Ekonomia eta lana

Indar politiko berriaren egitaraurako funtsezko elementuak garatu direlakoan gaude. Nahitaez hasi behar dugu emakumeek lan munduan pairatzen duten berdintasun-eza egoeraz mintzatzen; izan ere geure lan-munduratzeak prekarietate altua izan du ezaugarri nagusi, bazterketa bertikal eta horizontal handiari loturik. Emakumeak ardura, lan-sari eta igotze aukera gutxieneko eta ez-egonkortasun handieneko lan-postuetan pilatu ohi gara, ohituraz emakumezkoentzako izan diren sektoreetan (sozialari, zaintzari, zebitzuei,…lotuak eta langabezia tasa eta aldizkako kontratazio handiagoak izaten dituztenak).

Geure lan-munduratzea, beraz, gizonezkoekiko berdintasun-eza baldintzetan izan ohi da beti. Egungo egoerarekin loturik, etengabeko krisi egoeran izan garela esan liteke. Ez dugu sakonegi aztertu emakumeen lan-munduratzea ezaugarri hauen araberakoa den; baina planteatu beharrean gaude sexu-genero bazterketak azaltzen duela neurri handian fenomeno hau.

Zainketaren ekonomia ereduaren alde egin dugu, lehenbizikoz ekoizpen eta ugalketa arloak biraztertuz, ohituraz gizon langile/emakume zaintzaileari lotu izan zaizkion arlo bi. Familia ardurarik gabeko gizon langilearen ereduak ezin du lan merkatuaren erreferentzia nagusia izan; ezta zainketari mugatzen zaion emakumea ugaltze arloan ere. Honetaz gain, emakumeek egin izan duten ordaindu gabeko lan osoa kontuan hartu eta estatistika ofizialetan tokia eman behar diogu.

Elkarbanaturiko arduren alde gaude: zaindua izateko eskubidea pertsona orori dagokio eta emakumezko zein gizonezko guztien ardura, estatuak hala bermatu behar du. Zainketen hedatze orokorra nahitaezkotzat dugu, pertsona guztiek eskuragarri izan ditzaten, diru-sarrera, jatorri eta antzeko edozein faktoreren mendean egon gabe. Estatua gogor hartu behar da hau bermatzeko beharrezko baliabideak sor ditzan, batez ere bizi dugun krisi garai honetan.

Mendekotasunaren arreta zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa exijitu behar dugu, zentzu honetan hainbat talde feministak indarrean den Mendekotasun Legeari eginiko kritikekin bat gatoz, ez baita gai behar-izanei erantzuteko eta emakumeak zaintze lanetara “behartuak egotea” gainditzeko ikuspegi feminista baten gabezia nabarmena baitu bere aurre planteamenduetan.

Zainketari lotzen zaizkion pertsonei, bereziki emakumezkoak, arreta berezia jarri behar zaie; antzera jokatu behar da etxeko langile eta emakume etorkinekin.

Funtsezkoa da, gure iritziz, ikastetxeetan eredu koedukatiboak ezartzea, zeintzuetan mutil eta nesken autonomia sustatuko den zaintza eta autozaintzaren gaineko ezagutza garatzen joan daitezen, gai honek emakumezkoena soilik izateari utz diezaion.