Erdia badira, erdira daitezela

Alba Fatuarte  eta Mireia Arginzoniz - Alternatibako Mahai Feminista

Silvia Federicik esana, «emakumeen gorputza kapitalismoaren azken muga da». Kapitalak gure bizitzak kontrolatu nahi ditu, gure umetokietatik hasita, mozkinak metatzen jarraitzeko. Oso modu desberdinetan agerian gelditzen ari den patriarkatuaren erasoaldia da.

Orain dela gutxi, komunikabide guztietan trajedun gizonezko talde irribarretsu bat azaldu zen: gizon zuriak, autonomoak eta aniztasun funtzionalik gabekoak; Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek Familiaren Euskadiko Kontseiluarekin izenpetutako akordioaren berrespena jasotzen zuen albisteak, «jaiotza-tasa sustatzeko ituna» deritzona, Confebask patronalak ere bere egin duena.

Irudi honen aurrean, oraindik ez dakigu Urkullu, Olano eta besteak hazitarako animalien modura beren burua aurkezten ari ziren, edo benetan ez duten ulertzen argazki horretan oso agerian dagoen zer edo zer faltan zela. Bitxia bezain ohikoa bilakatu zaigu despotismo ilustratuaren garaiko leloa eraberritua datorkigula, «guztia herriarentzat, baina emakumerik gabe». Izan ere, bost gizon hauentzat emakumeok ez omen dugu zerikusi handirik jorratzen ari ziren gaiarekin, umeak izatearekin alegia, errealitateak kontrakoa dion arren.

Dirudienez, Euskadin «arazo» bat dago, emakumeok ume gutxi ditugulako. Baina, zergatik da arazo bat jaiotza-tasak behera egitea? Gizon hauek patronalak Gabonetan oparitu zien kalkulagailuari eragin diote, eta kontuak atera dituzte: Christine Lagardek dioen bezala, «agureak gehiegi bizi badira», eta gainera emakume nahikorik ez badago lan merkatua elikatuko dituen umeak ekartzeko prest... Nork ordainduko ditu pentsioak?

Halako batean, alarma guztiak piztu dira, eta «arazo demografikoaren» eztabaida zahar bezain faltsua pizten da. Zein da proposatzen duten konponbidea? Bost milioi euroren laguntza zuzenak, halako pizgarri politikak eraginkorrak ez direla egiaztatu den arren. Lana eta familia uztartzeko neurriak ere iragarri dituzte, hauek baliatzen dituztenen %90 emakumeak direla ezaguna den arren orokorrean, zaintzarako bideratuta. Neurriok, azken batean, erasoaldi patriarkal eta kapitalista hau indartzera datoz, lana generoaren arabera banatuz eta lan produktiboa eta ugalketari dagokiona bide desberdinetatik jorratuz.

Baina albiste txar bat dakarkigu Confebask eta PNVrentzat (ez bada erakunde bera direla, logo desberdinak izan arren): ez gara inozoak. Jakin badakigu beren benetako asmoa pentsioen sistema pribatizatzea dela. «Aurreikuspen sozialeko plan osagarriak», Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburuaren esanetan, eta herritarrei dei egin die halako plan pribatuen inguruan arreta jartzeko. Harago joan da Mariano Rajoy, banka handiaren morroi gisa jokatuta, zuzenean eskatu baitie herritarrei beren pentsioak osatzeko aurreztu dezatela. Santander edota BBVAren buruzagiek aspaldi eskatutakoari men egitea besterik ez da: legea baliatzea pentsio plan pribatuak kontratatzera behartzeko. Publikoa den ororen lapurretan jorratzeke duten azken negozioa da.

Guk argi dugu: Ez dugu onartuko pentsio sistemaren gainbeherarekin mehatxatzea jaiotza-tasa jaisten den bakoitzean. Xantaia baino ez da. Ez diegu utziko gure gorputzetara jotzea, berriro ere, kapitalari eusteko; ez dugu onartuko sistemak mozkinak metatzen jarraitzea ahalbidetuko duen lan esku merkea sortzeko inkubagailu hutsak izatea.

Indarra eta proposamenak ditugu bizitza eta pertsonen zaintza erdigunean jarriko dituen sistema baterantz aurrera egiteko. Beren benetako helburua familiak laguntzea balitz, batez ere bazterketa pairatzen dutenak gehienak bakarrik emakume baten ardurapean, haurrentzako bermatutako errenta sistema martxan jar zitekeen, edota zaintza berdintasun eta justizia irizpideetatik jorratuko dituzten neurriak ezarri. Aski da gogora ekartzea duela hilabete batzuk bukatu zen Bizkaiko erresidentzien gatazka, benetako arazoak non dauden ikusteko, eta zein gutxi egiteko prest ez dauden horiei konponbidea jartzeko.

Berriro diogu, proposamenak baditugu sistema heteropatriarkala iraultzeko, zaintza lanen morroi nahi gaituztelako, ikusezinak eta bigarren mailako herritarrak izatera kondenatuak. Isilik eta menderatuak nahi gaituzte, erditzen eta beren lan indarra ugaltzen jarraitzeko. Izateko eta gure gorputzen zein bizitzen gainean erabakitzeko gure oinarrizko eskubidearen kontrako erasoen aurrean izango gaituzte, autodefentsa feministaz jantzita, beren kontrolaren eta beldurraren diskurtsoa desegiteko prest.

Beraz, jaiotza-tasa baxua konpondu beharreko arazoa dela uste dugun aztertu aurretik, jorratu ditzagun pertsona guztien bizitza duina bermatzea ahalbidetuko dituzten alderdi guztiak. Bitartean, haur gehiago sortu nahi badituzte, eta gizartearen erdia direla, haiek erdi daitezela. Sailburu, diputatu, alkate eta patronaleko buru gizonezko guztiak jar daitezela horretara, gu ez baikara salgai dauden umetokiak, ez bost milioi euroren truke ezta saldu nahi diguten inongo jaiotza-tasa sustatzeko itunen truke.