Nazio izaera eta ezkerraren eragina honen osaketan

  • Euskal izaera berezkoa naturaltasunez hartuko duen erakunde politiko baten alde egiten dugu, baina nazio esparruak markaturiko mugetara soilik lotu gabe. Euskal izaera, noski, errealitate dinamiko eta irekitzat dugu, etengabeko eraldaketan dagoena.
  • Beharrezkoa deritzogu Euskal Herriaren nazio osotasunerako nazio alderdi egitura hartzeari, nahiz eta jakitun garen Hegoalden (EAE eta Nafarroa) zein Iparralden kontzientzia eta hedatze maila ezberdinak ditugula.
  • Munduari ateak ondo zabalik begiratuko dion erakundea nahi dugu, garenetik eta ikuspegi independente batetik gertueneko errealitateetako  -espainiar eta frantziar estatuak- erakundeekin elkarlan bideak jorratzeko gai izango dena, egitarau komunek horretarako bide ematen duten gaietan.
  • Nahi dugun erakundeak, Euskal Herritik, ezker europar baten sorreran parte hartuko luke, egungo egitura eta dinamikak gaindituko dituen ezkerra, aspaldian Bloco eta LCR (egun NPA) egiten ari diren moduan.