Iñigo Goikoetxea "Jaizkibel konpainia" komikiaren egileari elkarrizketa BERRIAn

Iñigo Goikoetxea "Jaizkibel konpainia" komikiaren egile eta marrazkilariari Jon Ander De la Hoz kazetariak BERRIAn egindako elkarrizketa, Hondarribiko Alardearen eta Jaizkibel Konpainiaren historia kontatzen duena. 

Beti ibili izan da marrazkiaren jiran Iñigo Goikoetxea (Hondarribia, Gipuzkoa, 1983). Arkitektura ikasketak egin zituen, eta komikia du zaletasun. Zaletasun horretan oinarritu du alardeko Jaizkibel konpainia mistoaren historia biltzen duen komikia: «Konpainiako militantea naiz, eta lan hau gizartean eragiteko tresna da».

Komikiaren lehen zatian alardearen oinarri izan zen 1638ko setioa landu duzu. Nola dokumentatu zara duela lau mende oinarritutako zatia egiteko?

Hasteko, garai hari buruzko testuak irakurri nituen informatzeko. Xabier Kerejeta historialariarekin ere bildu nintzen, eta zinta batzuetan bera txertatu dut kontaketa egiten. Hondarribiko setiotik hasi, eta ia XX. mendera arteko historia kontatu zidan. Beraz, esan daiteke elkarrizketa bidez informatu naizela.

Jaizkibelen hogei urteko ibilbidea ere biltzen du lanak. Konpainiako kide izateak zuzeneko iturrietara iristea ahalbidetu dizu?

Kideak ezagutzen ditut, eta lanak errazten ditu horrek. Gainera, ez dute nirekin hitz egiteko beldurrik izan, nire babesa dutela badakitelako. Jende irekia da elkarrizketak emateko garaian.

Komikia egiten hasi zinenerako istorio definitu bat egituratua al zenuen?

Ez dut gidoirik erabili, esperientzia pertsonalen batuketa delako. Lau edo bost aukera nituen informazioa sartzeko; kronologikoki azaldu dut Jaizkibelen bilakaera.

Zeure kabuz hasi zinen lana egiten; zer erantzun jaso zenuen Jaizkibelekoei aurkeztu zenienean? 

Ni komikiaren munduan aritzen naiz, eta komikia tresna ona da gaia gizartean zabaltzeko. Horregatik, Jaizkibelen asanbladan proposatu zuten, eta, ados zeudenez, aurrera egitea erabaki genuen.

Fikzioak ba al du lekurik zure lanean?

Komikia kronika bat da, eta marrazkien bidez benetan gertatutakoei irudi bat egin diet, telebistako kamerarik ez zegoelako ordu hartan. Esaterako, lehen aldiz desfilatu aurretik etxeko atarian bizi izandakoen irudikapena dago komikian. Fikziotik gutxi du lanak, baina komikian badago zati bat non egileak momentu hori imajinatu egiten duen. Hala ere, betiko alardeko kide bati galdetzen badiozu, guztia fikzioa dela esango dizu. Komikia inprimatu ere egin gabe zegoenean, hala jarri zuten txio batean, fikziozko istorio polita zela.

Diozunez, gatazka ez zen 1996an hasi, 1993an baizik. Zergatik?

Hori da. Ez da asko ezagutzen, baina lehendabiziko hiru urteetan, festan parte hartzeko baimena eskatu zion emakume talde batek Hondarribiko Udalari. Oso modu naturalean egin zuten, horretarako eskubidea zutela iritzita. Hiru urte horietan, isiltasun administratiboa egin zuen udalak, eskaera hura ikusezin bilakatuz. Jendeak pentsa dezake 1996ko saialdira arte ez zela deus gertatzen, baina ez da hala.