Pentsioak

Azken urteotan pentsio sistemaren saihesezinezko hondamendiaren inguruko matraka jaso dugu, lan bizitza 65 urtetik harago luzatuz bakarrik ekidin ahal izango omen dena. Kapitalak egin duen moduan, langileen interesen aldetik ere balizko hondo jotze honi alternatiba eskaini behar zaio. Honetarako eztabaida egungo lan-sari sistemara eta enpresek kotizazioak igotzeko beharrera ekarri behar dugu, hala lan-ezako epeei (lan ezintasun epeak, ezintasun iraunkorra, jubilazioa, ama edo aitatasuna,…) aurre egin ahal izateko.

Jubilazio saria azken 15 urteetako errentaren arabera egiten da egun. Zabaltzeak ala laburtzeak (hots, urte kopuruarekin jokatzeak) ez dio erretiratuari aparteko onurarik ekarriko, izan ere lan prekarietatea goraka ari da eta azken urteetako egoera (direla 5, 15 edo 20) lehenetako bezain eskasa izan daiteke. Euren kokapen kronologikoa alde batera utzita, kontuan hartzeko epea lan bizitzako urte onenek osa dezaten aldarrikatzean dago gakoa.

Gaur egun KPIren (IPC gazteleraz) arabera burutzen dira pentsioen birikuskatzeak, eta honen joera adostutako hainbat hitzarmenena baino beheragokoa da. Jubilatze baldintzak onak izanda ere, faktore honek adin altuenen kaltetan doan desberdintasun sozial etengabeko bati ematen dio bide, pentsioak soldatetatik urruntzen doaz eta. Hau dela eta, soldaten batez bestekoaren araberako pentsio birikuskatzea eskatu behar dugu.

Urte batzuetatik hona pentsio fondo pribatuak sustatzeko politika eta ekintzak jarri dira abian, (izaera “herritarreko” “aurrezte kulturaren” sustapenaren bitartez) pentsio sistema publikoaren alternatiba gisan eskainita. Sistema honen aurre kapitalizazio sistema publikoak lehenetsi behar dira. Langileriarentzat, pentsioen izaera publikoaren aldeko borrokak garrantzia estrategikoa du:

  • Dudarik gabe sistema pribatuak baino integratzaileagoa da, gizarte ongizate handiagoa ekartzen du; irizpide birbanatzaileak baimentzen baititu, hala nola, gutxieneko pentsioak bermatzea, zaintze jarduera epeak kotizaturiko epetzat hartzea, emakumeen bizi-itxaropen luzeagoaren erruz pentsioa ez murriztea,…
  • Jarduera espekulatzaileen zerbitzura dauden diru-poltsa kopurua murrizten da, egu pairatzen ditugun desorekak urrituta eta pentsio fondoetan inbertitzen duten langileen (zeintzuek fondoen produktibitate altua nahi duten) eta fondo horien inbertsioa jaso duten enpresen langileen (zeintzuek produktibitate izenean lan baldintzetan presioa jasango duten) arteko interes kontraesana saihestuz.

Kotizazio eta pentsioetan gehieneko puntuak egoteak neurri berdinzalea dirudi lehen begiraldian, baina praktikan errenta altuak pentsio fondo pribatuetara bideratzen ditu. Beraz, kotizazio topeen igotzea jubilazioaren alternatiba pribatua urritzeko neurria izan daiteke.

Arreta berezia zor zaio lan taldearen gaztetze politiken ondorioz jubilaziora iritsi gabe lan merkatutik egotzitako pertsonen egoerari. Honek irizpide mugatzaileengatik pentsioak murrizten ditu, eta jubilazio adina luzatuz gero fenomeno hau areagotu egingo litzateke. Enpresa txiki eta ertainetan lan egiten dutenentzat jubilaziorako tartea 52 urtetik gorakoen lan gabezia diru-sariak betetzen du, oso kopuru urrikoa eta etorkizuneko jubilazioa baldintzatuko duten kotizazio baxuei lotua (enpresa handien kasuan kargu osagarriei eta kotizazioen hobekuntzari lotuak izan ohi dira). Hau eragozteko, hasierako aldarrikapena izan daiteke diru kalterik gabeko 60 urtetan jubilatzea, osasunerako arriskutsuagoak diren lan postuetarako baxuagoa eskatuta. Ez dugu baina, erretiro aurreratuen amua irentsi behar, zeinari atxiki ohi diren osasun edo neke arazodun langile ugari. Gainera, 52 urte gorakoen sariaren ordez lan gabezia prestazio arrunta ezarri behar da, erretirora artekoa, enpresen poltsikoko kotizazioak mantenduta.

Nagusien belaunaldien alarguntasun pentsioak emakumezkoek bizitzaren birsortzean izan duten rol historikoaren onarpenaren baitan aztertu behar dira, ondorioz, euren ezkonkideen pentsioa zor zaie.