Boterea eta partehartzea

Ardatz honetan lehen aipaturiko boterearen eta parte hartzearen gaia hartu dugu. Egungo sistema demokratikoak bozka ematera mugatzen dute gure eskubidea, eta herritarren beste parte hartze ororako aukerak ezabatzen ditu, emakumeenak batez ere. Hori dela eta, parte hartze maila   eta horren inguruko egiturak genero ikuspuntutik berraztertu behar dira.

Era berean, norberarena politikoa delako esamolde feminista aldarrikatu nahi dugu bi arrazoi direla eta: ohiko publikoa eta pribatuaren arteko haustura markatzen duelako eta politika egunerokotasunean jartzen duelako. Egunerokotasunaren ideia honek albo batean geratu diren egitarau politikoak berreskuratzeko parada ematen du, emakumeen gaiak kasu. Honetaz gain, egunerokotasunetik egindako so hau, norberaren esperientziatik abiatzen dena, proposamen feministak herritarrari gerturatu nahiz dion elementu bat da. Ez dira gai globalak alde batera utzi behar; baizik eta asmoa da, auto-eratze prozesuei jarraiki, norberaren gertuenekotik ekin behar diogula hauek eratzeari, gure errealitatearen eta kontzientziaren jabetzetik, tokian tokikoari erreparatuz modu orokorragoan antolatu eta borroka egin ahal izateko. Tokian tokikoa eta gertuenekoa eragin gunetzat hartzea indar politiko berri honen ezaugarriei lotzen zaie.

Emakumeen parte hartzea sustatu eta zaindu behar dugu, autonomia politikoaren borrokan euren auto-eratzea bultzatuz; baina era berean emakumeek berdintasunean parte hartu ahal izan dezaten forma eta eredu berriak garatu.

Parte hartze demokraziaren irizpideen arabera herritarrek, emakumeek bereziki, geure etorkizunaren gainean erabaki ahal izatea bilatu behar dugu, eta parte hartzea ez dadila sinbolikoa izan baizik eta horretarako baliabideez eta boterearen jabetzaz horniturik egon dadila. Defendaturiko parte hartzeak beti ekarri behar ditu loturik erabaki ahalmena eta dagozkion baliabideak.

Esandakoa dela eta, tokian tokiko esparruan bultzatzen ari diren prozesuetan parte hartu beharko dugu (Berdintasun Kontseilua, Parte Hartze Kontseiluak, Aurrekontu parte hartzaileak,…) erabakiak talde mailan hartzea eta herritargoak boterea baliatzea bermatzen duten tresnak baitira. Egiturok feministok aztertu beharko ditugu emakumeen kalitatezko parte hartzea bermatzeko.

Benetan parte hartzaileak izan daitezen ondorengo gutxieneko ezaugarriak bete behar direlakoan gaude:

  • Informazioa ulergarria izan eta herritarrentzat eskura egotea.
  • Eztabaida sustatu dadila hartu beharreko erabakien inguruan, hausnarketa ezberdinekin herritar kritikoak indartzeko.
  • Parte har dezaketen pertsonei tresnak horni dakizkiela, parte hartzen ikasteko eta kalitatezko lana egiteko.
  • Emakumeen parte hartzea bermatzeko bideak egon daitezela.
  • Sexua ez ezik berdintasun-eza sortzen duten beste ezaugarriak kontuan hartzea: adina, jatorria, klase soziala,…

Geure apustu nagusia parte hartze demokrazia izanda ere, gai batzuk ordezkaritza demokrazia bitartez erabaki beharko direla uste dugu. Egungo alderdi sistemak emakumeen parte hartzea mugatzen duenez, erabaki guneetan emakumeak egotea bermatuko duten bideak ezarri behar dira.

Geure erakunde politikoak parekotasunaren alde egin behar duela uste dugu. Kremailera zerrenden (emakume/gizon txandakatzea) alde egin behar dugu. Ildo honetan, zerrendaburuen artean ere txandakatze sistemaren bat ezarri beharko litzateke, postua gizon eta emakume baten artean aldatzeko. Hautes zerrendetan gutxieneko emakume kopuru baten alde egin dugu, ez gehienezko kopuruaren alde, alderdi feministek euren zerrendak osotasunean emakumez bete ahal izateko. Parekotasuna eta proposaturiko gaiok eraikitzen ari garen erakunde berrirako ez ezik beste alderdi guztietara hedatzeko modukoak direla uste dugu. Legeak egin beharrekoak proposatu ez ezik proposamen hauek ez betetzea zigortu beharko luke.

Geure iritziz, halako neurriak legez derrigortzeak ez du berez besterik gabe emakumeen kalitatezko parte hartzea bermatzen gai publikoetan, baina baztertua eta ukatua izan zaien errealitate batera iristeko aukera errazten die.

Honetaz gain, feminista izanik, ordezkari politikoen kontu emate sistema ezarri beharko litzatekeela uste dugu. Programaren betetze maila eta emakume eta gizonen arteko berdintasun gai horien asebetetzea baloratzeko sistema ezarri behar dugu. Geure ordezkarien gaineko kontrol lana aurrera eraman beharko dugu.

Parte hartze demokraziaren alde egin badugu ere, gure eskubideen defentsari lotuak dauden gai batzuk azaldu nahi ditugu, eztabaidarik gabe geure proposamenera pasa beharko luketenak:

  • Berdintasuna eta parte hartzea subjektu politiko berriaren osaketaren funtsezko oinarri.
  • Emakumezko zein gizonezkoentzako erabateko herritartasunaren aldeko lana
  • Giza Eskubideen berrikuspena feminismoaren ikuspegitik, emakumeek hauek lortzeko duten berdintasun-eza aitortzeko honakoak proposatuz: betetzen ez direnean salatzea eta biltzen dituen eskubideak zabaltzea; sexu edo ugalketa eskubideak, kasu,  sartuta.
  • Harreman mota hauek gizarterako proposamenak zipriztintzeaz gain, geure erakundearen antolaketan gauzatu behar dira batez ere. Ezkerreko alderdien ohiko kultura politikoa eraldatu egin behar dugu zerbait berria lortzeko, emakumeen berdintasuna bermatuko duena. Erakundeko emakumezko zein gizonezko kideen arteko harremana aldatu beharrean gaude.

Ildo honetan erakunde egiturarako proposamen batzuk egin ditugu, aipaturikoa bermatuko dutelakoan. Proposamenok lau oinarrizko esparrutan daude, denak ere botere kontzeptu berri bati begira: erabaki hartzea, taldekako sortzea, informazioaren eskuragarritasuna, kultura demokratikoa.

Erabaki hartze sistemari lotua:

  • Geure iritziz parekotasuna irizpidetzat hartu behar dugu, ordezkaritza guneetan hala bermatu behar da. Ezin bada, gizonezko kopurua jaistea edo txandakatze sistemak ezartzea proposatzen da. Erakundeko beste guneetan kuota sistema ezar liteke.
  • Militantearen figura argi zehaztu eta mugatu behar da, parte hartze maila izanda irizpide.
  • Estrategikotzat jo dugu erabaki hartzea eta espazioen kudeaketa modu parte hartzailean egitea bermatuko duten metodologien ezagutza eta erabilpenean sakontzea.

Taldekako sortzeari lotua:

  • Mahai feminista (mistoa, gizonezko eta emakumezkoez osatua) izatea nahitaezkotzat jo dugu.
  • Mahai hau osagarria izango zaio beste mahai edo guneekiko zeharkako eragin feministari. Bideak eta tresnak (iragazki galderak, aldebiko bilerak,..) zehaztu beharko dira proposamen eta lan feministaren sektorializazioa saihesteko.
  • Gainontzeko mahia eta guneetan emakumeak izango direla bermatuko duten neurri zehatzak ezarri behar dira.

Informazioaren eskuragarritasunari lotua:

  • Funtzionamendu protokoloak ezartzea funtsezkoa da; hauetan bilera,  gai-zerrenda, akta,…prozedurak adieraziko dira.
  • Informazio iturri eta bideak zeintzuk izango diren zehaztu behar da.
  • Barne komunikazio gunea ezarri behar da, erakundeko informazioaren hedapenaren arduradunen esku. Arlo honetan emakumeek presentzia nagusia izan beharko lukete.

Kultura demokratikoari dagokionean:

  • Emakumeen jabekuntzarako lan-tresna eta gune moduan funtzionatuko duen Emakumeen Egitura Autonomo baten alde egiten dugu.
  • Egitura honek besteak beste ardura hauek izango lituzke: emakumezkoei bereziki zuzenduriko hezkuntza, emakumezko militanteen behar-izanei egokituriko gaitasunen garapena, erakundeko zein ordezkaritza postuetarako emakumeen laguntza…
  • Alderdien ohiko kooptazio/indukzio sistema eraldatu behar dugu, emakumeak baztertzen ez dituzten bideak aukeratuta.
  • Parekotasunak helburu eta estrategia izan behar du.
  • Erakunde berriak ardura elkarbanatuaren helburu nagusirantz egin behar du lan. Ohikoaz aldenduko den denbora tarteen kudeaketa berezia egin behar da, bilera kopuruari, euren ordu eta lekuei,…arreta jarriz.
  • Berriz ere, parte hartze metodologiak ezagutu eta erabiltzeko beharra azaldu zaigu, erakunde barruko prozesu parte hartzaileak eta lan molde berriak ezarriko baditugu.