Hertzea

Diskurtso politiko ekonomiko gehienen –eskubiko zein ezkerreko- baitan antzematen den mugarik gabeko hazkunde etengabearen ideia errealitate agorgarri batekin kontraesanean dago, planetaren muga biofisikoekin. Horregatik hertzearen aldeko benetako aldarriak –ondasunen ekoizpen eta kontsumoari dagokionean- benetako ideologia iraultza suposatzen du.

Hertzeak ez du esan nahi herritar gehiengoaren bizi baldintzen okertzea, baizik eta baliabideen birbanatzeari loturiko hobekuntza nabariak, sektore berriak sortzea, ingurugiroa mantentzea, etorkizuneko belaunaldien ongizatea, osasuna, lan baldintzak eta hazkunde orekatuari loturiko aurrerapenak. Kontuan izan behar da, hertze hau ez bada nahita eta ondo prestatua suertatzen, ezinbestean egin beharko da egungo zentzugabekeria ekonomiko eta soziala dela eta:

  • Geure mendebaldeko gizarte aberatsaren testuingurutik ezin dugu ikusi hertzea egungo ongizate maila murrizte moduan, baizik eta ongizatea aberasteko tresna bezala. Hori bai, ongizate izenarekin ez dugu kontzeptu kuantitatiboa izan behar, ez dugu adierazi nahi baliabide materialen pilaketa etengaberik; baizik eta  aisialdirako denbora, elkartasuna, giza harremanak, altruismoa, berdintasuna, justizia eta izpiritualtasuna nagusi diren kontzeptu kualitatiboa dugu buruan.
  • Hertzea, sistemaren jasangarritasun-eza iraunarazten duten jardueren murrizte/baztertzean datza: industria militarra, nuklearra, autogintza, nekazaritza industriala,… Lanpostu hauek beste aldeetara bidera litezke, beharrizan sozial eta anbientalak asebetetzera edo lanaldi murriztearen bitartez eginiko lan banaketa hobeetara. Era berean, jasangarritasunerantz lagungarriak diren industriak sustatu behar dira: energia berriztagarriak, taldekako garraioak, nekazaritza ekologikoa, hezkuntza eta kultura, ,…
  • Ongizatea, baliabideen ustiaketa eta hondakinak sortzean arteko balizko harreman puskatzera eraman behar gaitu hertzeak, aztarna ekologikoa murriztera.
  • Hertzeak produkzio, administrazio eta garraio azpiegiturak murriztea dakar loturik.
  • Hertzeak tokian tokikoari lehentasuna eman nahi dio globalaren aurrean.