekin. Hasierako urteetan oso neska gutxi bizi ziren hemen eta gure artean elkartzeko behar baten ondorioz Erreka Emeak espazioa sortu genuen. Hasieran oso giro informalean afalorduak eta afal osteko solasaldiak egiten ziren bakarrik, gure kezkak eta bestelakoak lantzeko.
 
Orokorrean, auzoan feminismoa txertatuta dagoela uste dut. Ekintza kulturaletan beti kontuan hartzen da eta lantaldeetan parekidetasun irizpidea errespetatzen da; azpiegitura taldean emakumeak egotearekin adibidez. Egia esan ,nahiko naturala izan da, eta horrela izan ez denean arreta deitu dugu eta gauzak aldatzen joan dira. Aipagarria da ere 28. blokean, adibidez, emakumeak bakarrik bizi direla. 
 
Karla Berrojalbiz Pisano: Irunek esan bezala hau ez da ohiko auzo bat. Hala eta guztiz ere, eman dira hainbat egoera Erreka Emeak taldea lanean jarri behar izatea eragin dutenak. 150 auzokide gara eta denak elkar ondo ezagutzen dugu. Beharbada horregatik hemen ez dira antzematen patriarkatuaren oinarriak hain erraz...  agian hain agerikoak ez direlako. Egoera hauen ondorioz ideia eta mekanismo asko berrikusteko beharra izan dugu. Neurriak ez dira kuantitatiboak bakarrik -ondo dago azpiegituran emakumeak egotea baina ez da nahikoa- kualitatiboak ere badira; emakume horiek nolakoak diren, zer nolako parte hartzea duten eta abar. 
 
Berrikusketa hauek azaleratu dute emakumeon artean iritzi eta jokamolde desberdinak ditugula. Adibidez, egoera sexistak eman direnean zailtasunak egon dira identifikatzeko. Nola jokatu horrelako erasoa ematen denean gure kolektiboko batekin? Auzoak berezitasun hori dauka, ez dakit positiboa edo negatiboa, arazoak sortu ez ezik aukerak ere sortzen direlako. Berezitasun horrek behartzen gaitu zenbait oinarri teoriko eta mekanismo birplanteatzera, elkarrekin bizi garelako eta identifikatzen ere zailagoa delako. Baina aldi berean lantzeko errazagoak direla ikusten dut, beste bitarteko batzuk sortzeko aukerak ditugu, salaketatik harago doazenak. Gasteizko jaietan adibidez gehiago garatu da salaketa protokoloa baina ez horrenbeste lanketa protokolo bat.
 
ITL: Saiatu ginen erroetara jotzen zuen protokolo bat egiten. Prozesu feminista bat abiaraztea helburu zuena. Denok batera gai hori lantzeko aukera izateko. Saiatu gara hainbatetan baina egia da ere hemen mila gauzetan gabiltzala. Halere, uste dut genero ikuspegi hori kontu gehienetan badugula. Espazio guztietan gaudelako emakumeak aktibo eta zerbaitek ‘txokatzen’ gaituenean berehala esaten dugu. 
 
KBP: Gogoratzen dut diagnostiko bat egiteko inkesta prestatu nahi genuela. Baina egiterakoan bitarteko barik sentitu ginen eta jasotzen genituen galderekin konturatzen ginen ez gindoazela benetan iturrietara. Horregatik uste dut aukera bat dela. Niretzat auzoa ahalduntzeko espazio bat da maila guztietan, pertsona moduan emantzipatzeko espazio bat, baina bereziki emakumeontzako. Ikasketa sistematik aparte ikasketa ez formalak ditugu hemen eta guztiz aberasgarriak: etxe bat egiten jakitea, adibidez. Niretzat kriston esperientzia izan da. Eta ez ikasketa bakarrik, nik talde berri bat sortu nahi badut, hitzordua jarri eta bihar bertan badugu espazioa eta 15 lagun hori egiteko. Beste edozein auzotan ez duzu hori, ez jenderik ez espaziorik. 
 
Errekaleor estatuko auzo okupatu burujabe handiena da, gizartearen gehiengoaren babesa jaso duena. Baina auzo bat baino gehiago ere bada. Zer eskaintzen dio proiektuak gizarteari?
 
KBP: Alde batetik, gizartea bera eraldatzeko ilusioa dugunon erakusle da Errekaleor. Bere sorburutik hori izan da proiektuaren helburu nagusiena. Errekaleor ez du irla isolatu bat izan nahi, Euskal Herrian zehar mila Errekaleor sortzea dugu helburu, kolore desberdinaz osatuta. Argi da ez dugula bizimodu perfektu baten formularik, baina uste dugu bide bat behintzat zabaltzen ari garela. 
 
Bigarren erantzun bat Gorka Urtarani helaraziko nioke. Zer dauka Errekaleorrek gizarteari eskaintzeko? PNVk ordezkatzen duen gizarte kapitalistarentzako Errekaleor onuragarria izan daiteke ere. Emantzipatu ezinean dauden gazteek, adibidez, hemen bizitzeko aukera izanda, ez dira estatuak ematen dituen apurretatik biziko; haien bidea lortuko dute. Eskaintza kulturalari dagokionez, udalak milaka euro gastatzen ditu. Guk, aldiz, doako eskaintza kulturala egiten dugu, askoz zabalagoa eta ez pribatiboa. Eta zergatik ez, turistentzako leku bat ere izan gaitezke. Hortaz, perspektiba moderno kapitalista batetik hori guztia dugu eskaintzeko. Beste gauza bat da hori gure helburua den ala ez. 
 
Oztopo eta mehatxu askorekin egin duzue topo. Asko gainditu ere. Zuen borroka Marotoren gobernuan hasi zen eta orain Urtaranekin, alderik sumatu al duzue auzoarekiko duten jarreran? 
 
ITL: Maroto gobernuan zegoenean egoera oso desberdina zen, Errekaleorren 30 pertsona besterik bizi ez zirelako. Eta Marotok axolagabetasunik gabe begiratzen zuen auzora. PPren jarrera praktikotasunean ez zen erasokorra. Diskurtsiboki bai, gogorra, okupazioaren estigmatizazioarekin eta hori dena. Baina ez zuten inolako prozesurik abiatu hau eraisteko. Gainera ez zegoen dirurik horretarako. Baina orain PNVrekin gauzak desberdinak dira, batez ere PNVk baduelako dirua. Gainera, honek geroz eta forma gehiago hartzen ari du, eta gu indartsu ikusteak molestatzen die. 
 
KBP: Auzotik egiten dugun analisi politikoa honakoa da: Urtaranek lehenengo pauso bat eman zuen ondoren emango zituenak legitimatzeko. Hau da, Aretxabaletako eskaintza egin zigun -guztiz irreala zena, auzokideak bertan bizi direlako eta guztiontzako lekurik ez dagoelako- guk zuzenean uko egiteko. Horrela beti izango dute aitzakia, elkarrizketa falta horren mamuari eusteko. Errekaleor Bizirik espazioa bera da, ez dira bakarrik etxebizitzak. Hemen sortu ditugun proiektu guztiek jarraipena izan dezaten behar da frontoia, behar da lurra, behar dira sortu ditugun azpiegitura guztiak. Halere, positiboki baloratu genuen uste genuelako izango zela negoziaketa edo behintzat elkarrizketa baten hasiera. Baina ez zen horrela izan. 
 
PNVrena hautu elektorala besterik ez da izan eta Errekaleor botoak lortzeko aukera bat dela ikusi dute. Udalean 3. indarra dira eta hortaz, eskumatik botoak lortzeko ahalegin batean egin dute biratze bat, baina ez bakarrik okupazioarekin, auzolana pilotalekuarekin, oinarrizko errentarekin... Beharbada ez du PPren bezain diskurtso arrazista eta xenofoboa egingo, baina Errekaleor bezalako ikono bat suntsitzea eskumako botoak irabaztea dela badaki, eta bide batez, herri mugimenduari kolpe izugarria ematea ere. 
 
Orduan, udalaren jarrera ezkorra ez da aldatu eta auzoa botatzeko erabakiarekin aurrera doala dirudi. Zer aukera dituzue proiektua babesteko? 
 
ITL: Beti esaten duguna, gure helburua kaleratzea galaraztea da, baina etortzekotan defendatuko gara edozein herri mugimenduk egingo lukeen bezala. Baina egiten ditugun ahaleginen gainetik, herriak du Errekaleor ez botatzeko giltza eta argindarra kentzera etorri zirenean hemen aurreko plazan gertatutakoa horren irudi da. Hortaz, argi dugu, erasoen aurrean noski defendatuko garela, baina herriak bakarrik babes dezake Errekaleor. 
 
KBP: Kaleratze bat galarazi behar dugu, baina jakin badakigu udalaren borondatea nahiko irmoa dela. Ildo horretan, eztabaida teknikoa deuseztatu nahi genuen. Hau ez da segurtasun kontua, ez eta diru kontua ere. Etxeak seguruak dira eta horretarako aurkeztu ziren arkitektoen txostenak. Hortaz, ez dago Errekaleor eraisteko arrazoi bat ere ez. Ez ekologikoa, ez segurtasunekoa, ez ekonomikoa... Milioi bat euro kostatzen du hau botatzeak. Ez dauka zentzurik, horregatik badakigu hautua politikoa dela. 
 
Eztabaida eremu politiko helduetara eraman nahi dugu behingoz. Eta jendartea termino horietan kokatu beharko da. Eztabaida oso garrantzitsua gainera, Errekaleor eraisteak ezegonkortasuna suposatuko duena Gasteizko herritarrentzako kohesio eta elkarbizitza arazo bat ekarri dezakeelako. Jendeak ere jakin dezala zertara datozen hona eta zertarako eraitsi nahi duten. 
 
Eskumako gobernu batekin, Gora Gasteiz bezalako mugimendu soziala piztu zen. Hortik ere etorriko zen Errekaleor Bizirik babestuko zuen gehiengoaren oinarria. Nola ikusten duzue Gasteiz alternatibo hori? 
 
KBP: Lehenik aipatzea niri min handia egiten didala EAJk Gora Gasteiz mugimenduaren izenean hitz egiten duenean. Gora Gasteiz oso mugimendu potentea izan zen, baina neurri batean jarri zuen Urtaran dagoen lekuan. 
 
Uste dut Gasteizen, eta Euskal Herri osoan, beti existitu izan dela alternatiben eraikuntza bat. Egia da kutsu aglutinanteagoa hartu duela azkenengo hamarkadan; agerikoa da estrategia aldaketa bat egon dela eta herri mugimendu guztiak jarri direla horra begira. Baina uste dut mugimendu iraultzailea beti egon izan dela hor. Oso adierazle ona da Martxoaren 3ko manifestazioa, hain urrunetik datorren gaia dela kontutan izanik, urterik urtera duen babesa nola igotzen den ikusteak. Eta horrek erantzuten dio estrategia aldaketa horri. Nik orain konkretuki Gasteiz okupazioarekin eta autogestioarekin ikusten dut loraldi handietako batean. Gasteizek orain beste kolore bat dauka. Baina oinarrian lanean ari garenok kolore berdina dugu.
 
ITL: Dudarik gabe Gasteizko herri mugimendua pil-pilean dago. Eta okupazioa eta gazte emantzipazio sarea topera dabil, Errekaleor bidez emantzipatzeko aukera erreala dutelako. Gaztetxea, bere gorabeherekin noski, baina beti egon da indartsu eta egun jarraitzen du. 
 
Bukatzeko, ikuspegi feminista batetik, nola begiratzen diozue proiektuaren etorkizunari?
 
KBP: Nik uste dut emakumeak ahaldunduko garela baita ere erresistentzian. Eta hor dugu erronka polit bat. Bizi izan ditugun hilabete hauetan engranajeak asko estutu behar izan ditugu. Eta datozen hilabeteetan buru belarri ibiliko gara eta horrek gure komunitateko elkarbizitzari arazo asko ekar lekioke. Hor dugu erronka. Botere harreman asko dago eta niri zaila egiten zait soilik genero ikuspegi batetik egitea analisia, horretan mila gauza sartzen direlako. 
 
Komunitate bat gara, beste komunitate txikiz osatua. Gure artean ematen dira botere harreman asko, oinarrituta daudenak bai ezagutza mailan modu natural batean ematen direlako. Egiten dugun lan kantitatearen arabera sortzen dugu botere hori. Pilo bat gauza daude horrelako desorekak dakartzatenak. Desorekak egon, egon behar dira, baina kudeatu behar. Nik behintzat hori oso ongi antzeman nuen, nire buruaren analisia egiten, ekaineko manifestazioaren antolakuntzaren aurreko asteetan azeleragailua zapalduta ibili ginenean. Bukatzean balorazioa eginda konturatzen zara zenbat gauza ditugun lantzeko. Zentzu horretan uste dut datorkiguna interesgarria izango dela. Eta berriro esango dut: erresistentzian emakumeak egongo gara. 
 
ITL: 2018an gure 5. urteurrena izango da eta horregatik Gaztetxearekin eta Hala Bedirekin batera ospatuko dugu, 30 eta 35 urte beteko dituztelako. Denak borobilak izanik, Gasteizko herri mugimendurekin bat egiteko aukera bat dela uste dugu. Gure helburua hori ere badelako. Pixkat isolatuta ibili gara hau piztu ahal izateko indar asko behar delako. Baina elkarlana sustatzeko garaia da eta urtemuga hori  momentu aproposa da.