Biomesia

Mundu mailako ingurugiro krisiak egungo ekonomiaren eta ekologiaren bateraezintasuna adierazten du, erritmo ezberdinak baitituzte. Biologikoak mantxoak baina epe luzekoak diren bitartean ekonomikoak azkarrak baina epe laburrekoak dira. Biologikoa edo geologikoa baino azkarragoa den erritmo ekonomiko bat ezartzea etorkizuneko ingurugiro arazoak –baliabide eskasia, bioaniztasuna galtzea edo berotegi efektua- gutxiestea da egungo etekin ekonomikoen hazkundearen mesedetan, hots, natur baliabideen erabateko ustiapenaren mesedetan. Ekonomia erritmo hauek biologikoei egokitzen ez zaizkien heinean munduko ingurugiroaren hondatze bat jasaten dugu, eta aurreikusezineko ondorioak eragin dira. Ekonomia sistemak ziklikoa behar du izan eta organismo bizitzat hartu behar dugu, hau da, lehenik, materialen zikloa kutsapen eta toxikotasunik gabe itxi egin behar da; bigarrenik, printzipio biotikoekin bat etorri behar da eta tokian tokiko errealitateari egokitu; eta, azkenik, prozesuan erabilitako energiak berriztagarria behar du izan.

Beste hitzetan, giza ekonomia jasangarria izango da baldin eta natur ekonomiaren jokaerari egokitzeko gai bada, biomesi kontzeptuan biltzen den ideia. Biomesiak bere baitan ditu: eguzki energiari esker funtzionatzea, nahitaezkoa den energia kopurua erabiltzea, forma eta funtzioa egokitzea, birziklatzea, kooperazioa saritzea, aniztasunaren sustatzea, barrutik gehiegikeriak biguntzea, mugen indarra erabiltzea, testuingurutik ikastea eta etorkizuneko belaunaldiak zaintzea.

Ekologia ekonomiaren oinarriak praktika politikora egokitzeak helburu asko burutzea dakar:

  • Ekoizpen bide eta kontsumo jasangarriak sortzea ekosistema industrialak moduko hainbat tresnaren bitartez. Horrela, industrialdeek eta teknologia parkeek energia eta input materialak aurrezteko sinergiak bilatu beharko lituzkete eta sorturiko hondakinak gutxienekora murriztea.
  • Zerga erreforma ekologikoa (kontaminazioa eta materialen ustiapena bezalako ekoizpen sistemaren alderdi kaltegarriak fiskalki zamatu, sorturiko lana bezalako alderdi onuragarriak zamatu ordez).  Ildo honetan, indarrean den zerga sistemaren erabateko eraldaketa aldarrikatu behar dugu; batetik, zerga ez-zuzenak gutxitzea zerga zuzenak areagotzeko, bestetik, natur baliabideen kontsumoa zamatzea lanaren ordez.
  • Lurraren artifizialtze prozesuak mugatzea. Euskal Herrian geratzen den lur emankor eskasaren artifizialtzearen gaineko moratoria ezartzea ezinbestekoa da.
  • Energia berriztagarrien sustapena. Energia fosilen kontsumoa berriztagarriekin ordezkatu behar dugu. Lehenik, zentral nuklear guztiak itxi behar dira.
  • Mugikortasun jasangarriaren bultzada. Baliabide publikoak batez ere euskal herritarren mugikortasuna bermatzera eskaini behar dira. Honen arabera garraiobide kolektiboen eta sozialki berdinzaleak diren horien alde inbertitu beharko da. Planteatu dituzten moduan eta garatzen ari diren baldintzekin, AHT, Supersur eta Pasaiako superportua moduko azpiegitura proiektu erraldoiak geratu egin behar dira. AHTk lurraldean eragin txikia izango duen tren sozialari toki utzi behar dio. Euskal Herriko errepide bitarteko trafiko azpiegitura erraldoiei moratoria ezarri behar zaie. Baliabide publikoek pertsona guztiei irisgarritasuna bermatu behar diete, eskualde arteko mugimenduei lehentasuna emanda.
  • Nekazaritza ekologikoa babestea (ikus elikadura subiranotasun ardatza).
  • Bioaniztasuna mantentzea. Esparru honetan lehentasunezkoa da lurraren kontsumoa murriztea eta ekosistema autoktonoak berreskuratzea.