Alternatibak Hondarribiko alardearen eta Jaizkibel konpainiaren historia jasotzen duen komikia Iruñean eta Irunen aurkeztuko du

Alternatibak “Jaizkibel konpainia” komikiaren aurkezpena egingo du asteon, martxoaren 14an eta 15ean, Iruñean eta Irunen. Liburuak Hondarribiko alardearen historia jorratzen du, jatorrizko gertaera historikoetatik abiatuta, irailaren 8an urtero gogora ekartzen direnak, eta azken hamarkadetan herriko jaiak parekidetasunean bizitzeko hainbat emakume eta gizonek abiatutako borrokarekin amaituta.

Egilea, Iñigo Goikoetxea “Galgó” marrazkilari hondarribiarra, aurkezpen ekitaldietan izango da, eta ikerketa lanaren zein sorkuntza grafikoaren berri emango du. Komikia auto-edizioaren bidez argitara eman da, besteak beste, Alternatiba bezalako eragileen laguntzarekin, Jaizkibel konpainiaren borrokarekin aspalditik agertutako konpromisoarekin bat eginda.

Iruñeko aurkezpen saioa, Kultur Alternatibak antolatua, martxoaren 14an egingo da, Katakrak aretoan (Kale Nagusia 54) 19:00etan hasita. Irungo aurkezpen saioa, esan bezala, martxoaren 15ean egingo da, Kabigorri aretoan (Peña 1) 19:30etan hasita. Ekitaldietan komikia erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Salmentarekin bildutako dirua, osorik, Jaizkibel Konpainiarentzat bideratuko da.